herrietan zer?

4

Click here to load reader

Upload: gaztemartxa-jarraipena

Post on 09-Mar-2016

217 views

Category:

Documents


2 download

DESCRIPTION

Ekin dezagun batera! Bota hordagoa sistemari! ekimenaren harira herrietan aplikatzeko gidatxoa.

TRANSCRIPT

Page 1: herrietan zer?

1. Abiapuntua + Gazte Mugimenduaren egoeraz hainbat hausnarketatxo

2. Herriz herri garatuko dugun dinamika

3. Eta praktikan zer?

4. Komunikazioa

Ikasturte hasieran gazte mugimendua osatzen dugun hainbat eragilek zein asanbladak hasiera eman genion gazte mugimendua indartzeko elkarlan ariketa bati. Denon artean adosturiko irakurketa oinarri hartuta, eremu anitzetako gazteok biltzeari ekin genion, eta aipatutako helburua lortze bidean gazte mugimenduaren topaketak antolatzen hasi ginen.

-Gazte mugimendua vs kapitalismo patriarkarra: egun jasaten dugun zapalkuntzari aurre egiteko eta bestelako jendarte bat eraikitzeko ari gara lanean. Gazte mugimendua eremukako borroka askotan antolatzen da, baina gure arteko harreman zubiak urriak dira, eta askotan nahiko modu “isolatuan” aritzen gara lanean.

-Herriz herri zein nazio mailan elkartuz gero are indartsuagoak izango gara! Sistemaren zapalkuntzaren kontrako gazte frontea osatu behar dugu eta horretarako, beharrezkoa da oinarri komun batzuk adostea.

-Askotan, gure ingurura begiratu eta herrian lan egiten dugunak beti berdinak garela iruditzen zaigu. Ez dugu harremanik garatzen bestelako eremuetan ekarpena egiten duten gazteekin, adibidez, dantza taldekoak, musika taldetakoak, herri kiroletakoak, irratikoak...

-Herrietan gazte horiek ekarpena egin dezaten espazioak sortzen edota egokitzen ahalegindu beharko ginateke.

-Eztabaidatzeko, alternatibak eraikitzeko eta batera ekinez indarrak batzeko gazte mugimenduko bateraguneak osatzeari ekingo diogu.

Page 2: herrietan zer?

Herriz herri, eskualdez eskualde garatuko den dinamika bati buruz ari gara beraz. Gazte mugimendua bateratu eta indartzera bidean, topaketak geltoki gisa ulertuta, izaera errebelde, sortzaile, parte hartzaile, sistemarekiko apurtzaile eta eraikitzaile... iraultzailea izango den bideari ekingo diogu elkarlanean. Sistemaren aurkako frontea herriz herri indartuz, eta beste jendarte baten eraikuntzan ere herriz herri urrats praktikoak emanez ekingo diogu bideari.

Topaketak esan bezala, geltokia besterik ez dira izango bide honetan. Egunerokoan dispertsatuta ditugun indarrak batu eta herriz herri gazte mugimenduaren bateraguneak sortuz, topatu egingo gara geltoki nagusi horretara iritsi artean ere.

Beraz, gazte mugimenduko topaketen aurrelanketaren bidez, gure herrian gazte mugimendua osatzen dugun gazte eragile zein norbanakoek elkarlanean aritzeko erronka dugu. Batera ekiteko ordua da, gure herriko gazteok elkartu, eztabaidatu eta indarrak hartzeko garaia da.

...Ekin dezagun batera sistemak inposatzen dizkigun joku arauak pikutara bidaltzeko! Bota hordagoa sistemari!

Kapitalismoaren oihanean, gazteria, gazela baino ez da lehoi gorbatadunen begietara eta honek ondorio nabarmenak ditu gure bizitzaren esparru guztietan: gure ahalbide ekonomikoetan, emakumeon eskubideetan, naturarekiko harremanean, eremu afektiboan eta sexualitatean, emantzipaziorako eskubidean, harreman pertsonaletan, migrazioetan, aisialdian, pentsamenduan, sentimenduetan, kontsumo ereduan, lan baldintzetan, psikologian, parte hartzean, natur baliabideen ustiaketan, hizkuntza eskubideetan, hezkuntza ereduan, nekazaritzan, errepresioan, pertsonen garapenean, gazte sorkuntzan, osasunean, jai ereduetan, baloreetan, kulturan, komunikazioan, elikagaietan, ikuspegi kolektiboan, familia harremanetan…

...Euskal Herriaren luze zabalean, herriz herri, zapalkuntzari aurre egin eta alternatibak eraikitzeko... ekin dezagun batera!

Gu gara geroa! Gazteok, Euskal Herriak, munduak alternatiba integralak behar ditugu halabeharrez. Gu gara, bestelako mundu bat eraikitzea posible dela ikustarazten dugunak, gu gara mundu berri hori egunez egun, eremuz eremu borrokatu eta eraikitzen ari garenak: gaztetxearen autogestioan, etxebizitza duinen okupazioan, borroka feministan, AHTren aurkako sabotajean, ikasle asanbladan, prekarietatearen aurkako manifan, irrati libreko estudioan, azken atxiloketen aurkako kontzentran, gazte eguneko txarangan, entsegu lokalean, hizkuntza eskubideen aldeko ezabaketan, jai batzordeko bileretan, malabare tailerrean, nazioarteko brigadan...

...Hor dago... Gu, hemen gaude! asko gara, eta elkarrekin lortu dezakegu!

Eremu anitzetan ari gara lanean eta orain indar guzti horiek elkartzeko ordua da. Egiteke dugun bidea marraztu eta urratsak elkarrekin emateko, erasoei era bateratuan erantzuteko, bidean indar berriak biltzeko, eremuz eremu erronka eta proiektu berriak garatu eta pizteko… ekin dezagun batera!

Azaroan burutuko ditugun topaketak gure buruak indartzeko tresna bat baino ez dira. Dinamika, prozesua bera izango da garrantzitsuena, eta horregatik aurretik egiten dugun lanak garrantzia handia izango du, baita ondoren egingo duguna ere.

Page 3: herrietan zer?

Dinamika edo prozesu guzti honen helburua herrietan gazte mugimendua indartzea da. Herrian egingo dugunak, gure buruak indartzeko balio beharko du, eta beraz herri bakoitzak zehaztu beharko du bereari dagokion planteamendu praktikoa.

Honetarako ahalik eta gazte gehienen artean herrian bizi dugun egoeraren kontzientzia hartu eta aurrera begira egin beharrekoa zehaztea da. Beraz lehenik eta behin herrian jasaten dugun zapalkuntza aztertu, herriko gazte mugimenduaren analisia egin eta etorkizuneko erronkak zehaztuko ditugu.

Lagungarri izan daitekeelakoan, topaketen antolakuntzan gabiltzan lan talde ezberdinek ideia zaparrada bat bildu dugu. Irizpide hauek oinarri hartuta herri bakoitzean zehaztuko da aurretik aipaturiko helburuak lortzeko zeintzuk diren gauzarik eraginkorrenak.

Beraz, honako urratsak eman ditzakegu:

Lehenik egoeraren gainean egiten dugun irakurketa zabaldu beharko dugu, herrietan batera ekiteko beharra agerian jarriz, batera ekiteak duen garrantziaz busti behar ditugu herriko gazte eragile eta gazte guztiak! Norabide honetan eginkizun ezberdinak izango ditugu:

1.-Herriko gazte mugimenduko eragileen elkargunea osatuko dugu.

Helburua: gazte mugimendua osatzen dugun eragile guztiengana planteamendua hedatzea eta herrian elkartzeko gunea osatzea da. Asko gara eta denak gara beharrezkoak. Gune hau izango da herrian elkarlanean planteamendua sortu eta garatzeko sortuko duguna.

2.-Harreman dinamika abiatuko dugu, ahalik eta gazte gehienengana iristeko.

Elkargune honetan proposamena herriko gainontzeko gazteengana hedatzeko planteamendua egingo dugu: lonjak edo bajerak, dantza taldeko gazteak, musika taldeak, irratiko gazteak…guztiengana hedatuko dugu gure irakurketa eta herrirako osatuko dugun planteamenduan parte hartzeko eskatuko diegu. Harreman dinamika egiteko sortuko diren bitartekoak: egunkaria eta epostaz zabaltzeko power point-a.

3.-Gure mezua herriko txoko guztietara zabalduko dugu.

Gure mezuak kaleetan presente egon behar du uda guztian zehar. (Ekin dezagun batera! Bota hordagoa sistemari!). Egiten dugun irakurketa jendarteratzea ezinbestekoa izango da (sistemaren zapalkuntza, gazteok alternatibak eraikitzearen beharra) eta honetarako bide ezberdinak daude.

Mezuaren zabalpenerako sortuko diren bitartekoak: soinu deiak edo kuñak, kartela orokorra, pegatinak, sistemaren aurkako kanta bilduma eta spota. Hala ere, tokian toki beharrezkoak diren bitartekoak sortzea komeni da.

Honekin batera mezua zabaltzeko bestelako uneak aprobetxatuko ditugu:

-Jaietan: txosnetan dinamikaren ikurra izango den bola jarriz, gazte mugimendu osoaren bazkaria antolatuz, herriko gazte guztien familia argazkia ateraz, jolasak eginez, kuña jarriz…

-Gazte Egunak modu bateratuan eginez eta hala izan ezean promoziorako baliatuz (kartelak, kuña…)

-Murala egiteko geratuz (eredua pasako da)

Page 4: herrietan zer?

Behin gazte eragile eta norbanako guztiengana iritsi eta batera ekitearen garrantzia transmititu ondoren herriari begira jarriko gara, denak elkartu eta topaketa txikiak burutuko ditugu.

Ziurrenik egingo dugun gauzarik garrantzitsuena izango da. Hauen helburua izango da batetik herrian ahalik eta gazte gehien batuta, sistemaren zapalkuntzak aztertzea eta herrian nola islatzen den hautematea. Honen dinamizaziorako bideo bat izango dugu baita eskema bat ere. Behin hori aztertuta, herriko gazte mugimenduaren egoeraren argazkia egingo dugu (nola gauden, ze behar ditugun, nola egon nahiko genukeen etorkizunean…)

Aurrera begirako norabidea zehaztuta, gazteok herrian ditugun beharrei erantzuteko ekimenak burutu ditzakegu.

Tokian tokiko errealitateari erreparatu ostean, herrietan ekimenak egin ditzakegu, bai zapalkuntzaren salaketa agerian jartzeko herrian, baita gure problematikari aurre egiteko ere. “Herri bat, ekimen bat” egiten ahaleginduko gara, Euskal Herriko txoko guztietan topaketen norabidean ekimenak eginez.

Adibidez: kontsumismo basatia salatzeko sakeoak egin ditzakegu supermerkatuetan, kultur etxea okupatu dezakegu gune autogestionatuen beharra agerian uzteko, baratza bat sortu dezakegu bertako produktuen aldeko aldarria luzatzeko... Egingo duguna beti ere gure beharrei erantzuteko baliagarria bada egingo dugu!

Zabalduko dugun mezuak herriko errealitateari erantzungo dion arren, mezu komun baten baitan bilduko ditugu ekimen guztiak, eta ditugun tresna komunikatiboen bidez zabalduko dugu. Beraz, dinamika osoan zehar bezala, oso garrantzitsua izango da ematen dugun pauso bakoitzaren berri ematea, Gaztesareako Informazio Agentziara albisteak helaraziz.

Azaroko topaketetarako gonbitea ahalik eta gazte gehienei egitea, aurkezpenak egitea, autobusak montatzea...

Honetarako ere hainbat bitarteko egongo dira: topaketen kartela, egitaraua, soinu deia.

1. Komunikazio dossier bat pasako da, bitarteko guztiak zehaztuz eta hauen inguruko erabilera irizpideak argituz.

2. Oso garrantzitsua da herrietan egiten goazenaren berri ematea, eta Gaztesareako Informazio Agentziara argazkiak, bideoak, audioak zein albisteak bidaltzea, bertan jasoko dugu herri guztietan egiten ari garenaren berri.

3. GS baliatuko dugu bitartekoak pasatzeko, ekimenaren inguruko berriak jasotzeko eta ekarpenak egiteko.

4. Gazte mugimenduaren posta zerrenda sortzeari begira, formulario bat aurkituko duzue Gaztesarean. Garrantzitsua da bertan izena ematea, (bai eragile edo talde bezala eta baita ere norbanako bezala) hau ere, bitartekoak pasa, informazioa jaso eta ekarpenak egiteko baliatuko da.