elikaduraz

10
XXI. MENDEKO EUSKALDUNON ELKARTEAK ELIKADURA ARTIKULATZEKO PLANA Ezagutzaren transferentzia artikulatzeko markoa Topagunea, 2012ko apirila

Upload: kulturgintza-huhezi

Post on 27-Mar-2016

217 views

Category:

Documents


4 download

DESCRIPTION

Elikadurak

TRANSCRIPT

XXI. MENDEKO EUSKALDUNON ELKARTEAK

ELIKADURA ARTIKULATZEKO PLANA

Ezagutzaren transferentzia artikulatzeko markoa

Topagunea, 2012ko apirila

1. SARRERA

Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultatea, Sorguneak izeneko ikertegiaren

eskutik, bidelagun izan du Euskara Elkarteen mugimenduak 2010ean jorratu duen

bidean. Eragile hauek helburu izan dute euskaltzaleon gizarte mugimendu honen

aurrera begirako ildo nagusiak finkatzea diagnostiko on batean oin hartuta. Horren

emaitza Bilbon egindako jardunaldia izan zen: http://kongresua.topagunea.org/

Orduan onartu ziren XXI. mendeko euskaldunon elkarteen oinarriparrak.

Txosten horretan hainbat helburu formulatu ziren formazioari dagokionez. Hemen

ideia nagusiak:

1.- Euskara elkarteek duten ezagutza metatua artikulatzea.

2.- Euskara elkarteek arian-arian egiten ari diren bideari hitza jartzea; praktika

gogoetatsua bultzatzea.

3.- Mugimenduko eragile guztien motibazioa indartzea.

4.- Ideia berrien esperimentazioa eta hedapena bultzatzea.

5.- Pertsonen arteko harremanetan sakontzea, elkarreragina areagotzea.

6.- Belaunaldien arteko erreprodukzio sistema artikulatzea.

7.- Arlo ezberdinetako ezagutzaren transferentzia egitea.

8.- Topagunearen aitzindaritzan eta elkarteekiko loturan sakontzea.

Topagunearen eta Sorguneak ikertegiaren artean adostu ziren zehaztasunez,

ELIKADURA hitzaren txapelpean bildu genituen lau lan-ardatz edo prozesuak.

2011ko uztailean onartu genituen Elikadura artikulatzeko proposamena izeneko

dokumentuaren bidez:

1. Topagunearen gogoeta-ekintza taldea artikulatzea.

2. Ezagutza berria sortzea eta partekatzea (laborategiak).

3. Ezagutzaren transferentzia artikulatzea.

4. Belaunaldi berria ahalmentzea.

Euskara elkarteek egindako bidearen diagnostiko funtsatua dago prozesu horien

oinarrian. Oinarriparrak zehazterakoan definitu ziren elikadura mailako gabezia

batzuk: Belaunez belauneko erreprodukzio sisteman sintoma kezkagarriak

agertzen dira, ezagutza soziolinguistikoaren eta balioen transmisio falta

nabarmena. Gainera, elkarteengandik hurbil dabiltzan gazteek (aisiako

begiraleak…) elkarte bizitzan aktiboago jokatzeko premia antzematen da. Bestetik,

eragile ezberdinen arteko artikulazio falta handia da; nola elkarte barruan hala

elkarteen artean.

Historikoki, ordea, gertuko eredu on imitagarrien sistemak arrakasta handia izan

du. Esan nahi dena da, albokoak egiten duena birsortuz hedatu direla elkarteak eta

programak, beraz, badirudi ildo hori interesgarria izan litekeela oraindik orain.

2. EZAGUTZAREN TRANSFERENTZIA ARTIKULATZEA

Mugimenduan parte hartzen dutenen formazioaz arituko gara txosten honetan;

goian zehazturiko hirugarren ardatzaz, hain zuzen ere. Atal honetan oinarriak

ezarriko ditugu eta hurrengoetan zehaztasunak proposatuko ditugu.

Hasteko esan dezagun premien analisi sakona egin beharko litzatekeela aurrenik.

Premien analisi horrek bere baitan jaso beharko lituzke alde batetik, transmititu

nahi diren edukien definizioa eta, bestetik, hartzaileen gabezia eta indarguneen

analisia.

Formazioaren jitea, bestalde, pragmatikoa izan behar da teorikoa bainoago, egiten

dugunaz gogoeta egiteko eta aurrerabideak proposatzeko, arrazoi teorikoez ere

jabetzen joan gaitezen. Partaideek, irakasle zein ikasle, elkarrengan eragiteko

jarreran aritzea ere desiragarria da.

Formazioari begira, lau arlo zedarritu ditugu hartzaileak eta helburuak kontuan

hartuta:

Praktika eraldatzaileak abiatzeko ikastaro trinkoak. Topagune zein

elkarteetako zuzendaritza-kideak eta langileak izango lirateke hartzaileak.

Gaur egungo egitasmoen errepasoa egiteko soziolinguistikaren argitan,

nola eta zenbateraino eragiten dugun gogoeta egiteko. Formazio bideratu

honek aukera eman behar digu Topagunearen pentsamendua eta

diskurtsoa birformulatzeko eta Oinarriparren argitara eta horren araberako

jardunbidea finkatzeko.

Formazio iraunkor eta trinkoa elkarteetako kideentzat. Formazio

berezitua Topagunea osatzen duten bazkideentzat (zuzendaritzetako

kideak eta elkarteetako langileak), formazio iraunkorraren kontzeptupean,

aurrez aurreko modalitatea zein sare bidezkoa erabilita. Herririk herri

edota eskualderik eskualde ikastaroak antolatzen hastea baino, egokiago

dirudi interesatu guztiekin talde bat osatzea. Geroago etorriko da, bada,

ikastaroak herrietara eramatearena. Gure partetik, bada, ahalegindu

beharko ginateke Huhezira (edo gune kolaboratzaileetara) biltzen taldeak.

Aztertzekoa da, orobat, udaletatik bekak lortzerik ba ote den, ikastaldiaren

amaierako proiektua herriarentzat aberasgarri izatearen truke.

Hastapen ikastaroak. Hastapen ikastaroa profesional eta bolondres sartu

berrientzat, ahalik eta sistematikoena. Aurreikuspena egin behar da ea

urtero zenbat profesional berrik beharko duten formazioa.

Laborategietan landutako gaien inguruko mintegi monografikoak.

Ezagutza berria sortu eta transmititzeko bideak jarriko lirateke martxan.

Helburua litzateke ahalik eta jende gehiena jartzea ezagutza sortzen eta

saretzen. Mugimenduaren baitan berrikuntza artikulatzeko egitura antolatu

beharko litzateke honen bidez.

Sorguneak ikertegiak hartuko du bere gain formazio eskaintzaren kudeaketa.

3. PRAKTIKA ERALDATZAILEAK ABIATZEKO IKASTARO TRINKOAK.

TOPAGUNE ZEIN ELKARTEETAKO ZUZENDARITZAKIDEAK ETA LANGILEAK.

Oinarriparren txostena onartu zenetik 2011ko kongresuan, eraldaketa da

euskararen lagunen gizarte mugimenduaren hitz gakoa. Eraldaketa abiarazteko

palanka gisa ikusten da ikastaro eredu hau.

25 bat orduko ikastaro trinkoen bidez hainbat prozesu berrikusteko gogoa piztea

eta jardunbideak zedarritzea dira helburuak. Gaiak honakoak izango lirateke:

Oinarriparren txostenean jasotako diagnostikoa eta aurrerabideak; gizarte

mugimenduen kontzeptualizazioa, osagarritasunerako lidergo-estilo eraldatzailea,

mugimenduko kide ezberdinen arteko elkarrekintza dinamikak (Durangoko

eredua), ekintzen optimizaziorako oinarri soziolinguistikoak (Azkoitiako lanketa)...

Emaleak Oinarriparren definizioan lan egin zuen Batzorde txikiko kideak eta

Sorguneak ikertegikoak izan litezke Topagune eta elkarteetako kideekin batera.

Nolanahi ere, oinarriparren txostenean jasotzen den eraldaketa asmoa gauzatuko

bada, Topaguneko kideen lidergoa eta ahalmentzea ezinbestekoa da lehen-lehenik.

Horregatik, garrantzitsua da federaziotik bertatik hastea. Beraz, lan-talde zein

zuzendaritzakideon lanaren norabideaz hausnartu eta beharrezko diren

konpetentzietan trebatzeko formazioa litzateke formazio-ardatz honen xedea.

Langintza honen norabidea izango litzateke Topaguneko jendea izatea formazio-

emale nagusiak etorkizunean.

Praktika gogoetatsuan oinarritutako metodologia erabiliko genuke eta ohiko lan

dinamikarekin bateratzeko moduko formatu trinkoak diseinatuko lirateke.

Helburua litzateke, esan bezala, federazioko lan-taldea bera izatea eraldaketarako

ikastaro modu hau elkarteetara eramango duena. Hartara, bizi izandako eraldaketa

bera izango da aktibo eta berme nagusia elkarteengan aldaketa sustatzeko garaian.

Gainera, prozesu honek balio behar du federazioarekiko aitortza eta lidergoa

handitzeko.

2011-2012 ikasturtean egin da lehen saiakera Topaguneko lan-taldearekin. Hiru

egun jarraian landu ziren bereziki gizarte-mugimendu izaera eta lidergo-estiloen

gaineko hausnarketa:

Urriak 18, asteartea: 09:30-12:00 Topagunearen ekimenen irizpide soziolinguistikoez 12:30-14:00 Topagunearen izaeraz eta garrantziaz

Urriak 19, asteazkena: 09:30-10:30 Topagunearen aitzindaritzaz 10-30-12:00 Topagunearen ekimenak hiztunen tipologiaren arabera: hobetzeko bideak 12:30-14:00 Euskaldunon elkarteen ekimenen azterketa, gizarte-mugimendu garen aldetik

15:30 -17:30 Federazioko eta elkarteetako langileen aitzindaritza-ereduaren azterketa

Urriak 20, osteguna:

9:30-14:30 Euskaldunon elkarteetako harrera plana egiteko edukiak diseinatu 15:30 -17:30 Saioetan egindakoaren / lortutakoaren ondorioak

Baliagarria izan bada ere, bigarren urrats bat eskatzen du ikasturte honek:

Topagunearen egungo kudeaketa planaren optimizazioa diseinatzeko dinamika

abiaraztea eta antolaketa eredua berrikustea.

Interesgarria izan liteke Tokikomen eraketarako uztailean egingo diren tailerretan

ere honelako ikastaro-mintegia egitea hedabideen arloko pertsonekin. Honek

aukera emango luke Tokikomen eraketa operatiboaz gain, Oinarriparretan

jasotako ikuspegi berria txertatzeko erakundetze berrian.

Aipagarria da, era berean, Durangon egin den ahalegina arlo ezberdineko kideak

batzeko eta ikuspegi berriaren araberako norabide aldaketa egikaritzeko.

4. FORMAZIO IRAUNKOR ETA TRINKOA ELKARTEETAKO KIDEENTZAT.

Hauxe da modu iraunkorrean eskainiko litzatekeen eskaintza akademikoa.

Helburua litzateke euskararen aldeko mugimenduan aritzeko prestakuntza

espezializatua eskuratzea. 40 bat plaza eskainiko lituzke Mondragon

Unibertsitateak, Topagunearekin elkarlanean eskainiko lukeen aditu-tituluan.

Gizarte-mugimenduetako kideek izango dute lehentasuna baina zabalik egongo da

arloko bestelako kideentzat ere.

Ikasturte batean azarotik maiatzera hamabost eguneroko klase presentzialak eta

tarteko asteko lan ez-presentzialak konbinatuko dira (100 ordu). Bestetik, hiru

mintegi trinko egingo lirateke ikasturte berean (60 ordu). Horrez gain, ikasleek

elkartearentzat onuragarria izango den proiektu bat landuko luke (80 orduko

dedikazioa). 240 orduko dedikazioa guztira.

Gaiei dagokienez, euskararen aldeko mugimenduan aritzeko oinarriak landuko

dira: euskararen aldeko mugimenduaren diakronia, oinarri soziolinguistikoak,

hizkuntz ekologia, herri-mugimenduen ezaugarriak eta gizarte-aldaketak...

Euskara elkarteen mugimenduko kideak eta Huheziko irakaslegoa izango litzateke

irakasletzan arituko direnak. Azken kasu honetan Huhezik eskaintzen dituen beste

bi graduondokoen eduki eta euskarriak erabiliko lirateke: Euskal Kulturgintzaren

Transmisioa aditu-titulua eta Garabide elkartearekin batera programatzen duen

Título Experto en la Revitalización de Lenguas y Culturas Originarias.

Euskara elkarteetako profesionalak izango lirateke hartzaile nagusiak, esan bezala,

eta helburua litzateke elkartearentzat ez ezik herrirako ere interesgarria izango

den proiektu bat garatzea. Horregatik, udal euskara zerbitzuekin eragiletza modu

sendoa hitzartzea proposatuko genuke. Honela, dagokion euskara teknikaria

proiektu horren diseinu, jarraipen eta ebaluazio fasean kide bihurtuko litzateke.

Era berean, urtero kide ezberdinen matrikula bekatzeko hitzarmengintza landuko

litzateke. Era honetara ziurtatuko litzateke ikasle profesionalak landuko duen

proiektua herriko hizkuntza komunitatearentzako baliagarria izango dela eta

formazioan egindako inbertsioak balioko duela prokomuna den eragiletza

indartzeko. Uste dugu ikastaroaren matrikula hein handi batean elkartearen

eskutik joan beharko litzatekeela (ez %100 ikaslearen eskutik) hitzarmengintza

modu horren bidetik.

Bestetik, ikastaro honek oihartzun interesgarria izan lezake hizkuntz

komunitatean baldin eta Tokikom bihurtuko bagenu bozgorailu. Tokiko hedabide

guztiak izan litezke oihartzun horren zabaltzaile herritarren artean. Honela,

produktu berezitu bat egin liteke ikastaroa aitzakiatzat hartuta.

5. HASTAPEN IKASTAROA (HARRERA-PLANA).

Euskara Elkarte batean bai kide profesional gisa, bai bolondres moduan hasten den

pertsonak ezagutu beharreko gutxienekoak zeintzuk dira? Galdera horri erantzun

nahiko lioke ikastaro honek.

Eduki horiek definitzeko ariketa egin genuen Topaguneko lan-talde eta

zuzendaritzakideak eta Sorguneak ikertegikook urrian egindako ikastaroaren

baitan. Hiru ardatz nagusi aurreikusi genituen:

1. Euskara Elkarteen Mugimenduaren ibilbidea.

2. Gaur egungo ildoa: Oinarriparrak.

3. Egungo eskuhartze soziolinguistikoa

Pentsatu beharko genuke nola jar litezkeen kide hauek mugimenduarekin

harremanetan. Duda barik, herriko eragileak izango dira lehentasunezkoak baina

haratagoko formulak pentsa litezke. Gune eguna izan liteke espazio egoki bat,

udako ikastaro modukoak...Harrera-plan horren alderdi batzuk eskain daitezke

Abadino edo Eskoriatzan... On line- plataformak eskain litezke.

Bestetik, elkarteen eskura jar litezke ikusentzunezko euskarri didaktikoak

errazago bidera dezaten transmisio lana.

6. LABORATEGIETAN OINARRITUTAKO MINTEGI MONOGRAFIKOAK.

Sarreran aipatu dugun bezala laborategiak dira ezagutza berria sortzeko erabiliko

diren bitarteko nagusiak. Gaien arabera antolatuko dira Garapen Talde ezberdinak

eta horietan garatuko duten ikerketa-ekintza ziklotik ondorioztatutako gako

nagusiak transmitituko dira aldiro-aldiro.

2011-2012 ikasturtean aisiako begiraleak elkarteratzeko laborategia abiatu da.

Ziklo horren bukaeran, 2012-2013 ikasturtearen bukaeran gure Udako

Unibertsitate txiki moduko bat antolatuko genuke emaitzak sozializatzeko asmoz.

Helburua litzateke urtero antolatzea halako hitzordu bat mugimenduko kideok

izan ditzagun elkar elikatzeko abagunea. Laborategien dinamika partekatzea balitz

ere helburu nagusia, aditu-tituluan aurkeztutako proiektu onenen aurkezpenak ere

egin litezke.

Aurtengo ikasturtean Tokikomen sorrerak eskatzen du halako topaketa bat

uztailan eta izan liteke, bere berezitasunak izanda ere, lehen Udako Unibertsitate

horren lehen harria jarriko duena.

Nolanahi ere, laborategien antolaketan aurreikusten dugun moduaz esan dezagun

zerbait gehiago:

Garapen taldean 10 bat lagun izango dira eta ikerketa-ekintza zikloa garatu ostean,

sozializio fasean gehienez ere 25 kide aurreikusten ditugu. Sozializazio fase

horretan irizpide geografikoa erabiliko litzateke eta elkarteen aitzindaritzak

kontuan hartuko dira aukeraketa egiterakoan.

7. AZKENIK

Arlo metodologikoa utzi dugu bukaerarako. Labur bada ere, garrantzitsua irizten

diogu oinarrizko zertzelada batzuk emateari. Izan ere, egiten dugunaren gaineko

gogoeta da sarri falta izan zaiguna. Balio beza arlo honek ere egiten dugun hori

balioan jartzeko.

Labur esan dezakegu guk egin ohi duguna ikerketa-ekintza partehartzailea dela eta

gaur egun zientzia sozialetan nagusi den tradizio dialektikoan kokatzen dela; berak

integratzen baititu tradizio positibista eta tradizio hermeneutikoa.

Ikuspegi dialektiko-kritikoak errealitatearen eraldaketan esku-hartzea du helburu

nagusia. Bere prozedurak aztertzaile-partehartzaileak dira. Subjektu kolektiboen

interesak eta beharrak hartzen ditu kontuan. Aktore sozialen auto-diagnostikoan

oinarritzen da eta ekintza-hausnarketa-ekintza zikloak burutzen ditu, ezagutza eta

ekintza uztartzen ditu.

Proposamen honetan jasotako ardatz guztiek hartzen dute metodologia hori

kontuan, bai eraldaketa hasteko ikastaro laburrak, bai proiektugintzan oinarrituko

diren aditu-ikastaroak, bai harrera-planak, bai laborategietan sortutako

ezagutzaren transmisio bideak. Gakoetako bat da mugimenduko eragilea bera

izatea ikerlari zein formatzailea; alegia, jakintza irekia eta formazioaren

autogestioa bultzatzea; “Adituaren” boterea banatzea “Arituen” artean.