hasierako ebaluazioa (balioestea) lehen...

25
HASIERAKO EBALUAZIOA 1 ______________________________________________________________________ ______ IKASLE ETORKINEN HASIERAKO EBALUAZIOA (BALIOESTEA) 1 LEHEN HEZKUNTZAN AURKIBIDEA SARRERA NOR EBALUATZEN DUGU?: IKASLEAREN EGOERA ZERGATIK ETA ZERTARAKO EBALUATU?: HASIERAKO EBALUAZIOAREN ASMOA ZER EBALUATU? OINARRIZKO INFORMAZIOA, OINARRIZKO KONPENTENTZIAK NOLA EBALUATU? EBALUATZEKO TRESNAK ELKARRIZKETAK IKASLEAREN BEHAKETA FROGAK: HIZKUNTZA ETA MATEMATIKA EBALUATZEKO NORK EBALUATZEN DU? HASIERAKO EBALUAZIOA ETA GERO ZER? 1 “Harrera Plana egiteko orientabideak” liburuan hasierako balioesteari buruz, eta ez hasierako ebaluazioari buruz, hitz egiten da. Dokumentu honetan biak erabiliko dut. Ima Ortega Abad 2005-06 ikasturtea Harrera plana egiteko orientabideak liburuan hasierako balioesteari buruz atal bat dago, gehiegi garatu gabe. Ikastetxeetan atal honi garrantzi handia ematen ari zaionez, zerbait gehiago esateko beharra ikusi da. Dokumentu honek hasierako ebaluazioaren atalean sakondu nahi du galdera hauei erantzunez: zer ebaluatu, zertarako eta nola ebaluatu; nor ebaluatu eta nork egin behar duen ebaluazioa. Horretarako hainbat froga, beste komunitateetan eta herrialde batzuetan idatzitako arauak, ebaluazio-diseinuak etab. aztertu ditut. Era berean, egokia iruditu zait nire iritzia azaltzea planteatzen diren zenbait ebaluazio-ereduri buruz. Izan ere, aztertutako batzuk ez zaizkit oso egokiak iruditu; ebaluatzeko ardatza baita arlo akademikoa, eta ez ia dute kontuan hartzen haurraren eskolarizazioan garrantzi handia duten beste esparru

Upload: others

Post on 07-Feb-2020

1 views

Category:

Documents


0 download

TRANSCRIPT

HASIERAKO EBALUAZIOA (BALIOESTEA) LEHEN HEZKUNTZAN

HASIERAKO EBALUAZIOA

1

____________________________________________________________________________

IKASLE ETORKINEN HASIERAKO EBALUAZIOA (BALIOESTEA) LEHEN HEZKUNTZAN

AURKIBIDEA

SARRERA

NOR EBALUATZEN DUGU?: IKASLEAREN EGOERA

ZERGATIK ETA ZERTARAKO EBALUATU?: HASIERAKO EBALUAZIOAREN ASMOA

ZER EBALUATU? OINARRIZKO INFORMAZIOA, OINARRIZKO KONPENTENTZIAK

NOLA EBALUATU? EBALUATZEKO TRESNAK

ELKARRIZKETAK

IKASLEAREN BEHAKETAFROGAK: HIZKUNTZA ETA MATEMATIKA EBALUATZEKO

NORK EBALUATZEN DU?

HASIERAKO EBALUAZIOA ETA GERO ZER?

BIBLIOGRAFIA ETA BALIABIDEAK

Ikasle etorkinak Euskal Erkidegoko ikastetxe askotan ari dira eskolatzen gaur egun. Azken ikasturtetako eboluzioa nahiko adierazgarria da matrikula datuei erreparatzen badiegu. Askotan gertatzen den moduan, ikasle etorkinak matrikulatu dituzten lehen ikastetxeei tokatu zaie baliabiderik gabe lanean hastea, ondo jakin gabe nondik hasi lanean, zer egin beste hizkuntza batean hitz egiten duen ikasle bat heltzen denean. Izan ere, egoera hori berri-berria izaten ari da ikastetxe guztientzat.

Pixkanaka-pixkanaka, halere, ikasten ari gara eta ikastetxe askok badute jadanik ondo antolatua ikasle etorkinen hasierako momentuetarako protokolo guztia: harrera ikastetxean eta gelan, harreraz arduratzen diren irakasleen arduren banaketa, hasierako balioestea etab.

Harrera Planaren barruan hasierako balioestea edo hasierako ebaluazioa jardueretako bat da. Ikastetxeetan garrantzi handia ematen diogu atal honi, han jasotzen dugun informazioa baita gure oinarria ikaslearen norbanako plana prestatzeko. Behar bezalako interbentzio-programa diseinatzeko ikaslea bera hartu behar dugu abiapuntutzat. Horretarako atal desberdinei erreparatzen diegu: ikasle heldu berriaren eskolatzea nola izan den, zer ikasi duen, zein hizkuntzatan, hau da, ikasleak berarekin dakarrena eta dakiena.

Batzuetan, halere, helburu hori nahasten dugu eta ikasleak dakiena ebaluatu baino ikasleak jakin beharko lukeena ebaluatzen dugu. Durangoko Berritzeguneko hasiera ebaluazioari buruzko txostenean ondo azaltzen dute: “Gure helburua ez da ikasleek “zer jakin behar lukeen” baloratzea, edo bere adineko umeek zer dakiten, edo bere mailari zeintzuk eduki minimo dagozkion... benetan zer dakien eta eskolarra zer dakarren baizik. Irakaskuntzako profesionalen artean oso hedatuta dago zer ez daukaten eta zer ez dakiten kontuan hartzea (ez dakite euskaraz, ez dakite gaztelaniaz, ez dakite hau egiten...). Ikasle txinatar edo errumaniar batek ez du gaitasunik bat ere garatu gure ikastetxera heldu baino lehen? Ezin digute ezer aportatu? Ezer ez dakite? Hutsetik abiatzen dira? Hutsetik abiatzen gara gu?”.

Bestalde, Erkidego batzuetan ebaluazio sakona eta luzea egitea proposatzen da informaziorik gehiena lortzeko: gurasoei galdera pila bat egitea; eta haurrak froga luze bat egin behar izatea bera bakarrik irakasle batekin. Lehen Hezkuntzan horren beharrezkoa da? Askotan, azterketa horietan ebaluatzen dena ez da ondoren erabiltzen norbanako plana egiteko. Zeren hori baita hasierako balioestearen helburua, harrera plana egiteko orientabideetan zehazten duen moduan. Informazioa jaso behar da, dudarik ez; baina ondo aukeratu behar dugu zein informazio eskatu, zein informazio-mota da garrantzitsua gure helburua betetzeko.

Nire ustez, horrelako ebaluazio-ereduek ez dute kontuan hartzen pertsona heldu berrien egoera: familia bat gure hezkuntza-sistema, gure kultura eta ohiturak ondo ezagutzen ez dituenak; ikasle heldu berri bat, giro ezagun batetik ezezagun batera pasatu dena....

Ez dugu ahaztu behar hasierako momentu horietan familiari osoari harrera egiten diogula eta gurasoen eta ikaslearen konfiantza lortzea informazioa eskuratzea bezain garrantzitsua dela. Familiak hartzen duen hasierako inpresio hori garrantzitsua da, eta ondorengo harremana baldintza dezakete, beraz, asko zaindu behar dugu.

NOR EBALUATZEN DUGU: IKASLEA

Ikaslearen egoera hasierako egunetan oso zaila da: dena da berria berarentzat, kultur berri batean murgilduta dago; guk hain barneratuta ditugun ohiturak agian ulertezinak egiten zaizkio ikasleari. Eguneroko edozein jarduera arrunta erronka bihurtzen da kultura berri batean: tokiak bilatzea, tresna arruntak erabiltzea, pertsonekin harremanak izatea; izan ere, ohitura kulturalak oso desberdinak izan daitezke: irakasleekiko tratua, hurbiltasuna...

Haurrak, bere familia-esparrutik ateratzen den momentutik, gauza berriak ikasi behar ditu, batez ere lehenengo asteetan. Eskolan ere, eskolako “modu” eta arau berriak ikasten ari da. Nahiz eta eskola guztiek ezaugarri komunak izan, eguneroko jarduerek modu desberdinak dituzte. Pentsa ditzagun eguneroko jarduera arruntak: eskolara sarrera, gelara joan, hainbat jarduera egiteko beste gela batera joan, patiora irten, eguraldi txarra egiten badu, beste toki batera joan, komuna erabili, guztion artean konpartitzen ditugun materialak erabili... Erraza izan daiteke hau ulertzea gure burua kokatzen badugu, adibidez, Txinako eskola batean.

Haur berriak besteek egiten dutenari behatu eta egiten duten horretara egokitu behar da. Horrek estresa sor dezake . Horrelako egoerak ez dira egokienak norberak dakiena azaltzeko.

Lola Calzadak eta Merche Murillok “La evaluación psicopedagógica” liburuan ondo laburbiltzen dute zein den ikasle heldu berri baten egoera. Nire ustez, kontuan hartzekoa da hasierako balioestea egiten dugunean:

Ikaslea ingurune jakin batetik dator (sorterriko ingurunea). Haurrak ingurune horretan gaitasun batzuk garatu ditu, inguru horretako balore sozial, ekonomiko, heziketa eta kulturaletan oinarrituta, han bizi izaten ahalbideratu diotenak.

Ikaslea inguru berri batera etorri da (harrerako ingurunea).

Inguru berri horrek balore kultural eta sozial batzuk ditu, haurrarentzako ezezagunak, inguru hori ulertzeko beharrezkoa dituen gaitasunak garatu gabe baitu.

Ikaslea migratze-prozesuan dago.

Prozesu horrek haurraren harremanak eta erantzunak baldintzatzen ditu. Bere jatorrizko kulturaren eta kultura berriaren arteko interferentziak bizitzen ari da etengabe.

Era berean, gogoan izan behar dugu ikasleak bi lan izango dituela: alde batetik interpretatu behar du guk eskatzen dioguna, ulertu behar baitu zer egin behar duen, eta beste aldetik, egin duen interpretazioan oinarrituta, dakiena azaldu behar du.

Hau guztia aurretik jakitea garrantzitsua da batzuetan ikasleari buruzko pertzepzio okerra har dezakegulako. Ikasle guztiekin askotan hori gertatzen bazaigu, are gehiago gerta dakiguke gure kultura interpretatzea kostatzen zaion ikaslearekin. Beraz, hasierako ”emaitza” horiek behin behinekoak izan behar dira, eta nahiz eta hasieran erabaki batzuk hartu, horiek noizbehinka birpasatu beharko ditugu ea egokiak izan diren edo aldatu behar ditugun errebisatzeko.

ZERGATIK ETA ZERTARAKO EBALUATU: HASIERAKO EBALUAZIOAREN ASMOA

Hasierako ebaluazioa ez da gehienetan egiten ikaslea maila batean edo bestean kokatzeko, ez du normalean baldintzatzen erabaki hori. Euskal Erkidegoan ikaslea kokatzeko erabiltzen ari garen irizpidea adina da, nahiz eta kasu batzuetan ikaslea aurreko mailan kokatu, batez ere etapen amaieran. Adibidez, 6.mailara heltzen diren ikasleen kasuan, adinari dagokion baino aurreko mailan kokatzen ditugu batzuetan, horrela lehen hezkuntzan ikasturte bat gehiago egoteko aukera izaten dute. Honetan adostasuna dago, izan ere, errazagoa dirudi ikasleen integrazioak lehen hezkuntzan bigarren hezkuntzan baino.

Ikaslea maila jakin batean kokatuta dagoenean, maila horri dagozkion ikasketak egin behar ditu. Ikasketa horiek hizkuntza berri batean edo berri batzuetan, eta eskola-sistema berrian egin behar dituenez, gure hezkuntza-sistemara egokitu behar da eta hemengo hizkuntzak ikasi behar ditu. Hasierako ebaluazioarekin honako helburuak bete nahi ditugu:

Ikasle berriaren hezkuntza-premiak antzeman gure hezkuntza sistemara egokitzeko.

Hezkuntza-premia horietan oinarrituta, norbanako plana egin, hots, lan plangintza antolatu bere gelako kideak “harrapatzeko”.

Hezkuntza-premiak antzemateko haurrari buruz informazioa jaso behar dugu. Arestian aipatu den moduan, eskuratu behar dugun informazio beharrezko hori baliagarria izan behar da norbanako plana egiteko, ikaslearekin eramango den programa zehazteko. Ikastetxe bakoitzean aztertu behar dugu zein den informazio garrantzitsu hori. Lan hori egiten badugu lagungarria izango da gure praktika hobetzeko eta eragina izan dezake ez soilik ikasle heldu ikasle berriengan, baizik eta ikastetxeko ikasle guztiengan. Azken batean, horretaz hitz egiten dugunean lehentasunak markatzen ditugu; oinarrizko edukiak aukeratzen ditugu eta.

Beraz, galdera hauei erantzun behar diegu:

Zer interesatzen zaigu jakitea ikasleak dakienari buruz?, Zein da informazio beharrezkoa hori? Zer ebaluatuko dugu?

Zer egingo dugu informazio hori lortzeko?

ZER EBALUATU? OINARRIZKO INFORMAZIOA, OINARRIZKO KONPETENTZIAK

“Si la evaluación nos ha de servir para tomar decisiones respecto al proceso de enseñanza-aprendizaje, tomaremos como referencia los aprendizajes curriculares más significativos en el primer momento de la escolarización, los que desarrollan las capacidades básicas o imprescindibles para aprendizajes posteriores y los que facilitan la inclusión y participación en los diferentes contextos de relación”

Aipamenean ondo zehazten da zein informazio mota jaso: ikaslearen oinarrizko konpetentziak, bi esparrutan bereizturik:

A.- Ikaskuntza kurrikular esanguratsuenak, hurrengo ikaskuntzetarako beharrezkoak direnak. Lotura zuzena du aurreko eskolatzearekin, hain zuzen ere arlo instrumentalekin. Horien barruan aukeratu behar ditugu ikaskuntzak garatzen laguntzen duten gaitasunak, alegia, hizkuntza –ahozkoa eta idatzia-, eta matematikazko oinarrizko edukiak.

B.- Inklusioa eta parte-hartzea errazten duten ikaskuntzak, hau da, haurraren garapen sozio-afektiboa: autonomia, pertsona-arteko harremanak eta gizarteratzea.

Bi esparru horiei buruzko informazioa eskuratzeko azpian aipatzen diren gaiak tratatu beharko ditugu:

A.- ARLO AKADEMIKOA

B.- ARLO SOZIO-AFEKTIBOA

Aurreko eskolatzea:

eskolatua ala ez

eskolatze mota (jarraitua/ez jarraitua)

egindako ikasketak (zenbat urte eskolatua)

eskolako hizkuntza: zein

eskolarekiko jarrera

Hizkuntza-idatzia ama hizkuntzan

Idazketa eta irakurketari buruzko ezagupenak

Matematika

Oinarrizko edukiak

Haurraren jatorrizko ingurua

herrialdea, ingurunea (nekazal, hiritar)

familia, ama-hizkuntza

Migrazio prozesuaren ezaugarriak. Familiaren egoera harrera-gizartean.

Autonomia

Pertsona arteko harremanak

Gizarteratzea

Beste atal batean esparru hauei buruzko adierazleak idatzita dituzue

Esparru hauei buruzko informazioa lortu ondoren, erabaki batzuk hartzen ditugu ikaslearen irakaskuntza-ikaskuntza prozesuari buruzkoak:

Arlo akademikoari buruzko informazioak oinarria emango digu ikasleak zer landu behar duen, landu behar duen hori nola eta zein laguntzaren bidez egingo duen zehazteko.

Arlo sozio-afektiboari buruzko informazioa kontuan hartuta ikaslearen egokitzapena eta sozializazioa bideratuko ditugu.

Biek garrantzi handia dute eta bi atalak norbanako planean markatzea komeni da.

NOLA EBALUATU/ EBALUATZEKO TRESNAK

Hiru tresna erabiltzen ari gara ikaslearen hasierako balioestea egiteko: elkarrizketa gurasoekin, behaketak eta frogak. Lehen Hezkuntzaren kasuan, gurasoekin elkarrizketa tresnarik inportanteena da, batez ere Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako beheko mailetan. Bigarren eta hirugarren zikloan, gurasoekin elkarrizketa egiteaz gain, froga batzuk egin ohi ditugu, arlo akademikoari buruzko informazioa jasotzeko.

Halere, arestian aipatu hiru tresna horiek kontuan hartzea komeni da, ikaslearen egoeraren “argazkia” emango digutelako.

1.- Elkarrizketa gurasoekin/Hasierako elkarrizketa:

Gurasoekin elkarrizketa hasierako balioestearen tresnarik garrantzitsuena izan daitekeenez, asko zaindu behar dugu eta behar den denbora eskainiko diogu, lasaitasunez hartzen. Nahiz eta oso planifikatuta izan, elkarrizketa ez-formalaren itxura izatea garrantzitsua izan daiteke, gurasoen konfiantza eskuratzeko. Elkarrizketa arrakastatsu batek informazio oso baliagarria eman diezaguke. Tamalez, gaur egun, hainbat eskoletan ez dago baldintzarik elkarrizketa hauek ondo egiteko, hizkuntza oztopoa denean, batez ere. Itzultzailea izatea lehen kontaktu honetan behar-beharrezkoa da.

Gurasoei ondo azaldu behar zaie elkarrizketaren helburua dela ahal den informazio gehiena jasotzea haien seme-alabaren eskolatzea ona izan dadin. Oso garrantzitsua da ondo azaltzea zein den informazio jasotzearen helburua, alde batetik, ahal den informaziorik errealena izateko, batzuetan haurrak dakiena handitzen baitute, eta beste aldetik gaizkiulertuak sor daitezkeelako.

Elkarrizketa honetan saiatuko gara ikaslearen egoerari buruzko informazioa lortzen:

A.- Nongoa den, zein den ama-hizkuntza, norekin bizi den, anai-arrebarik duen..., hau da, ikastetxeetan ohikoa den oinarrizko informazioa familiari buruz:

B.-Haurra immigrazio prozesua nola bizitzen ari den: Informazio horrek lagunduko digu ikaslearen egoera ulertzen. Pertsona guztientzako zaila bada norberaren herrialdea uztea, are gehiago izan daiteke ume batentzako, nekez uler baititzake gurasoaren/gurasoen immigrazioaren arrazoiak. Haur txikiei, bereziki, oso gogorra egiten zaie (elkarketa familiarrak ematen direnean egoera zailak ikusten ari gara: herrialdean gelditu nahi eta hona etorri behar izatea; hainbat urteren ondoren harreman gutxi izan duten gurasoekin elkartzea...).

C.- Aurreko eskolatzea nola izan den: ikaslea eskolara joan den ala ez, eskolatze jarraitua izan duen edo etenak izan dituen. Modu honetan jakin dezakegu ea haurrak “eskola-kultura” bereganatu duen. Haur batzuk agian ez dira eskolara joan, batez ere beheko mailetara heltzen direnean, eta ez dakite nola jokatu eskola batean.

Hona hemen orientabide gisa, gurasoei egiteko galderak:

2.- Ikaslearen behaketa:

Haurraren arlo-sozioafektiboak aztertzea arlo akademikoa aztertzea bezain garrantzitsua da, horrek baldintzatzen baitu edozein pertsonaren jarrera bai eskolarako zein bizitzarako. Arlo hori aztertzeko tresnarik behinena behaketa da, batez ere haurra sentitzen duena adierazteko gai ez bada. Lehen hilabetetan arreta berezia jarri beharko dugu eskolako haurraren arlo sozio-afektiboa behatzeko. Irakasleak egoera zehatz batzuk eta toki batzuk aukera ditzake behaketa horiek egiteko: gelan, eta gelatik kanpo, batez ere, haurrak berak harreman sozialak egin behar dituen espazioetan: jolasaldietan, jantokian, heziketa fisikoko jardueretan... Espazio eta egoera bakoitzak esango digu zer aztertu:

Gelan: lanaren aurrean duen jarrera, autonomia lana egiteko orduan, talde-laneko jardueretan nola hurbiltzen den besteengana...

Jolastokian: sozializazio-arloko aspektuak, haurra nola moldatzen den harremanetan: ea gelako lagunekin egoten den, bere herrialdeko haurrekin elkartzeko joera dagoen, bera baino txikiagoak edo nagusiagoak diren ikasleekin elkartzeko joera duen; zeintzuk diren bere gustuko jolasak, zaletasunak, portaera...

Behaketa horiek ez dira lehen momentura soilik mugatu behar. Batzuetan, ikasleak oso gustura egoten dira lehen egunetan, babestuta sentitzen dira, “liluratuta” daude egoera berriarekin; baina denbora bat pasa ondoren, normaltasuna nagusitzen hasten denean, “babes” hori desagertu egiten da eta txarto pasatu ohi dute: herrimina, zailtasunak, kezkak hasten dira. Prozesu hori nahiko normala da, baina erne egon behar dugu behar bezalako laguntza eskaintzeko.

Bestalde, behaketa arlo akademikoa eta eskola-kultura aztertzeko tresna eraginkorra izan daiteke: ikaslea zer moduz moldatzen den gelako lanetan, nola erabiltzen duen materiala (arkatza, koadernoak...), lanak egiteko orduan ordenatua den, liburutegian nola moldatzen den, gelako errutinak nola jarraitzen dituen... hau da eskolako jarduera akademikoetan nola moldatzen den...

Bukatzeko, ikasleak aurreko eskoletan erabilitako materialak azter ditzakegu. Hori lortzea zaila izaten da, baina lortzeko aukera badago interesgarria da. Izan ere, irakasleok ondo dakigu ikaslearen koaderno batek oso informazio erabilgarria ematen duela.

Beraz, hona hemen labur esanda, behaketa egiteko adierazle batzuk:

AUTONOMIA/SOZIALIZAZIOA

ESKOLA-KULTURA

Autonomoa da.

Behar duenean laguntza eskatzen du.

Bere sentimenduak adierazten ditu.

Ikaskideekin harremanak hasten ditu.

Eskolako lanetan besteekin ondo moldatzen da

Gelako ez diren egoeretan (patioan, jantokian) moldatzen da.

Ulertarazten saiatzen da.

Ikastetxea ezagutzen du eta arazorik gabe ibiltzen da ikastetxean zehar.

Eskolako ohiturak jarraitzen ditu.

Eskolako materialak erabiltzen daki.

Eskolako lanetan moldatzen hasten da.

Eskolako lanetan arreta jartzen du.

Premiak ikaskideei eta irakasleei adierazten dizkie.

Irakasleen egitekoetara moldatzen da.

Eskolako jardueretan interesa adierazten du.

3.- Frogak:

Ikastetxe askok hasierarako ebaluaziorako frogak prestatu dituzte, ikastetxean lantzen dituzten oinarrizko edukiak kontuan hartuta. Froga horiek egiteko, ohiko materialak hartu eta horien egokitzapena egin dute ikasle heldu berri batek hobeto uler dezan. Hemengo hizkuntzak ez dakiten ikasleen kasuan, argi dago froga horiek ezingo dituztela burutu, hizkuntza bada horiek ulertzeko euskarria. Baina, horien egokitzapenak egin ahal ditugu honako estrategiak erabiliz:

* Irudi bidezko laguntza eman, edo manipulatzeko materialak eskaini: buruketa bat marrazkien bidez adierazita, gauzak kontatzeko, forma geometrikoak lantzeko erabiltzen ditugun materialak ...

* Ikasleak egin behar duenaren eredua eman: Irakasleak berak aurretik egin dezake ondoren eskatuko duenat, edo bestela egin behar duenaren eredu bat eman diezaioke: eskatzen badiogu marrazki bat egiteko, beste ikasle batzuk egindakoak erakutsi...

* Eskatzen zaion atazaren helburua aldatu eta erabili ikaslea ataza edo ariketa mota horrekin ohituta dagoen ala ez ikusteko.

* Frogak ikasleen ama-hizkuntzan eskaini, ahal bada.

* Hemengo eskola-kulturaren kutsua saihestu: alde batetik, ariketa horietan kulturalak diren edukiak saihestu, eta beste aldetik, ariketa mota ondo aukeratu, mota batzuetako ariketak ez dakizkitelako egiten. Adibidez, gure artean oso erabilia den ariketa bat: bi zutabetan informazio bat jarri eta bata bestearekin lotu behar izatea (hitza eta marrazkia,adibidez),: Ariketa mota hori kanpoko ikasle batzuk ez dute inoiz egin, ez dakite zer eskatzen zaien.

* Itzultzaile baten laguntza izan.

Arlo akademikoan hizkuntza, ahozkoa zein idatzizkoa –irakurketa eta idazketa- eta matematika ebaluatzen dira gehienbat. Ikus ditzagun banan-banan.

HIZKUNTZA: AHOZKOA/ IDATZIZKOAREN EBALUAZIO-FROGAK

Ahozko hizkuntzaren ebaluazioa:

Askotan aipatzen da ahozko hizkuntza ebaluatu behar dela. Euskal Herrira datozen ikasle etorkinak hemen hasiko dira euskara ikasten, bai eskolan, eta kasu batzuetan kalean. Guztientzako hizkuntza berria izango da; beraz, nola erantzungo diete ulertzen ez dituzten galderei? Ba al du zentzurik hori ebaluatzea?

Gaztelaniaren kasuan, gaztelania ama-hizkuntza duten ikasleekin ez dut uste ebaluazioa egin behar denik. Ikasle “autoktono” heldu berriei egiten al diegu? Gehienek adinari dagokion hizkuntzaren ezagupena izango dute. Lehen Hezkuntzako hasierako mailetan eskatzen den konpetentzia-maila ez da oso altua eta ume guztiak gai dira elkarrizketa bat mantentzeko. Halere, hainbat esparru ebaluatu nahi badira kontuan hartu beharko dugu gure hitz egiteko modua:agian tonua eta hainbat hitz arrotzak izango zaizkio haurrari.

Idatzizko hizkuntzaren ebaluazioa

Hizkuntza idatzia eskolan ikasten da, beraz, haurraren aurreko eskolatzeak garrantzi handia du. Gurasoek ematen diguten informazioaz gain, irakurketa eta idazketa duen garrantzia ikusita, hainbat eduki ebaluatu behar ditugu. Ama-hizkuntzan alfabetizazio-prozesua nola izan den jakiteak informazio oso beharrezkoa da: “Tener información sobre la alfabetización en lengua materna es crucial, porque es un indicador muy importante de éxito escolar”

Lehen Hezkuntzan bi atal hauei erreparatu behar diegu:

A:- Hizkuntza-idatziari buruzko ezagupenak

Multzo honetan honako edukiak daude: hizkuntza idatziak esanahia duela jakitea, ahozko hizkuntza idatz daitekeela jakitea, soinuaren eta letren arteko elkarrekikotasuna ezagutzea... Gure gizartean hizkuntza idatziari buruzko eduki hauek haur hezkuntzan eta kasu askotan, familian lantzen dira. Gaur egun gure ikasle askok eskolara heldu orduko asko dakite hizkuntza idatziari buruz. Ikasle etorkin batzuek, berriz, ez dute aukera handirik izan txikitatik hizkuntza idatziarekin harremana izateko ez familian ezta eskolan ere. Badakigu herrialde batzuetako eskolek baliabide gutxi dituztela. Gerta daiteke ikasle batzuk ipuin-liburuak erabili ez izana, ez jakitea ahoz esaten duguna idatz daitekeela, edo liburutegi bat zer den ez jakitea. Horri buruz informazioa jasotzea oso inportantea da eta eduki horiek landu beharko ditugu, haurrak aurretik aukera izan ez badu. Gainera, kasu horretan ikasleak berea ez den beste hizkuntza batean ikasi beharko duenez irakurtzen eta idazten, eduki horiek arretaz lantzea oso garrantzitsua da hizkuntza idatziaren funtzioa ulertzeko.

B.- Alfabetizazio-maila ama hizkuntzan.

Alde batetik, aztertuko dugu ikasleak nolako erraztasuna duen testu idatziaren aurrean: ohituta dagoen irakurtzen eta idazten, hizkuntza idatzirako interesa duen ala ez: liburu bat gustura hartzen duen, berehala uzten duen...; eta bestetik, alfabetizazio-mailan zein fasetan dagoen: kodea ikasteko prozesuan edo ikasia.

Hainbat erkidegotan prestatutako frogak aztertu ditut eta horietako batzuetan ikusi dut ziklo bakoitzeko hizkuntza arloko edukiak ebaluatzen dituztela, curriculuma oinarri hartuta; baina ez dituzte ebaluatzen ikaslearen ikaskuntza-prozesuan garrantzia handia izango duten prozedurazko edukiak. Esate baterako ortografiari buruzko ariketak daude, irakurketa-abiadura neurtzeko frogak, baina ez dago ezer antzemateko ikaslearen estrategiak testua ulertzeko: ea marrazkian gelditzen den, ea izenburuei erreparatzen dien. Adierazle hori, hots, ulermenerako estrategiak, oinarrizkoa da ikasketak hizkuntza berri batean egin behar duten ikasleen kasuan.

HIZKUNTZA IDATZIA EBALUATZEKO ADIERAZLEAK ZIKLOKA

1. zikloa

2.zikloa

3.zikloa

Hizkuntza idatziari buruzko ezagupenak

Idatzitakoak esanahia duela jakitea.

Ahozko hizkuntzaren eta idatzizkoaren arteko harremana ezagutzea.

Hizkuntza idatziaren tresnak erabiltzea: liburuak, egunkariak, aldizkariak, txartelak...

Liburuaren antolaketa ezagutzea: portada, titulua, testua, irudia. Hasiera, bukaera.

Letrak eta beste forma grafiko batzuk (zenbakiak, ikurrak) bereiztea.

Letrak, hitzak, esaldiak bereiztea.

Arkatza, idazteko tresnak ondo hartzea.

ALFABETIZAZIOA

Gure idazkera sistema

Idazketaren norabidea: ezker-eskuin, goitik behera.

Alfabetoa jakitea: letren izenak

Letra-soinua asoziazioa.

Puntuazio ikurrak

Letra motak : maiuskulak, minuskulak

Ulermena eta idazmena

Ohizko testuak ulertu: ipuina, oharra, azalpena...

Ohizko testuen funtzioa zein den jakitea.

Ahoz goran ondo irakurtzea.

Idazteko ohitura izan: ondo eserita, eta idazteko erraztasuna izatea

Idazteko konbentzioak erabiltzea: oinarrizko ortografia, puntuazioa.

Estrategiak

Zailtasunak dituenean galdetzea.

Testuak eskaintzen dituen irudietaz baliatzea ulertzeko.

Testuaren azpiatalak, tituluak... aztertzea.

Irakurketa-prozesua kontrolatzea: atzera egin berriro irakurtzeko.

Liburutegian ondo moldatzea.

1.zikloan: Irakurketa-idazketaren irakaskuntza egiten da ziklo honetan. Haurra ziklo honetan kokatuta badago, irakurtzen eta idazten ikasten hasiko da edo hasteko prozesuan egon daiteke. Haur Hezkuntzan, gaur egun, hizkuntza idatziari buruzko edukiak lantzen ditugu, goiko koadroan lehen multzoan agertzen direnak –hizkuntza idatziari buruzko ezagupenak-. Ikastetxean haur hezkuntzako irakasleekin hitz egin daiteke eduki horiek zeintzuk diren zehazteko. Multzo honek oinarrizkoa da ondorengo ikaskuntza-prozesuan, horregatik inportantea da horiek ebaluatzea.

ZER EGIN:

A.- Eskatu ikasleari marrazki bat egiteko. Ikaslearen ulermena errazteko beste ikasle batzuen marrazkiak erakutsi ahal dizkiegu, edo gu, bere aurrean marrazkia bat egiten hasi. Haurra marrazkia egiten duen bitartean behatuko dugu: nola hartzen duen arkatza, zer moduz moldatzen den paperean, espazioa nola banatzen duen, ea marrazkian “hitzen” bat jartzen duen ala ez, izena jartzen duen... Marrazkiak berak ere pistak emango dizkigu ikaslearen garapenaz.

B.- Eman ikasleari ipuin bat ikusteko: Ondo egon daiteke ikaslearen ama-hizkuntzan ipuin batzuk izatea, baina hori lortzerik ez badago, irudi asko duen ipuin bat emango diogu ikasleari. Aztertuko dugu nola hartzen duen ipuina, portadari arreta ematen dion, hasiera eta bukaera bereizten dituen (lehenengo orritik hasten duen), nola pasatzen dituen orrialdeak, arreta jartzen duen testu idatzian, ea hori bereizten duen, denbora bat ematen duen edo laster aspertzen den...

2./ 3.zikloan: Goian aipatu ditugun edukiez gain, bi esparru ebaluatu behar ditugu:

a.- Alfabetizazio-maila: nolako erraztasuna duen testu idatziaren aurrean: ohituta dagoen irakurtzen eta idazten, horretarako behatuko dugu:

Irakurtzen ari denean: paperaren aurrera gehiegi hurbiltzen den ala distantzia egokia mantentzen duen, atzamarrez seinalatzen dituen hitzak, irakurtzen ari denean ahoskatzen duen...

Idazten ari denean: Nola egiten dion aurre lanari, nabaritzen den idazteko ohitura duen ala ez, nola hartzen duen arkatza, paperetik distantzia, bere adineko kideekin konparatuta azkar edo motel idazten duen. Lana amaituta, lanak berak nahiko informazioa izan dezake: aurkezpena, letra mota, paperaren banaketa...

b.- Alfabeto latinoari buruzko ezagupenak, ikasleak beste idazkera sistema batean ikasi badu irakurtzen eta idazten:

Idazkeraren noranzkoa, alfabetoa ezagutzen duen ebaluatuko dugu atal honetan; hitzak, letrak eta esaldiak bereizten dituen, puntuazio ikurrak ezagutzen dituen...

ZER EGIN

1. ziklorako proposatzen duguna bigarren zikloan ere egin daiteke. 3. zikloan marrazki bat egin ordez ikasleari eskatu ahal diogu testu motz bat idazteko, gutun bat adibidez.

Honez gain, badira Katalunian prestatu dituzten froga batzuk, hainbat hizkuntzetan eskaintzen direnak: Horien bidez, ikasleek ama- hizkuntzan nola irakurtzen eta idazten duten azter daiteke. Erabilgarriak dira, nik uste, nahiz eta jarraibideak katalanez egon. Froga horietan ikasleari alfabetoa irakurtzeko eskatzen zaie, testu motza dute irakurtzeko eta ondoren testuaren zati bat kopiatu behar dute.

MATEMATIKA

Ziklo bakoitzari dagozkion edukiak ebaluatuko ditugu froga horietan. Gure curriculumean lau eduki-multzo bereizten dira: zenbakiak eta eragiketak, neurriak, geometria eta espazioan kokatzea; eta informazioaren trataera. Multzo bakoitzeko oinarrizko edukiak aukeratu beharko ditugu, ahaztu gabe, hainbat eduki ez direla lantzen beste herrialde batzuetan; adibidez informazioaren trataerari buruzkoak.

ADIERAZLEAK

ARITMETIKA

Zenbakiak irakurri, idatzi eta ordenatzen ditu.

Ikur matematikoak identifikatzen ditu.

Eragiketa matematikoak egiten ditu.

Buruketak egiten ditu.

NEURRIA

Neurri-unitate ohikoenak ezagutzen ditu:

Luzera

Edukiera

Masa

Denbora

Neurketak egiteko tresnak erabiltzen ditu.

Gure txanpon-sistema ezagutzen du.

GEOMETRIA

Oinarrizko forma geometrikoak ezagutzen ditu.

INFORMAZIOAREN TRATAERA

Taula edo grafikoen datuak interpretatzen ditu.

Goian aipatu dugun orrialdean matematika ebaluatzeko frogak topa ditzakezue aipatu diren hizkuntza horietan. Ondo egon daiteke horiek erabiltzea, horrela ikasleek ondo ulertuko dute zer eskatzen zaien.

Froga horietan aritmetika, neurria (denbora) eta geometria ebaluatzen da.

Beste multzo batzuk ebaluatu nahi izanez gero, geometria eta informazioaren trataera, irudi bidezko laguntza edo manipulatzeko materialak erabili ditzakegu.

NORK EBALUATZEN DU?

Informazio-mota edo tresnak baldintzatzen du nork hartzen duen hasierako ebaluazioaren ardura. Izan ere, elkarrizketa zuzendaritza-taldeko kide bat egiten du, frogen ardura ikastetxeko aholkulariak edo/ta HIPI-ak hartzen dute. Ondo dago beti pertsona berberak izatea, horrela, gero eta hobeto egoki daitezke ebaluatzeko tresnak ikaslearen eta familien benetako errealitatera.

Halere, irakasle guztiek ikastetxean egiten den aurre-ebaluazioari buruz informazioa izan behar dute, bai edukiari buruz- ebaluatzen denari buruz-, zein ebaluatzeko tresnei buruz.

Hortik aparte, ikastetxe osoan ikasle berri bat heldu dela jakitea garrantzitsua da, ez soilik ikasle horren irakasleentzako baizik eta ikastetxean lan egiten duten langile guztientzako. Jolastokian zaintzak egiten ditugunean arreta jartzea, sarrera eta irteeretan.... Batzuetan, gelatik kanpoko gertaerek informazio inportantea ematen digute.

HASIERAKO BALIOSTEA ETA GERO ZER?

Behin hasierako ebaluazioa amaituta, lan-plangintza, norbanako plana egiten dugu. Hori izan behar da tresnarik garrantzitsuena bai lan egiteko zein ebaluazioa egiteko. Dokumentuan aipatu den moduan, noizbehinka errebisatu beharko dugu ikaslearen beharretara ahal den hoberen egokitzeko.

Oso garrantzitsua iruditzen zait hasierako ebaluazioan jaso dugun dokumentazio guztia eta norbanako plana karpeta batean ondo biltzea, eta toki jakin batean gorde. Ikaslearekin lan egin behar duten irakasleek informazio hori eskura izan behar dute. Karpeta horri ikasturtean zehar ebaluazio-txostenak, planaren aldaketak, ikasleak egindako hainbat lan gehitu ahal dizkiogu. Hau da, hor bildu dezakegu ikaslearen ikas-irakaskuntza prozesua erakusten duen guztia. Izan ere, informazio hori oso erabilgarria izango da hurrengo ikasturteetan izango dituzten irakasleentzat, ikastetxe berean egon al ala ez egon (batzuetan informazio gehiago ematen dizkigute ikasleek egindako hainbat lan gurasoentzako idatzitako txostenak baino). Gerta daiteke ikasleek ikastetxez aldatzea. Zoritxarrez, familia horiek askotan etxez, lanaz aldatu behar dute eta ondorioz, eskolaz aldatzen dira. Behin gure sisteman sartuta, beste ikastetxe batera doazenek ez lukete berriro ere hasierako ebaluazio hori pasatu beharko. Beste ikasleekin egiten dena egin beharko genuke, hau da, ikastetxeak txostena idatzi eta ikastetxe berrira bidaltzea. Gauza bera egin daiteke beste komunitatetatik etorritako haurrekin. Kasu honetan zuzenena da ikastetxearekin harremanetan jartzea eta handik informazio eskuratzea.

Bildu dugun informazio osoa bidalita, haurrak ez du prozesu osoa berriz hasi beharko, bazik eta jarraituko du aurreko ikastetxean hasitako lana. Gainera, ikastetxe berriko irakasleei lana erraztuko diegu eta dudarik ez, eskertuko dute informazio hori.

Amaitzeko, ebaluazio orokorrari buruz aipamen bat egitea beharrezkoa iruditzen zait. Normalean, norbanako plana da ikaslearen ebaluazioa gidatzen duena. Hainbat kasutan gertatzen ari da hiruhileko txostenetan ikaslearen ebaluazioa norbanako plana hartuta egiten dela, baina ikasturte bukaeran gelako beste ikasleek landu dutena kontuan hartzen da “nota” jartzeko. Zoritxarrez, gure sisteman amaierako ebaluazioa da gehien kontatzen duena. Nola egiten dezakegu ikasleek landu egin ez dutenaren ebaluazioa? Ez dago kontraesan handirik ikaslea hiruhileko txostenetan emaitza onak izan eta kurtso amaieran “hobetu beharra” izatea? Horrela, ez gara ikasle horiengan desanimua eta frustrazio sentimenduak sortzen ari? Mari Jose Eguskizak aipatzen du: “Sería absurdo fijarnos exclusivamente en el logro de objetivos generales que “debe” supuestamente cumplir el alumnado perteneciente a este nivel educativo o a este grupo de edad cuando los alumnos/as a los que nos referimos tienen una lengua familiar ajena a las de la escuela, su experiencia anterior es escasa y llevan poco tiempo en el centro. Nuestros criterios de evaluación deberán ajustarse estrictamente a los objetivos previstos para este alumnado y no a los del “alumno medio” de este ciclo”.

Gaur egun (2005eko azaroan) ez dago arauturik ikasle etorkinen ebaluazio ofiziala nola egin behar den. Ikastetxe askotan eztabaidak sortu dira, eta arautegia ez dagoen bitartean, irizpide desberdinak ematen ari dira. Garrantzitsua iruditzen zait gai hau irakasleen edo zuzendaritza mintegien taldeetan eztabaidatzea, besterik ezean, denon artean irizpideak adosteko.

Ikasle etorkinei eskolak gure gizartean integraziorako bidea zabaltzen die. Hasierako momentuetatik ikasle hauen eskolatzea zaintzen badugu, etorkizun hurbilean asko aurreratu dugula ikusiko dugu.

BIBLIOGRAFIA AIPAGARRIA:

OINARRIZKO DOKUMENTU TEORIKOAK

COELHO, E (1998). "Empezando en una escuela multicultural" en "Enseñanza y aprendizaje en escuelas multiculturales" Multilingual Matters. Toronto. Itzulpena: Mari Jose Eguskiza

http://www.elkarrekin.org/elk/IEHA/harrera/aurkezpena_eus.htm

DURANGOKO BERRITZEGUNEA ( 2003-04 ikasturtea) Hasierako ebaluazioa. (Cda) Durangoko mintegian, hainbat irakaslek Berritzeguneko aholkulariekin batera prestatutako txostena hasierako ebaluazioari buruz.

EGUSKIZA, Mari Jose (2004): La evaluacion en educación infantil y primaria Ebaluazioari buruzko txosten motza eta argia da. Ikasle etorkinen ebaluazioari buru hainbat irizpide ematen ditu.

http://www.elkarrekin.org/elk/IEHA/harrera/aurkezpena_eus.htm

EUSKO JAURLARITZA (2004) Ikasle etorkinentzat harrera-plana egiteko orientabideak

http://www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net/r43-5473/eu/contenidos/informacion/dif8/eu_2083/adjuntos/Euskera.pdf

SANCHEZ-CANO, M; BONALS, J (coord) La evaluación psicopedagógica Graó Barcelona 2005. Liburu honetako 9.kapitulua ikasle etorkinen ebaluazioari eskaintzen zaio:

Calzada, L; Murillo, M “La evaluación psicopedagógica del alumnado extranjero de nueva incorporación al sistema educativo”. Nahiz eta izenburuan ebaluazio psikopedagogikoa aipatu, hasierako balioestea zertan oinarritu behar den, eta zer ebaluatu behar den oso ondo azaltzen du, informazio ordenatua eta argia eskainiz.

BALIABIDEAK: HASIERAKO EBALUAZIOA EGITEKO FROGAK

KATALUNIAKO GOBERNUA: Espai LIC (Lengua y cohesión social)

http://www.xtec.es/lic/nouvingut/professorat/prof_aval_instruments.htm

Dokumentuan aipatu frogak horiek: oso erabilgarriak izan daitezke erabiltzeko edo ikastetxe bakoitzak eredu gisa erabiltzeko. Irakasleentzako orientabideak irakurtzea komeni da. Katalanez daude baina ondo ulertzen dira.

EGUSKIZA, M J. Prueba para Educación Primaria

http://www.elkarrekin.org/elk/IEHA/dokumentuak/Materiales_Eval_Inicial_MJ.doc

Ikastetxeetan erabiltzeko froga baten eredua eskaintzen du. Ikaslearen hasierako ebaluazioko adaptazioa, sozializazioa, hizkuntza eta matematika lantzen ditu.

La Galera argitaletxeak ipuin elebidun batzuk argitaratu ditu: gaztelania-arabiera / gaztelania-txinera. Hizkuntza horietan alfabetizatu diren ikasleekin erabili daitezke hasierako ebaluazioa egiteko (ez horretarako soilik, jakina); ikasleari liburua eskaini eta ondoren marrazki bat egiteko eskatu. Hona hemen izenburuak:

Gaztelania/arabiera

Molins, Anna, El filósofo y el pescador. La anciana y los mosquitos

Molins, Anna, Yoha y el hombre de la ciudad/ El chico y los animales

Molins, Anna, El maestro/ El rico y el pobre

Molins, Anna, Las dos mujeres y el cadí/ Yoha y su asno.

Gaztelania/txinera

Molins, Anna, Cuando más lo quería esconder, más a la vista estaba/Los dos miopes.

Molins, Anna, El pájaro y el mar/La opinión de los demás

Molins, Anna, Una historia sobre el agua/El gigantón cabelludo.

AURREKO ESKOLATZEA

1.-Eskolara joan da? Zenbat urte egon da eskolan? Etenik izan al du?

2.-Zein hizkuntzetan egin ditu ikasketak?

3.- Eskolara gustura joaten zen? Zer da gehien gustatzen zitzaiona ikastetxean?

4.- Ikasteko orduan zailtasunen bat izan al du?

5.- Badaki irakurtzen eta idazten? Irakurtzen eta idazten ikasten hasi da?

OINARRIZKO INFORMAZIOA

Haurraren jatorriari buruz:

1.- Nongoa da? (herrialdea/ ingurugiroa)

2- Zein da haurraren ama-hizkuntza?

3.-Bere herrialdean norekin bizi zen?

Haurraren egoerari buruz harrera gizartean:

4.- Non bizi da? Norekin?

(familiaren egoera)

5.- Zenbat denbora darama haurrak hemen?

6.- Nola bizitzen ari da egoera berria?

7.- Zeintzuk dira familiaren espektatibak?

Harrera plana egiteko orientabideak liburuan hasierako balioesteari buruz atal bat dago, gehiegi garatu gabe. Ikastetxeetan atal honi garrantzi handia ematen ari zaionez, zerbait gehiago esateko beharra ikusi da. Dokumentu honek hasierako ebaluazioaren atalean sakondu nahi du galdera hauei erantzunez: zer ebaluatu, zertarako eta nola ebaluatu; nor ebaluatu eta nork egin behar duen ebaluazioa. Horretarako hainbat froga, beste komunitateetan eta herrialde batzuetan idatzitako arauak, ebaluazio-diseinuak etab. aztertu ditut.

Era berean, egokia iruditu zait nire iritzia azaltzea planteatzen diren zenbait ebaluazio-ereduri buruz. Izan ere, aztertutako batzuk ez zaizkit oso egokiak iruditu; ebaluatzeko ardatza baita arlo akademikoa, eta ez ia dute kontuan hartzen haurraren eskolarizazioan garrantzi handia duten beste esparru batzuk.

Esaterik ez dago dokumentu honetan aipatzen den guztia orientatzeko dela eta irakasleei laguntzeko dela. Dokumentu hau ikastetxeetan eztabaida piztu eta ondoren irakasleon artean zerbait adosteko baliagarria bada, ebaluazio-hizkuntza erabilita, helburu hori gaindituta izango dudala uste dut.

� “Harrera Plana egiteko orientabideak” liburuan hasierako balioesteari buruz, eta ez hasierako ebaluazioari buruz, hitz egiten da. Dokumentu honetan biak erabiliko dut.

� Calzada, L; Murillo, M “La evaluación psicopedagógica del alumnado extranjero de nueva incorporacón al sistema educativo”. Sanchez-Cano, M; Bonals, J (coord) La evaluación psicopedagógica Graó Barcelona 2005

� Aurreko oharrean aipatu liburua

� Askotan elkarrizketa horietan familiari eskolari buruz informazio orokorra ematen zaie. Atal honetan hasierako balioesteari buruzko informazioa aipatuko dut soilik.

� Ikus “Ikasle Etorkinen Egokitze-Prozesua” EUSKO JAURLARITZA (2004) Ikasle etorkinentzat harrera-plana egiteko orientabideak 49,50 orrialdeak

� Freeman, S; Freeman, D; Mercuri, S (2002) “Older Struggling English Learners” Heinemman

� Bibliografian ipuin elebidun batzuen berri ematen da: gaztelania-arabiarra, gaztelania-txinera.

�� HYPERLINK "http://www.xtec.es/lic/nouvingut/professorat/prof_aval_instruments.htm" ��http://www.xtec.es/lic/nouvingut/professorat/prof_aval_instruments.htm�. Frogak hizkuntza hauetan topa daitezke: Ingelesa, arabiera, bulgariera, frantsesa, poloniera, portugesa, romaní, errusiera, tagalo, ukraniera, urdu, txinera, wolofera.

� EGUSKIZA, Mari Jose (2004): La evaluacion en educación infantil y primaria � HYPERLINK "http://www.elkarrekin.org/elk/IEHA/harrera/aurkezpena_eus.htm" ��http://www.elkarrekin.org/elk/IEHA/harrera/aurkezpena_eus.htm�

� Bibliografian ez dut aipatzen erabili dudana dokumentua egiteko, baizik eta erabilgarria iruditu zaizkidan txostenak.

PAGE

Ima Ortega Abad

2005-06 ikasturtea