ugalketa zelularra 1314
TRANSCRIPT
1.- UGALKETA ZELULARRA
1.- ZIKLO ZELULARRA. MITOSIA
Zelulak izaki bizidun guztien
oinarrizko unitateak dira, eta beraz,
bizidunen bizi-funtzioak egiten
dituzte: nutrizioa, erlazioa eta
ugalketa. Atal honetan, aztertuko
dugu noiz egiten duen zelulak
funtzio horietako bakoitza, eta batez
ere, zelularen ugalketa-funtzioan
sakonduko dugu.
Zelula sortzen denetik ugaltzen den
arte gertatzen diren fenomenoen
multzoari ziklo zelularra deritzo.
Zikloaren iraupena zelula motak
baldintzatzen du; gutxienez ordu
gutxi batzuk iraun dezake, eta
gehienez urtebete baino gehiago.
Ziklo zelularrak bi fase ditu,
iraupenaren arabera:
• Interfase zelularra. Aldi luzeena
da. Interfasea gertatu bitartean,
zelulak nutrizio- eta erlazio-
funtzioak egiten ditu.
• Zatiketa zelularra. Aldi laburrena
da. Zatiketa gertatu bitartean,
zelulak ugalketa-funtzioa egiten du.
Interfase zelularra
Interfase zelularrak ziklo
zelularraren guztizko iraupenaren %
90 hartzen du. Prozesu horretan,
zelula handitu egiten da, eta
bereizketa zelularra gauzatzen du.
Bereizketa zelularrean, zelula
bakoitza espezializatu, eta gai
bihurtzen da berak osatzen duen
ehunaren berezko funtzioak
garatzeko.
Interfasearen amaieran, zatiketa
zelularra gauzatzeko prozesuak
prestatzen dira.
Interfase zelularrak hiru etapa ditu:
G1, S eta G2. S etapa ADNaren
sintesiaren etapa da, bikoizketa
garai horretan gertatzen baita.
Honela, zelularen zatiketaren
ondoren sortuko diren bi
zelulakume bakoitzak ADNaren
kopia bana jasoko du. Zelula eukariotoen nukleoa
Zelula eukariotoen nukleoaren oinarrizko
osagaiak honako hauek dira: nukleoaren
mintza, nukleoloa eta ADNa.
ADNa informazio genetikoa gordetzen
duen molekula da. Zatiketa zelularrik
gertatzen ez denean, ADNak zuntz laxo
luzeen forma izaten du; horri kromatina
deritzo. Zatiketa zelularra gauzatzen
denean, aldiz, lehendabizi, ADNa bikoiztu
egiten da, eta ondoren, kromosomak eratu
artean kondentsatu egiten da.
Kromosomak
Ikusi dugun moduan, kromosomak ADNak
zatiketa zelularra hastean hartzen duen
forma kondentsatuak dira.
Honako egitura hauek bereiz ditzakegu:
• Kromatidak. ADNaren bikoizketaren
ondorioz sortutako kopietako bakoitza.
Zatiketa zelularra hasten denean,
kromosoma batek bi kromatida berdin
ditu. Haiei kromatida ahizpak deritze.
• Zentromeroa. Bi kromatida ahizpen
elkargunea.
Kariotipoa
Espezie baten kromosoma multzoa da
kariotipoa. Kariotipoan, bi kromosoma
mota daude:
• Heterokromosomak edo sexu-
kromosomak. Oso desberdinak dira
elkarrengandik eta sexua zehazten dute.
Kromosoma horietako bati X esaten zaio,
eta besteari, Y. Gizakion kasuan,
emakumeak XX dira, bi X kromosoma
dituztelako. Gizonak XY dira, X eta Y
kromosoma bana dutelako.
• Autosomak. Gainerako
kromosomak dira eta berdin-berdinak dira
bi sexuetan.
Gizakiok 46 kromosoma ditugu zelula
somatiko (ugal zelulak ez direnak)
bakoitzean. Kromosoma horietako 22 pare
autosomak dira, eta pare bat, sexu-
kromosomak.
Kariotipoa aztertuz, anomaliak detekta
daitezke kromosoma kopuruan edo
kromosomen forman. Fetuaren kariotipoa
aztertuz gero, anomaliak jaio aurretik
detektatzeko aukera dago.
Zatiketa zelularra
Zatiketa zelularra deritzo zelula
amak bi zelulakume sortzeko
prozesuari. Zelulakume horiek
zelula ama bezalakoxeak dira.
Zatiketa zelularrak ziklo
zelularraren guztizko iraupenaren %
10 hartzen du.
Zatiketa zelularra organismo
zelulabakar eukariotoen oinarrizko
ugalketa-mekanismoa da.
Organismo zelulanitzetan, zatiketa
zelularrak zelulak ugaritzeko aukera
ematen du; hau da, ehunaren zelula
kopurua handitzeko.
Zatiketa zelularrean bi prozesu
bereizten ditugu: mitosia eta
zitozinesia.
Mitosia
Zelula amak nukleoan duen
materiala bi zelulakumeei banatzen
die; banatze-prozesuen multzo horri
mitosia esaten zaio. Zelulakumeek
zelula amaren kromosoma kopuru
bera jasotzen dute banaketa
horretan.
Mitosiari hasiera emateko, aurretik
prozesu hauek gauzatu behar dira
interfasean:
• ADNaren bikoizketa. Kromosoma
bakoitzaren bi kromatidetan ageri
da.
• Zentrioloen bikoizketa, animalia-
zelula eukariotoaren kasuan eta
hauen artean ardatz mitotikoaren
egitura tubularrak sortuko dituzten
proteinen sintesia.
Mitosiak lau etapa hauek ditu:
profasea, metafasea, anafasea eta
telofasea.
Profasea
Etaparik luzeena da, mitosiaren
iraupenaren % 60 hartzen baitu.
Profasean aldaketa hauek bereiz
daitezke:
• Kromosomak ikusgai bihurtzen
dira, ADNaren kondentsazioaren
ondorioz.
• Nukleoaren mintza desegiten hasi,
eta nukleoloak ageriko izateari
uzten dio.
• Animalia-zelularen zitoplasman,
zentrioloak banantzen hasi, eta
zelulen poloetarantz joaten dira.
• Bi zentrioloen artean egitura
tubularrak osatzen hasten dira.
Egitura horiek, geroago,
baliagarriak izango dira
kromosomen mugimendua
gidatzeko. Zentrioloen eta egitura
tubularren multzo horri ardatz
mitotikoa esaten zaio.
• Landare-zelulan ere ardatz
mitotikoa sortzen da, nahiz eta
zentriolorik ez izan.
Metafasea
Etapa honetan, honako aldaketa
hauek ikus ditzakegu:
• Animalia-zelularen zentrioloak
zelularen poloetan kokatu dira
dagoeneko. Ardatz mitotikoa
guztiz osatuta dago.
• Kromosomak zelularen
erdialdean edo ekuatorean daude
lerrokatuta, eta ekuatore-plaka
eratzen dute. Posizio horretan,
kromosoma bakoitza ardatz
mitotikoaren zuntzei lotuta dago,
zentromeroen bidez.
Anafasea
Mitosiaren etaparik lasterrena da.
Aldaketa hauek bereiz daitezke:
• Kromosomei lotutako ardatz
mitotikoaren zuntzak laburtzen
hasten dira.
• Tentsioaren ondorioz,
kromosoma bakoitzaren kromatida
ahizpak banandu egiten dira.
• Kromatida multzo bakoitza
zelularen polo edo mutur baterantz
mugitzen da. Mugimendu hori
abiadura berean egiten dute
guztiek.
Telofasea
Mitosiaren azken fasea da, eta
honako aldaketa hauek gertatzen
dira:
• Anafasean sortutako bi kromatida
multzoak zelularen poloetara iristen
dira.
• Nukleoaren mintza birsortzen da.
Hasiera batean, mintz horren zatiak
kromosomen inguruan agertzen
dira. Ondoren, zati horiek handituz
eta elkartuz joango dira, nukleoaren
bilkin osoa eratu arte.
• Ardatz mitotikoa osatzen zuten
zuntzak zitoplasman diluitzen dira.
• ADNaren egitura kromosoma
izatetik kromatina izatera igarotzen
da.
• Nukleoloa agertzen da nukleo
bakoitzaren barnean.
Zitozinesia
Zelula amak nukleoaren
barnealdean eta kanpoaldean duen
material guztia bi zati berdinetan
banatu behar du zelulakumeen
artean. Zitozinesia deritzo
zitoplasmaren eta haren organulu
guztien zatitze- eta banatze-
prozesuari.
Animalia-zelularen erdialdea
estutzen hasten da, gero eta
gehiago, harik eta tamaina bereko bi
zelula kume sortzen diren arte,
bakoitza bere nukleoarekin.
Landare-zelularen (zelula-pareta
zurruna dute) zatiketa fragmoplasto
izeneko banaketa-trenkada baten
bidez gertatzen da. Fragmoplastoa
zitoplasmaren erdian sortu eta
periferiarantz hedatzen da.
EE: erantzunik ez / EO: Erantzun okerra / OG: Osatu gabea / AT: Adierazpen txarra / ZG: Zentzurik gabea /ZF: Zehaztasun falta
Izen-abizenak:
EE EO OG AT ZG ZF
1
Zertan desberdintzen dira kromatina eta kromosomak? Zer dira kromatidak?
EE EO OG AT ZG ZF
2
Zer gertatzen da da interfaseko S etapan? Zergatik da garrantzitsua?
EE EO OG AT ZG ZF
3
Zatiketa zelularrean bi prozesu jarraian gertatzen dira: mitosia eta zitozinesia. Zertan desberdintzen dira?
1.- UGALKETA ZELULARRA
1.- ZIKLO ZELULARRA. MITOSIA
EE: erantzunik ez / EO: Erantzun okerra / OG: Osatu gabea / AT: Adierazpen txarra / ZG: Zentzurik gabea /ZF: Zehaztasun falta
EE EO OG AT ZG ZF
4
Kromosomak bi motatan sailkatzen dira. Zeintzu dira? Zertan desberdintzen dira?
EE EO OG AT ZG ZF
5
Begiratu marrazki hauei eta erantzun galderei:
a) Ordenatu kronologikoki faseak eta adierazi gertaera bakoitza zein fasetakoa den.
Fasearen izena Hizkia
1 Profasea
2 Metafasea
3 Anafasea
4 Telofasea
FASEA
ADNaren egitura kromosoma izatetik kromatina izatera igarotzen da.
Ardatz mitotikoa guztiz osatuta dago.
Ardatz mitotikoa osatzen zuten zuntzak zitoplasman diluitzen dira.
Ardatz mitotikoaren zuntzak laburtzen hasten dira.
Bi kromatida multzoak zelularen poloetara iristen dira.
Kromatida ahizpak banandu egiten dira.
Kromosomak ikusgai bihurtzen dira, ADNaren kondentsazioaren ondorioz.
Kromosomak zelularen erdialdean lerrokatuta daude.
Nukleoaren mintza birsortzen da
Nukleoaren mintza eta nukleoloak desegiten hasten dira.
b) Adierazitako prozesua zer gertatzen da, landare-zelulan ala animalia-zelulan? Zergatik?
1.- UGALKETA ZELULARRA
2.- GAMETOEN SORRERA. MEIOSIA
Izaki bizidunen ugalketa
Ugalketa da bizia garatzeko
oinarrizko funtzioetako bat.
Espezie bakoitzak bere ugalketa
modua badu ere, bi multzo nagusi
bereiz daitezke haien artean:
ugalketa sexuala duten organismoak
eta ugalketa asexuala dutenak.
Ugalketa asexuala
Ugalketa asexualean, organismo
guraso baten zelula batek edo zelula
multzo batek, hurrenez hurren
gertatzen diren zatiketen ondorioz,
beste banako bat sortzen da,
gurasoa bezalakoxea dena.
Ugalketa asexualaren oinarrizko
mekanismoak erdibitzea,
esporulazioa eta gemazioa dira.
Ugalketa sexuala
Ugalketa sexualean, bi zelula
espezializatuk parte hartzen dute,
gametoek. Kasu gehienetan, bi dira
gurasoak.
Beste banako bat sortzeko, bi
ugalzelulek bat egin behar dute. Bi
gametoen bat-egiteko prozesuari
ernalketa deritzo.
Ernalketaren bidez zelula berria
sortuko da, zigotoa. Zelula berriak,
ondoz ondoko mitosi bidezko
zatiketa zelularren bidez, beste
banako edo ondorengo bat sortuko
du.
Ondorengoa, gurasoen antza badu
ere, ez da haiek bezalakoxea izango.
Ugalketa sexuala, beraz,
aldagarritasun-iturria da, banakoen
ezaugarriak aldatu egiten direlako
gurasoengandik ondorengoetara
igarotzean.
Dotazio kromosomikoa
Zelula baten dotazio
kromosomikoa nukleoak guztira
duen kromosoma kopurua da.
Espezie jakin bateko organismo
zelulanitzen zelula guztiek dotazio
kromosomiko bera dute, ugal-
zeluletan izan ezik.
Dotazio kromosomikoaren ezau-
garrien arabera, zelula diploidea
edo haploidea izan daiteke:
• Diploidea. Mota honetako
zeluletan, kromosoma homologo
bikote edo paretan ageri dira
kromosomak. Bi kromosoma
homologok egitura eta tamaina
bera dute, eta haien ADNak
banakoaren ezaugarri
berberetarako informazioa du.
Homologo bikoteko kromosoma
bakoitzak guraso batean du
jatorria. Zelula hauek 2n gisa
adierazten dira, eta dotazio
kromosomikoa honela idazten da:
2n = (zelularen kromosoma
kopurua).
Adib. (giza espeziean): 2n = 46
• Haploideak. Zelula hauetan,
mota bakoitzeko kromosoma bat
soilik ageri da, eta hortaz, ez dago
kromosoma homologo bikoterik.
Zelula horiei n esaten diegu, eta
haien dotazio kromosomikoa
honela adierazten da:
n = (zelularen kromosoma
kopurua).
Adib. (giza espeziean): n = 23
Organismo zelulanitzetan zelula
gehienak diploideak dira;
gametoak (obuluak eta
espermatozoideak) izan ezik, haiek
haploideak baitira.
Meiosia
Ugalketa sexuala duten espezieetan,
banako guztiek kromosoma kopuru
bera dute zelula guztietan,
gametoetan salbu.
Gametoek organismoaren gainerako
zelulek duten kromosoma kopuru
bera balute, ernalketa bakoitzean
sortuko litzatekeen zigotoak
gurasoek baino bi aldiz kromosoma
gehiago izango luke, eta hori dela-
eta, prozesua bideraezina litzateke.
Meiosia deritzo kromosoma
kopurua erditaratzeko aukera
ematen duen prozesuari.
Meiosia zatiketa zelular mota bat
da, eta gametoak sortzeko helburua
du. Zelulakumeek, hortaz, zelula
amaren kromosoma kopuruaren
erdia izango dute.
Mitosian, bi zelulakumeek zelula
amaren kromosoma kopuru bera
dute. Meiosian berriz, 2n
kromosoma (diploide) dituen zelula
batetik abiatzen gara, eta ondoz
ondoko bi zatiketa zelularren
ondotik, lau zelula sortzen dira,
bakoitzak n kromosoma (haploide)
dituena.
I. zatiketa meiotikoa (Kromosoma
homologoak bereizten dira).
Zelula diploide batean du hasiera
prozesu horrek. Mitosian bezala,
ADNa bikoiztuta du zelula horrek,
eta beraz, kromosoma bakoitzak bi
kromatida ahizpa izango ditu.
Zatiketa meiotiko bakoitzak
mitosiaren fase berberak ditu:
profasea, metafasea, anafasea eta
telofasea. Lehenengo eta bigarren
zatiketa meiotikoen faseak
bereizteko, I. edo II. zenbaki
ordinala gehitzen zaie.
I. profasea.
Kromosomak kondentsatu egiten
dira, ikusgai bihurtu arte.
Homologoak parekatu, eta ADN
zatiak trukatzen dituzte. Prozesu
horri gaingurutzaketa deritzo.
Prozesu horren bidez, ADN-
konbinazio berriak dituzten
kromosomak lortzen dira.
I. metafasea.
Kromosoma homologoak binaka
jartzen dira zelularen ekuatorean.
I. anafasea.
Ardatzaren harizpiek eramanda,
kromosoma homologoak banandu
eta zelularen aurkako muturretara
joaten dira.
I. telofasea eta zitozinesia.
Bi zelula alaba haploide (n) sortzen
dira, eta bakoitzak zelula amaren
kromosoma kopuruaren erdia du.
II. zatiketa meiotikoa (Kromatida
bikiak bereizten dira).
II. profasea.
Interfase-aldirik izan gabe, ardatza
eratzen da berriro, eta kromosomak,
bina kromatidaz osatuak, ekuatore-
plakarantz mugitzen dira.
II. metafasea.
Kromosomak zelularen ekuatorean
jartzen dira.
II. anafasea.
Kromatidak bereizi egiten dira, eta
bakoitza zelularen mutur batera
joaten da.
II. telofasea eta zitozinesia.
Lau zelula alaba haploide (n)
sortzen dira, eta bakoitzak zelula
amaren kromosoma kopuruaren
erdia du.
Mitosiaren eta meiosiaren
esanahia
Mitosia eta meiosia zelulak
zatitzeko bi mekanismo dira, eta
esanahi biologiko desberdina dute.
• Organismo zelulanitzetan, mitosi
bidezko zelula-zatiketaren
ondorioz, banakoa hazi egiten da;
hain zuzen, zigoto izeneko zelula
bakarraren ondoz ondoko zatiketen
ondorioz. Halaber, galdutako edo
hondatutako zelulak berritzeko
modua da.
Organismo zelulabakarretan,
ugalketa asexualeko mekanismoa
da mitosia, eta populazio bateko
banako kopurua handitzeko aukera
ematen du. Kasu horretan,
banakoak jatorrizko zelularen
berdin-berdinak dira.
• Meiosiaren bidez, gameto
haploideak sortzen dira. Ernalketan
sortzen den zigotoa diploidea da.
Horrenbestez, meiosia ezinbesteko
mekanismoa da ugalketa sexuala
duten organismoek kromosoma
kopuruari konstante eusteko.
Horrez gain, ondorengoen
aldakortasun genetikoa bermatzen
du, meiosian pare bakoitzeko
kromosoma homologoek
informazio genetikoa trukatzeari
esker. Halaber, segregazio
independente deritzon prozesuaren
ondorioz, beste konbinazio batzuk
sortzen dira, ama-kromosomak eta
aita-kromosomak ausaz
konbinatzen baitira gameto
bakoitzean.
Gametoen eraketa
Ugaltze-zelulak edo gametoak
zelula haploideak dira eta gonadetan
eratzen dira, meiosiaren ondoren.
Gametoak eratzeko prozesuari
gametogenesi esaten zaio. Bi
gametogenesi mota daude:
• Espermatogenesia edo gameto
arren eraketa. Barrabiletan gertatzen
da. Zelula ama diploide bakoitzak
lau zelula alaba haploide sortuko
ditu, eta azken horiek, zelula-
diferentziazio izeneko prozesu
baten bidez, lau gameto ar edo
espermatozoide sorraraziko dituzte.
Haietako bik X kromosoma bana
izango dute, eta besteek, Y
kromosoma bana.
• Obogenesia edo gameto emeen
eraketa. Obarioetan gertatzen
da.Zelula ama diploide bakoitzak
lau zelula alaba haploide sortuko
ditu, eta horiek gameto eme edo
obulu bat eta degeneratu egingo
diren hiru korpuskulu polar sortuko
dituzte. Obuluak ia zitoplasma
guztia jasoko du. Obulu guztiek X
kromosoma bana dute.
EE: erantzunik ez / EO: Erantzun okerra / OG: Osatu gabea / AT: Adierazpen txarra / ZG: Zentzurik gabea /ZF: Zehaztasun falta
Izen-abizenak:
EE EO OG AT ZG ZF
1
Zer dira kromosoma homologoak?
EE EO OG AT ZG ZF
2
Zertan desberdintzen dira zelula diploideak eta haploideak?
EE EO OG AT ZG ZF
3
Zer dira gametoak? Gametoak sortzeko, zelula modu berezi baten bidez zatitu behar da. Nola izena du
zatiketa honek?
1.- UGALKETA ZELULARRA
2.- GAMETOEN SORRERA. MEIOSIA
EE: erantzunik ez / EO: Erantzun okerra / OG: Osatu gabea / AT: Adierazpen txarra / ZG: Zentzurik gabea /ZF: Zehaztasun falta
EE EO OG AT ZG ZF
4
Pertsona baten gameto guztiek kromosoma- eta genetika-ezaugarri berdin-berdinak al dituzte? Eman bi
arrazoi.
EE EO OG AT ZG ZF
5
Espermatogenesia eta obogenesiaren arteko desberdintasunak azaldu.
EE EO OG AT ZG ZF
6
Osatu meiosiari buruzko ondorengo esaldi hauek:
a) I profasean, _________________________ parekatzen dira eta ADN zatiak elkartrukatzen dituzte.
b) __________________(e)an, kromosoma homologoak bereizi eta zelulako muturretara joaten dira.
c) II anafasean, _____________________bereizi egiten dira, eta zelulako muturretara joaten dira.
d) Meiosian, bi zatiketa gertatzen dira jarraian, eta azkenean, ______________ osatzen dira, genetikoko
elkarren artean ______________________ eta zelula amarekiko ___________________ .