konparazio perpausak
TRANSCRIPT
Konparazio perpausakHitz egitean, nozioak mailaka ditzakegu
Hitz egiterakoan, sarri erabiltzen ditugu neurtu,
mailakatu eta pareka daitezkeen nozioak eta
kontzeptuak. Eta hain zuzen ere, horretarako, nozioak mailakatzeko eta
parekatzeko, erabili ohi ditugu konparazio perpausak.
Esaterako, pertsona bat modu askotakoa izan daiteke: alaia, ona, tristea, gaiztoa,
urduria…. Baina ezaugarri horiek zehaztu nahi baditugu, kualitate horiek guztiak
mailakatu egin daitezke: BEREZIKI alaia, OSO ona, gaiztoEGIa, BIZIKI urduria….
Horrez gain, bi lagunen izaera ezberdina, antzekoa edo berdina izan daiteke, eta
beraz, izaera mota horiek ere konparatu egin daitezke: Garoa Martin baino alaiAGOa
da, Sara BEZAIN langilea da Maddi….
Konparazio perpausak adberbio, adjektibo edo izen sintagma baten osagai izaten
dira. Hau da, adjektibo eta aditzondoek hartzen dituzten maila-aditzondoek (hain,
oso, aski…) edo izen sintagmek hartzen dituzten zenbatzaileek (asko, zenbait,
bost…) izan ohi duten zeregin edo funtzioa izaten dute konparazio perpausek. Hori
dela eta, hurrengo adibideetan zeregin berbera errepikatzen da, dela maila
aditzondo baten bidez (“oso”), dela konparazio perpaus osoaren bidez. Horregatik
diogu perpaus konparatiboak izen sintagmaren, adjektibo sintagmaren edo
adberbio sintagmaren osagaiak direla.
Maite OSO neska jatorra da.
Iñigo Unax BEZAIN langilea da.
Zure alaba nirea BAINO azkarrAGOa da.
Konparazio perpausetan, maila-hitz edo zenbatzaileekin ez bezala (oso ederra),
konparazio-morfemek beste perpaus bat behar dute erkaketa egiteko, adibideetan
ikusten den gisan.
Uste zuen bezain laster iritsi zen mendira. (Adberbio sintagma)
Auzo hau hango hura baino txiroagoa da. (Adjektibo sintagma)
Nire amonak zureak (dituen) adina urte ditu. (Izen sintagma)
Horrenbestez, konparazio perpausak izen sintagmaren, adjektibo sintagmaren eta
adberbio sintagmaren osagai izaten dira, eta beraz, sintagma horien barnean
agertuko dira. Perpaus nagusiko osagai baten osagarriak dira (osagaia da
perpausaren zatia; osagarria zati hori osatzen duen elementu bat). Baina zuzenean
perpaus nagusiaren osagai ere izan daitezke. Hori gertatzen da esaterako, BEZALA
eta ADINA morfemak dituzten perpausetan.
Nire lagunak ez daki zureak dakien ADINA.
Maddik txikitan BEZALA hitz egiten du.
Bi adibide horietan, konparazio perpausak perpaus nagusien atalak dira zuzenean.
Ohart gaitezen, atal horien ordez beste atal bat sor dezakegula inolako arazorik
gabe:
Nire lagunak ez
daki noiz etorriko den
Maddik leihotik hitz
egiten du
Ikus ditzagun orain
ondoko beste adibideok:
Nire lagunak ez daki zureak dakien ADINA txiste.
Maddik txikitan bere ahizpak hitz egiten zuen BEZALAko keinuekin hitz egiten du.
Bi adibide horietan, ordea, perpaus nagusiko osagai batean txertatuta daude
konparazio perpausak: txiste eta keinu sintagmetan, alegia. Beraz, kasu honetan,
konparazio perpausak sintagma horien buruaren (txiste, keinu) osagarriak dira, eta
ez perpaus nagusiaren atalak. Eta sintagma horiek (burua + konparazio perpaus
osagarria) perpaus nagusiaren osagaiak dira.
Konparazio perpaus motakKonparazio perpausetan berdintasunari edo desberdintasunari errepara dakioke.
Esan nahi da, konparazioak egiten ditugunean, bi kontu bata bestearen parean
jartzean, haien artean dagoen berdintasunean edo desberdintasunean ohartzen
gara. Horregatik diogu perpausak berdintasunezkoak edo desberdintasunezkoak
izan daitezkeela. Hori da lehenbiziko sailkapen nagusia. Baina, bestalde,
berdintasunezko edo desberdintasunezko konparazioa mailaz ari garela, hor
graduak ere bereiz daitezke: ez da gauza bera “handixeago”, “handiago”, “askoz
ere handiago” edo “handiena” izatea. Konparazioan zenbatasuna edo modua ere
hartzen da, horregatik, kontuan.
Berdintasuna markatzeko adina, bezain,bezala eta horien antzeko morfemak
erabiltzen ditugu. Desberdintasuna adierazteko, berriz, baino…-agobezalako
morfemak. Desberdintasuna adieraztean gehiago eta gutxiagozenbatzaileak ere
erabil daitezke zenbatasuna bereizteko.
Gutxiagotasunezko konparazioen arazoaOrdea, maila konparatzerakoan gutxiagotasunezko konparaziorik ezin da egin
euskaraz.
Zure autoa nirea baino garestiagoa da.
* Zure autoa nirea baino gutxiago garestiagoa da.
Aditzondo edo izenondo baten mailaz ari garenean sortzen da arazoa. Izan
ere, halakoetan, desberdintasuna gehiagotasunezkoa dela besterik ezin dugu esan.
Hots, pentsa dezagun bi idazle bereziki onak ezagutzen ditugula. Bat bestea
baino hobea (hobea= on + AGO) dela esan dezakegu, hori pentsatzen badugu.
Gehiagotasuna adierazten dugu horrela. Baina gehiagotasuna adierazi beharrean
gutxiagotasuna adierazi nahi badudu arazoak ditugu: nola esango dugu ez bat
bestea baino hobea dela, baizik ez dela bestea bezain ona, edo bestea bezain
txarra? Nola adierazi hori -AGO maila hitza erabiliz?
Holakoetan, gutxiagotasuna adierazi nahi denean bi bide hauek ditu euskarak:
berdintasuna ukatzea edo kontrako adiera duen beste adjektibo edo adberbio bat
erabiltzea, antonimo bat, alegia. Zeharkako bidea da hau (bat bestea bezain ona ez
dela adierazteko txarragoa dela esan daiteke, baina orduan
konparazioa txar izenondoaren gainean egiten dugu, eta ez jatorrizko on izendoan
oinarrituz. Horregatik diogu zeharkako bidea dela. Hemen ditugu bi bideak, adibidea
aldatuz:
Nire autoa ez da zurea bezain garestia.
Zure autoa nirea baino merkeagoa da.
Hori du euskarak biderik arruntena. Baina batzuetan ezin du saihetsi kontua, eta
zeharkako bide horren bitartez nekez adieraz dezake behar den zehaztasunez
erakutsian utzi nahi den konparazio maila. Zientzietan, esaterako, sarri aipatu izan
da halako egiturak behar direla, zehaztasunaren mintzatzekotan, eta zeharkako
bideek ez dutela lekurik, zehaztasuna erabat galdurik geratzen baita. Adibidez, bi
pobre elkarren artean erkatu nahi baditugu, bistan da ezin esan dela “hain pobrea
ez den” lagun horretaz ari garela, bestea baino “aberatsagoa” dela.
Hori zehaztasunez adierazteko, zehar bideak erabili gabe, bada gutxiagotasunezko
konparatiboen adibide bat edo beste literaturan. Holako moldeak hartzen dituzte:
Gure semea ez dago ongi burutik, baina batzuetan gutxiago nahasia du beste batzuetan
baino
Nahi bada, goiko adibidea ekarririk berriz ere hona, hau esan daiteke, hain ona ez
den idazleaz:
Martin gutxiago ona da Peru baino
Superlatiboarekin ere aurkitzen dira holako arazoak. Eta irtenbide hau ikusten da
noizbehinka:
Jainkoak batzutan hautatzen dituela, munduaren arabera gutien
zuhur direnak, ahalkaraztekotzat zuhurren direlakoak.
(Larreguy, Testamen çaharreco eta berrico historioa)
Beraz, holako zerbait:
Konkistatzaileek artean Urtsuko Pedro zen gutxien txarrena
Vargas Llosaren liburuen artean azkenekoa da gutxien onena
Lehenbiziko adibidean konkistatzaile guztiak txarrak zirela ari gara presuposatzen,
eta bigarrenean Vargas Llosaren liburu guztiak onak direla. Beharbada ez da egia ez
bata ez bestea, baina hemen kontua ez da hori, baizik nolako egiturak erabiltzen
ditugun euskaraz holakoak adierazi nahi ditugunean.
Bestalde, <gutxienik + adjektiboa + -EN> esamoldea ere erabil daiteke, baina ez
da ohikoena:
Irtenbide gutxienik txarrena izan daiteke hori (Ibon Sarasola, Euskara Batuaren Ajeak)
Dena den, badirudi egokiena dela holakoak ezinbestekoak direnean bakarrik
erabiltzea, ez baitu usu erabili hori euskarak bere historian, eta mintzatzen
garenean ere aski bazterrekoak baitira.
Perpausen arteko konparazio motakPerpaus batean mailaka daitekeen osagai bat (adjektibo sintagma, adberbio
sintagma) edo zenbatu daitekeen izen sintagma bat dugunean, beste perpaus bat
har daiteke erreferentzia gisa konparazioa egiteko. Perpaus nagusiko osagai horren
inguruan egingo da konparazioa, maila edo kantitatea jarriz, eta maila hori
zehazteko, beste perpaus bat erabiliko da. Zer zerekin alderatzen den kontuan
hartuz, BERDINTASUNAz eta DESBERDINTASUNAz gain,
- MAILA
- ZENBATASUNA, eta
- MODUA
ere konpara daitezke.
Maila konparazioaIkus dezagun zeri deitzen diogun maila konparazioa. Ondoko
adibide hauetan edertasun, gogortasun eta handitasun maila
konparatzen ditugu. Konparatzen diren bi
gaiak zenbateraino diren polit, gogor eta handiak, hori da
konparazioaren gaia.
Elgoibar Eibar baino politagoa da.
Txirrindularitza futbola bezain gogorra da.
Nire etxea zurea bezain handia da.
Zenbatasunezko konparazioaKonparazio gaia kantitatea ere izaten ahal da: iturri batek beste iturri
batek baino ur gehiago, edo gutxiago eman dezake; liburu batek beste
batek baino orrialde gehiago edo gutxiago izan dezake, irudi gehiago edo gutxiago;
etxe batean haurride gehiago edo gutxiago bizi daitezke; jatetxe batean beste
batean baino bazkari gehiago edo gutxiago eman dezakete. Hori zehaztu nahi dugu
azken batean: zenbat ur gehiago, zenbatorrialde gehiago, zenbat haurride
gehiago,zenbat bazkari gehiago, eta abar.
Mirenek Arantxak baino ur gehiago edan du.
Zure liburuak nireak baino orrialde gehiago ditu.
Goiko kaleko iturriak ur gehiago ematen du Iparragirre kalekoak baino
Ohart gaitezen, dena den, konparazio morfema izenaren (edo konparagaiaren)
ezkerrean nahiz eskuinean joan daiteke, ezkerrean joatea baldin bada arruntena ere
(euskalki kontua da):
herri honetan beste herri hartan baino etxe gehiago dago
herri honetan beste herri hartan baino gehiago etxe dago
Modu konparazioaBezala morfemaren bidez egiten da hemen konparazioa, horrenbestez, NOLA
galderari erantzunez, modua da konparazioaren gaia.
Martinek atzo egin zuen bezala egingo dute bihar gainerakoek.
Etxean bezala inon ez.
Bezala morfemarekin aditzondoak osatuko ditugu beti. Dena den bezain maila
konparazio morfema dagokion izenondo edo aditzondoari erantsiz, modua graduatu
ahal izango dugu.
Martinek nik bezala egiten du lan. (nola?)
Martinek nik bezain ondo egiten du kantu. (zenbateraino ondo?)
Bezala morfemak berdintasuna adierazten du beti baina desberdintasuna
adierazteko, berdintasuna uka daiteke, ezpartikula erabiliz.
Martinek nik ez bezala egiten du lan.
Holako konparazioak egiteko adina morfema ere erabiltzen dugu. Dena
den, adina morfema izen sintagma baten osagai izan daiteke (adina diru), baina
aditzondo bat ere osa dezake zuzenean berak bakarrik (adina).
Arantxak Maddik adina diru dauka. (Izen sintagma: zenbat diru?)
Arantxak Maddik adina daki. (Aditzondoa: zenbat?)
Konparazioaren egituraOsagaiak
Konparazio egituretan osagai hauek biltzen dira: bi atal eta kuantifikatzailea.
Konparazioan bi perpaus elkartzen ditugu beti: bigarrenean kuantifikazioa edo maila
ezartzen da, eta lehenbizikoan erreferentzia-puntua edo araua. Bi atal hauek egitura paraleloa izaten dute.
A (konparazio perpausa) + B (perpaus nagusia)
erreferentzia puntua edo araua + kuantifikazioa
Amets Miren baino azkarragoa da.
Nire etxea zurea baino handiagoa da.
A (erreferentzia puntua) B (perpaus nagusia)
Miren baino azkarragoa da Amets
zurea baino handiagoa da nire etxea
B atalean kuantifikazioa ezartzen da, eta horretarako, azkar/handi adjektiboei -
ago maila-hizkia ezarri zaie, goiko adibideetan.
A eta B atalek egitura paraleloa izan ohi dutela esan dugu, baina gerta liteke
erreferentzia puntua ez aipatzea, eta testuinguruak argitzea informazio hori:
Nire liburua zuk erosi duzun hori baino berriagoa da.
Nire liburua berriagoa da
Ziur nago, nire etxea handiagoa da.
Lehenbiziko adibidean erreferentzia puntua agerian dago: zuk erosi duzun (liburu)
hori. Eta horrekin konparatuz erabakitzen dugu nire liburua berriagoa dela. Aldiz,
ondoko bietan ez dugu erreferentzia puntua agerian uzten, eta testu inguruak
argitzen digu guztia.
Erreferentzia puntua agertzen denean, konparazio perpausak, mendekoak alegia, -
(e)n menderagailua hartzen du aditzean (zenbaitek -eNA atzizkia erabiltzen duten
arren, badirudi erabilera hori aski bazterrekoa dela, eta gramatikaren ikuspuntutik
aski eztabaidagarria). Aditza isil daiteke, ordea.
Zuk egiten duzun baino hobeto egiten du Naxarik dantzan.
??Zuk egiten duzuna baino hobeto egiten du Naxarik dantzan.
Zuk baino hobeto egiten du Naxarik dantzan.
Konparazio perpausetan maila-hizkia eta konparazio morfema izaten ditugu: bezain,
bezala eta halakoetan zenbatzailea eta perpaus txertatua lotzen dituen elementua
hitz bakar batean ageri dira (bez+hain, bez+hala).
auto hori ez da zurea bezain handia
Zuk egin duzun bezala egingo dugu guk ere
baino…-ago eta halako egituretan, berriz, bi elementuak ez daude bat eginik.
Auto hori nirea bezain handia da.
Auto hori nirea baino handiagoa da.
(erreferentzia puntua ezkerrean; perpaus txertatua ezkerrean)
Perpaus nagusiko kuantifikatzailea izen sintagma, adjektibo sintagma edo adberbio
sintagma baten osagaia izango da. Maila-hitzak dagokien maila- edo zenbatzaile-
sintagmako buru izango dira. Horrela, ikus dezagun adibide hau:
xarmanki idazten du
Perpaus horretan xarmanki adberbio sintagma ageri da. Eta adberbio sintagma
horrek konparazio perpaus bat hartzen ahal du osagai gisa:
[beti pentsatu izan dudan bezain] xarmanki idazten du
Mendeko perpausean dago konparazio morfema (bezain, aldi
berean maila hizkia), perpaus txertatuaren buru dena. Eta
horrek guztiak, hau da, perpaus txertatuak
gehi xarmanki adberbioak, adberbio sintagma osatzen du:
[beti pentsatu izan dudan bezain xarmanki]
Eta holako egitura guztietan antzeko analisia egin daiteke:
jende gutxik idatzi du zuk idatzi duzun adina gutun egunkarietan
Kasu horretan [zuk idatzi duzun adina] perpausa gutun izenaren osagaia da, eta
guztiak izen sintagma osatzen du:
[[zuk idatzi duzun adina gutun]
Hau da, hainbeste gutun esango bagenu bezala. Konparazio
perpausak hainbeste zenbatzaileak betetzen duen paper bera betetzen du.
Desberdintasunezko konparazioan baino (konparazio morfema) alde batetik eta -
ago (maila hizkia) bestetik agertzen dira. Beraz, konparazio morfemak zubi lana
egiten du; konparazio sintagmaren burua da, eta sintagma konparatibo hori
perpaus nagusiko osagai baten osagai bihurtzen du.
Zure anaia zu joan zinen baino dotoreago hurbildu zen ezkontzara.
Mendeko perpausa: [zu joan zinen]
Maila sintagma: [zu joan zinen baino dotoreago]
Hori maila sintagma da, eta adjektibo sintagma (egia esan, adberbio sintagmatzat
ere har daiteke kasu honetan).
Baina konparazio sintagmak adberbio sintagma garbi bat ere osa dezake
zuzednean. Hala gertatzen da bezalamorfemarekin,
baita adina kuantifikatzailearekin ere, izen sintagma baten determinatzaile lana
egiten ez duenean.
Zuk atzo abestu zenuen bezala abestu du gaur Anttonek.
Zuk (duzun) adina gose du Anttonek.
Mendeko perpausa: [Zuk atzo abestu zenuen]
Adberbio sintagma, nola galderari erantzuten diona (perpaus txertatua +
konparazio morfema/adberbioa): [Zuk atzo abestu zenuen bezala]
Konparazio morfemak
Berdintasunezko konparazioa Desberdintasunezko konparazioa
adina, adinbat, beste, bezainbat, bezain baino…-ago
Kantitatea konparatzeko: bezain Zenbatasuna konparatzeko: adina, bezainbat,
besteEgiturazko baldintzak
Konparazioak bi erreferentzia puntu eskatzen ditu eta
biak parekoak eta paraleloak izaten dira.
Nik etxean X liburu ditut.
X hori modu askotara zehaztu daiteke:
Nik etxean liburu asko ditut.
Nik etxean badut nahiko liburu.
Konparazio-egitura ere erabil dezakegu, “kanpoko” beste erreferentzia puntu bat
hartuta:
Ahizpak adina liburu ditut etxean.
Mirenek baino liburu gutxiago ditut etxean.
Konparazioaren gaia maila, kantitatea edo modua izaten da. Goiko horretan
zenbatasunezko konparazio bat sortu dugu, liburu kopurua konparatzen baita
egitura horietan.
Egituraren aldetik, konparazio perpausa Izen Sintagmaren osagaia da:
IS (P (ahizpak dituen adina) liburu))
Konparazio perpausak ZENBAT galderari erantzuten dio: zenbat liburu ditut etxean?
Esan dugu bi perpausek egitura paraleloa izan behar dutela konparazioa bideratu ahal izateko.
A B aditza C
Perpaus txertatua Ahizpak X liburu ditu etxean
Perpaus nagusia Nik X liburu ditut etxean
Perpaus nagusiko osagaiak bere horretan gordetzen dira, eta perpaus txertatuko beste batzuk ezabatu egiten dira: nahitaez batzuk, eta aukeran beste batzuk. Hauxe izango litzateke perpaus elkartuaren egitura:
Perpaus elkartuaren egitura
Ahizpak (duen) adina liburu ditut etxean
Ahizpak (duen) Perpaus txertatua
Ahizpak (duen) adina Zenbatzaile sintagma
Ahizpak (duen) adina liburu Izen sintagma
Kontrastean dauden osagaiek agertu behar dute, hau da, gure
adibidean nik/zuk osagaiak. Gauza bera gertatzen da maila konparazioan:
Aioraren ahotsa txoriaren kanta bezain alaia da.
Perpaus txertatua Txoriaren kanta X alaia da
Perpaus nagusia Aioraren ahotsa X alaia da
Konparatu nahi dugunaren arabera, egitura bat edo
beste sortuko dugu. Kontrastean jartzea da
konparatzea. Beraz, bi perpaus paralelo horietan zenbait osagai errepikatu egiten
dira, eta, halakoetan, perpaus txertatukoak isilean uzten dira. Osagaiak
errepikatzen ez badira, kontrastean jarri behar dira eta beraz, perpaus txertatukoak
ere agerian egongo dira.
Goian jarritakoak baino egitura konplexuagoak ere izan daitezke, jakina:
Amaiak gaur gasolio asko bota dio autoari.
Perpaus nagusiaren araberakoa da egitura osoa:
Amaiak gaur autoari bota dion adina gasolio bota diot nik nire furgonetari.
Amaiak gaur (bota dion) adina gasolio bota nion nik nire furgonetari atzo.
Amaiak (bota dion) adina gasolio bota nion nik nire furgonetari atzo.
Gauza bera gertatzen da adjektiboekin ere:
Autoa motoa bezain azkarra da.
Autoa garesti bezain azkarra da.
Bi esaldi horien esanahia zeharo ezberdina da, perpaus nagusia berbera izan arren
bietan.
Autoa X azkarra da.
Gasolioaren garestitasun maila da konparazioaren gaia, alegia, gasolioa
zenbateraino den garesti. Lehenengo adibidean hau ulertzen dugu:
Motoa X azkarra da.
Autoaren azkartasuna motoaren azkartasunarekin konparatu dugu. Bigarren
adibidean, berriz, hauxe daukagu perpaus txertatuan:
Autoa X garestia da.
Beraz, autoaren azkartasuna garestitasunarekin alderatzen dugu. Azkartasun maila
eta garestitasun maila konparatzen ditugu. Egituraz paraleloak dira bi horiek, baina
esanahi ezberdina dute.
Sintagmaren buruak adierazten du konparazioa zertaz egiten den. Buru hori
adjektibo bat, aditzondo bat edo izen bat izango da. Bi perpausetan adjektibo,
aditzondo edo izen beraren mailaz edo kantitateaz ari bagara, perpaus txertatuan
ez da elementu hori agertuko.
* Nik furgonetari Amaiak autoari (bota dion) horrenbeste
gasolio adina gasolio bota diot.
* Nik furgonetari Amaiak autoari (bota dion) gasolio
adina gasolio bota diot.
Nik furgonetari Amaiak autoari (bota dion) Ø adina
gasolio bota diot.
Perpaus erlatiboetan gertatzen den fenomeno bera da: horrenbeste
gasolio osagaiak isilean geratu behar du, sintagmaren buruan adina gasolio ageri
delako. Bietan gasolio kantitateaz ari garenez, perpaus txertatuan ezin
dugu horrenbeste gasolio bezalako sintagmarik jarri agerian. Ordea, batean
gasolioaz ari bagara eta bestean premia kopuruaz ari bagara, zenbatzailea isilean
geratuko da, baina premia izena ez.
Nik furgonetari Amaiak autoarentzat premia (duen) adina gasolio bota diot.
Perpaus txertatuko gainerako osagaiak, kontrastean jarri nahi ditugunak badira,
agerian utziko ditugu, aditza bera barne. Hala ere, aditza kontrasteduna izan ez
arren aditzera eman daiteke.
Maila konparazioa predikatuzko perpausetan agertzen da batez ere: <A B
da> modukoetan.
Autoa motoa bezain azkarra da.
Perpaus txertatuek ere egitura hori izaten dute. Aditzondoak daudenean, aditzaren
inguruan agertzen dira: A B etorri da.
Iker urduri etorri da.
Erreferentziatzat hartzen den perpausak ere egitura hori izaten du.
Iker (ni Ø(etorri naizen) bezain) urduri etorri da.
Hauxe da mendeko perpausaren egitura:
(Ni X urduri etorri naiz).
Beste hauxe da perpaus nagusiarena:
Iker X urduri etorri da.
Egitura paraleloak dira beraz.
Dena den, adjektiboa ISren barnean ageri da askotan:
Zuhaitz handia da hura.
Hemen ere konparazioa ezar daiteke:
Pinu hau bezain handia da zuhaitz hura.
Hauxe da perpaus horren egitura:
(Pinu hau X handia da -eN bezain) handia da zuhaitz hura.
Sintagma absolutibo hori inesiboan ere eman daiteke.
Pinu hau bezain zuhaitz handi batean eraiki zuen etxetxoa
Markelek.
Azpian dagoen konparazio perpausa berbera da:
(Pinu hau X handia da)
Hortaz hauxe da egitura:
(Pinu hau X handia da -eN bezain) zuhaitz handi batean eraiki zuen etxetxoa Markelek.
Bi perpausak honelakoak dira:
Pinu hau X handia da.
Zuhaitz X handi batean eraiki zuen etxetxoa Markelek.
Bigarren perpaus horretan (zuhaitza X handia (izan)) dagoela onartzen badugu,
paralelotasuna egon egongo da.
Honela ere eman daiteke:
Pinu hau bezain handia den zuhaitz batean eraiki zuen etxetxoa Markelek.
Perpaus hori ere erabat zuzena da. Aurrekoak baino zehatzago betetzen du gainera
paralelotasuna: perpaus erlatiboa hartzen badugu kontuan, hauxe da berriz ere
egitura:
Zuhaitz hura (pinu hau X handia den bezain) handia da.
Paralelotasuna gorde arren, egitura anbiguoak gertatzen dira
batzuetan:
Miren bezain zuhaitz handi batean eseri zen Markel.
Hauxe izango litzateke interpretazio arruntena:
(Miren X handia da -eN bezain) zuhaitz handi batean eseri zen
Markel.
(MIren bezain handia den zuhaitz batean eseri zen Markel.)
Baina beste interpretazio hau ere zuzena da:
(Mirenek X zuhaitz handian eraiki du -eN bezain) zuhaitz handi batean eseri zen Markel.
(Biak zuhaitz handi batean eseri ziren.)
Horrek esan nahi du, honelako egiturak anbiguoak izan daitezkeela. Bestalde, zein
da perpaus honen interpretazio zuzena?
Zu bezain lagun jatorrekin ibiltzen da mutil hori.
Ohikoena hau dela dirudi:
(Zu X jatorra zara -eN bezain) lagun jatorrekin ibiltzen da
mutil hori.
(= Zu bezain jatorrak diren lagunekin ibiltzen da mutil hori.)
Baina beste hau ere izan liteke:
(Zu X lagun jatorreki ibiltzen zara -eN bezain) lagun jatorrekin ibiltzen da mutil hori.
(= Zu ibiltzen zaren bezain lagun alaiekin ibiltzen da mutil hori)
Desberdintasunezko konparazioan ere gauza bera gertatzen da:
Zu baino dantzari trebeagoak ez ditut asko ezagutu.
Perpaus horrek interpretazio bakarra du:
(Zu X dantzari trebea zara -eN baino) dantzari trebeagoak ez ditut asko ezagutu.
Eman dezagun perpaus txertatuko sintagma absolutibo hori beste kasu batean:
Zu baino dantzari trebeagoekin aritu nahiko nuke aurrerantzean.
Hori ere zuzena da, eta beste honen baliokidea izango litzateke:
Zu baino trebeagoak diren dantzariekin aritu nahiko nuke aurrerantzean.
Adibide horretan ez dago anbiguotasunerako lekurik konparazio perpausaren
subjektua (zu) eta perpaus nagusikoa (nik) kasu desberdinean doazelako. Biak
absolutiboan joanez gero gerta liteke anbiguotasuna.
Zu baino dantzari trebeagoekin aritzen nintzen (ni).
- Zu baino trebeagoak ziren dantzariekin aritzen nintzen.
- Zu zaren baino trebeagoak ziren dantzariekin aritzen nintzen.
Oraingoak baino liburu hobeak idatzi zituen gaztetan Irigoienek.
- Oraingoak baino hobeak ziren liburuak idatzi zituen gaztetan Irigoienek.
- Oraingoak diren baino liburu hobeak idatzi zituen gaztetan Irigoienek.
Hala ere, argi dago zein baldintzatan gertatzen den anbiguotasuna eta gehienetan
testuinguruak emango digu anbiguotasuna hausteko bidea. Mendeko perpauseko
aditza gordez gero gainera hautsi egiten da angiguotasuna.
Miren eser zen bezain zuhaitz handi batean eseri zen Markel.
Zu ibiltzen zaren bezain lagun alaiekin ibiltzen da mutil hori.
Taxu orokorraHauxe da konparazio perpausen itxura orokorra, berdintasunezko eta
desberdintasunezko konparazioa den bereizita:
Berdintasuna :
Maila :
AdjS/AdbS […(aditza + -en) + bezain +
adjektiboa/adberbioa)]
Martin bezain lotia da Klara.
Martin bezain pozik etortzen da Klara.
IS […(aditza + -en) + bezain + izena + adjektiboa (…)]
Eskolan gutxi dira Auritz den bezain mutiko azkarra.
Zenbatasuna : (bezain gutxi ere izan daiteke, gutxitasun maila
konparatzeko. Ez, ordea, asko: *oso asko, *hain asko)
IS […(aditza + -en) + adina/adinbat/beste/bezainbat +
izena]
Sarak beste marrazki ekarri ditu Anerrek.
Adbs […(aditza + -en) + adina/adinbat/beste/bezainbat]
Amona zahar batek beste hitz egiten du Garazik.
AdjS […(aditza + -
en + adinako/adinbateko/besteko/bezainbateko (izena)]
Harriak adinako elur-malutak erori ziren.
Modua : (Moduzko konparazioa beti da berdintasunezkoa.
Desberdintasuna adierazteko, maila konparaziora jo behar da, edo
ezeztapenera (ez bezala)
AdbS […(aditza + -en + bezala]
Azkenean nik espero nuen bezala joan dira oporrak.
AdjS […(aditza + -en) bezalako] (izena)…
Ikerren irribarrea bezalakoa da bere semearena.
Desberdintasuna :
Maila :
AdjS […(aditza + -en) + baino + adjektiboa + ago(a)]
Atzo baino alaiago zaude gaur.
AdbS […(aditza + -en) + baino + adberbioa + ago]
Zu (iritsi zinen) baino beranduago iritsi zen Martin.
IS […(aditza + -en) + baino + izena + adjektiboa + agoa]
Markel baino mutil azkarragoa da Eneko.
Maiderrek baino arropa politagoa dauka Araitzek.
Zenbatasuna :
IS […(aditza + -en) + baino + izena + (gehi-/gutxi-)ago]
Guk espero genuen baino auto gehiago pilatu dira aparkalekuan.
AdbS […(aditza + -en) + baino + (gehi-/gutxi-)ago]
Uste genuen baino gutxiago balio du etxe horrek.
Konparazio morfemen gramatika kategoria
Kantitatezko konparazio perpausetan agertzen diren morfemak
(adina, bezainbat…) zenbatzaileak (zenbait, hamaika) dira.
Zenbatzaile hauek, ordea, osagarri gisa perpaus bat eramaten
dute ezkerretara. Maila konparatiboak, berriz, (hain, aski) maila-
hitzak dira (bezain, baino…-ago). Batean hitz bakarra da, bestea
morfema “hautsia” da. Maila-hitz horiek ere perpaus bat eramaten
dute ezkerrean. Modu konparazioetan bezala erabiltzen da, modu
aditzondoa, honela, horrela eta antzekoen parekoa. Bezala morfemak ere perpaus
bat eramaten du,honela, horrela eta antzekoek ez.
Beraz, zenbatzaile, maila-hitz eta modu aditzondoetan bi multzo daude: postpositiboak eta burujabeak. Bi multzo horien arteko aldea da konparazio morfemek osagarri bat gobernatzen dutela eta zenbatzaile eta maila-adberbioek ez dutela osagarririk behar.
Postpositiboak Burujabeak
Zenbatzaileakadina, adinbat, bezainbat, bezainbeste,
besteasko, hainbeste, zenbait, bost
Maila-hitzak bezain, baino…-ago hain, aski, oso
Modu aditzondoak bezala, legez honela, horrela, hala, ongi
Hau da, adina, bezain, bezala eta antzeko konparazio morfemak postpositiboak
dira, perpaus bat behar dute ondoan; zenbait, hainbat, oso eta antzekoak, berriz,
burujabeak dira, ez dute perpausik gobernatzen.
Eskatzen didazun ADINA sagardo ezin dizut eman.
* ADINA sagardo ezin dizut eman.
Liburu hori ez da nik uste BEZAIN polita.
* Liburu hori ez da BEZAIN polita.
Bezala aditzondoa da, honela bezala. Baina honelak ez du perpausik onartzen
ezkerretara, eta bezalak nahitaezkoa du:
Amak BEZALA sukaldatzen duzu.
* BEZALA sukaldatzen du duzu.
Beste morfema batzuek bietara joka dezakete: hainbatek, esaterako. Ez
badahainbat zenbatzaile soiltzat eta a(d)inbat konparazio-zenbatzailetzat hartzen
dela, lan honetan bezala.
HAINBAT ikasi beharko zenik ez nuen uste.
* Zuk behar duzun ADINBAT ez du beste inork ikasten.
Konparazio perpausaren ardatza konparazio morfema bera da. Baina
desberdintasunezko konparazioan izan ezik, konparazio morfema horrek barnean
darama maila-hitza, zenbatzailea edo modu-adberbioa. Horrenbestez, konparazio
egitura osoa zenbatzaile kategoriakoa, maila adberbio kategoriakoa eta modu
adberbio kategoriakoa (bezalarekin esaterako) izan daiteke batzuetan. Izan ere,
perpausaren burua konparazio morfema bada, egitura osoa morfema
horren kategoria berekoa izango da.
Ez dugu (uste genuen ADINA) lan izan azkenean. (zenbatzailea)
Gure autoa ez da (nahi BEZAIN) azkar iritsi. (maila adberbioa)
Gure seme-alabak ez dira (gu bizi ginen BEZALA) bizi. (modu adberbioa)
(Euskal Herrian BEZAINBAT) mendi ez du beste inon ikusi. (zenbatzailea)
Konparazio perpausa eta mugatzailea Zenbatasunezko konparatiboa izen sintagma mugagabe batean joaten da
txertatuta. Horrenbestez, konparazio egitura osoa zenbatzaile
zehaztugabeen multzokoa izango da.
Nik adina goxoki dituzue zuek poltsa horretan.
Aurreikusi baino ikus-entzule gehiago izan dira emanaldian.
Maila konparatiboek adjektiboen jokabide orokorra dute mugatzaileari
dagokionez.
Ander zu bezain kirolaria da.
Lasterketa irabaztea bezain zail(a) da amaitzea.
Hala ere, -ago morfema daramaten konparatiboek mugagabea ere onartzen dute,
izen predikatu gisa doazenean:
Maite zu baino lirainago da.
Maite zu baino lirainagoa da.
-eN/-eNA + konparazio morfemaKonparazio morfemaren ezkerretara ageri den
perpauseko aditzak, agerian badago, -en atzizkia
eskatzen du, ez du -a mugatzailea behar. Beraz -a
atzizkirik gabekoa da forma jatorra: …-en baino…, …-en
adina…, …-en bezala…, …-en bezain… Hizkera arruntean
…-ena baino… eta antzekoak zabaltzen ari dira baina
forma hori ez da egokia. Hala ere, bizkaiera zaharreko
testuetan …-ena legez erabat arrunta da eta egungo
zenbaitetan ere ageri da.
Guk geure zordunai parketan deutsaguna legez. (J. P.
Betolaza, Doctrina Christiana)
Gehiago dio dakiena baino.
Perpaus horiek -a gabe emango lituzkete idazle gehienek: parketan deutsagun
legez, dakien baino… Dena den, -ena forma erabat zuzena da konparatiboaren
barnean erlatibodun izen sintagma absolutiboa baldin badugu:
Nik oparitu nizuna baino hobea da telebista hau.
(Nik oparitu nizun (telebista den) baino hobea da telebista hau.
Horregatik, bi hauek esanahi erabat ezberdina dute:
Sagar hau ez da nahi nuen bezain freskoa baina erosi egingo dut.
Sagar hau ez da nahi nuena bezain freskoa baina erosi egingo dut.
Lehenengo adibidean sagar freskoagoa nahi izan arren, erosi egingo dudala esaten
dut; bigarrengoan, berriz, beste sagar bat nahi nuen, freskoagoa zena, baina
azkenean horixe bera hartuko dut. Lehenbizikoan sagar bakarraz ari gara;
bigarrengoan, berriz, bi sagar dira. Horregatik ez dira nahasi behar bi egiturak.
Zenbait esapidetan -ena + baino jarri behar da, erlatibo argia dutelako azpian:
Askotan, lanean ikasten dena hobea da, eskolan ikasten dena baino.
Baina gehiago ageri denean, ez dago horren argi:
Irakasleak bere hitza bete du, eta ikasleei agindu ziena baino gehiago eman die azkenean.
Agindu zien hura baino gehiago interpreta daiteke adibide horretan, baina -en +
baino egitura ere erabil daiteke.
Irakasleak bere hitza bete du, eta ikasleei agindu zien baino gehiago eman die azkenean.
Zenbaitetan egiturak nahasi egiten dira, eta nahaste hori zilegi da <baino
gehiago/gutxiago>, egitura desberdina izan arren, esanahi bera izaten baitute
askotan:
Behar duena baino gehiago jaten du zure umeak.
Behar duen baino gehiago jaten du zure umeak.
Bi egitura ezberdin dira:
(X behar du)en baino gehiago jaten du zure umeak.
(Behar duena X da)en baino gehiago jaten du zure umeak.
Esanahia berbera da, eta zenbatasunaz aritzeko biak dira zilegi, gehiago tartean
denean. Bestelako adjektibo batzuekin ere, erlatibo gisa interpreta badaitezke,
zilegi izango dira. Aditzondoekin ez da horren egokia.
Garai batean egingo nukeena baino hobeto egingo nuke orain.
Adibide horretan ezin da erlatibo gisa ulertu.
Aipatu dugun nahastearen harira, gaur egun zenbait esamolde ere bide beretik datozela pentsa liteke.
Arauaren arabera, baino-k aditz jokatuzko perpausa behar badu, barnean erlatibo jokatugabea dutela
ulertu behar dira:
Aurreikusitakoa baino lehenago gertatu da hori.
Eskertuko nizuke orain arte egindakoa baino lan gehiago egitea.
Aurreikusitako hura baino lehenago gertatu da hori.
Eskertuko nizuke orain arte egindako lana baino gehiago egitea.
Bigarren perpausean ez dago arazorik bi moldeak ulertzeko. Lehenengoan, ordea, ez da horren erraza.
Horrelako esamoldeak ez dira oso jatorrak, eta hauek dira forma egokienak:
Aurreikusi zen baino lehenago gertatu da hori.
Eskertuko nizuke orain arte egin duzun baino lan gehiago egitea.
Konparazio perpausa eta zenbatzaileaAdjektiboak izen sintagmaren barnean joan ohi dira, eta adjektibodun
izen sintagmek zenbatzaileak har ditzateke.
Bi panpin txiki erosi ditut.
Bertso hunkigarri bat idatzi zidan Ikerrek.
Adjektibo horiek maila-hitzak ere har ditzakete.
Panpin handiagoak erosi behar zenituen.
Bertso hunkigarriago bat idatzi behar zidan Ikerrek.
Hala ere, maila-hitza eta zenbatzailea ezin dira sintagma berean joan.
* Hain bertso hunkigarri bat idatziko zidanik ez nuen uste.
* Oso bertso hunkigarri bat idatzi zidan Ikerrek.
Sintagma horiek aposizio gisa, bi sintagmatan zatituz eman litezke:
Hain bertso hunkigarria idatziko zidanik ez nuen uste.
Bertso bat oso hunkigarria idatzi zidan.
Bertso bat idatzi zidan, oso hunkigarria.
Arazo hori are nabarmenagoa da maila-hitz soilaren ordez konparazio perpaus osoa
daukagunean:
Zureak bezain panpin txikiak erosiko ditut.
Zureak baino panpin handiagoak erosiko ditut.
* Zureak bezain bi panpin txiki erosiko ditut.
* Zureak baino bi panpin handiago erosiko ditut.
Ordena aldatuz, honela eman ditzakegu:
Bi panpin erosiko ditut, zureak bezain txikiak.
Bi panpin erosiko ditut, zureak baino handiagoak.
Konparazio perpausa erlatibo baten barnean ere eman daiteke:
Zureak bezain txikiak diren bi panpin erosiko ditut.
Zureak baino handiagoak diren bi panpin erosiko ditut.
Konparazio morfemaren ezkerretara ager daitezkeen osagaiak
Konparazio perpausa perpaus txertatua dela esan dugu. Sarritan, ordea, perpaus
horren arrasto batzuk ez dira azaleratzen, erabat laburtua agertzen delako. Perpaus
nagusiak eta txertatuak egitura paraleloa dutenez, kontrastean jarri behar diren
osagaiak gordetzen dira perpaus txertatuan. Hortaz, konparazio morfemaren
ezkerretara perpaus txertatuaren osagai bat edo gehiago ager daitezke, dagokion
kasu marka edo postposizioa hartuta. Aditz eta guztiko perpaus bat ere ager
daiteke inoiz.
Aditz eta guztiko perpausa
Nik uste nuen baino errazagoa izan zen azterketa.
Nahi genuen bezainbat jan genuen afari hartan.
Uste izan, nahi izan eta antzekoekin aditzaren bigarren osagaia (izan) ezabatu
egiten da.
Nik uste baino errazagoa izan zen azterketa.
Nahi bezainbat jan genuen afari hartan.
Adizki perifrastikoaren laguntzailea ere ezaba daiteke batzuetan. Adibide honetan,
esaterako, mendeko perpauseko aditz laguntzailea ezabatuta dago:
Irabazten bezainbat diru gastatzen du.
Aditz nagusia partizipio eran ere ager daiteke, bezalarekin, nahiz baino
lehen eta bezain lasterekin:
Amak esan bezala garbitzen baduzu, txukun geratuko zaizu alkandora.
Lana gutxitu adina poza handitzen zitzaion langileari.
Irakasleak esan baino lehen erantzun zuen Maitek.
Irakasleak esan bezain laster erantzun zuen Maitek.
Atera bezainbat diru sartu du kontuan.
Perpaus murriztuaKonparazio morfemaren osagarria perpausa dela onartu arren, perpaus hori erabat
murriztuta ageri ohi da: aditza ezabatuta eta perpaus nagusiko osagaien kide diren
gainerako osagaiak ere ez dira agerian egongo. Horregatik,adina, bezain eta
halakoen ezkerretara oso elementu gutxi agertzen dira.
Herri horretan ez dago inor ALKATEAK adina diru duenik.
ZU bezain zoriontsua naiz ni.
Krisian gaude eta ez dago LEHEN adina gogo parrandarako.
Perpaus horiek murriztuta daude, eta bi arrazoi nagusi daude hori ondorioztatzeko:
batetik, aditza sartuz ez perpausek ez dute gramatikaltasunik galtzen.
Herri honetan ez dago inor ALKATEAK duen adina diru duenik.
ZU zaren bezain zoriontsua naiz ni.
Krisian gaude eta ez dago LEHEN izaten zen adina gogo parrandarako.
Bestetik, perpaus murriztu horretatik agerian gelditzen diren osagai horien
morfologia da: “azpiko” perpausean lekokiekeen kasu marka gordetzen baitute:
Alkateak adina diru (Alkateak ergatiboan)
Mendian adina elur (mendian inesiboan)
Osagai bat baino gehiago ere ager daiteke, zein bere kasu markarekin. Perpaus
honetan, esaterako, nork eta zer ageri dira:
Inork ez du behin ere bere etxea maite izan guk gure borda txikia adina. (guk, gure borda
txikia)
Nik bihotzean maitasun adinbat ez dago mundu osoan. (nik, maitasun)
Hala ere, bigarren perpaus horretan arau bat urratu da: mendeko perpauseko aditza
gehienetan ezkutuan egoten dela esan dugu, baina adibide horretan bi
perpausetako aditzak ezberdinak direla dirudi eta beraz ez litzateke mendeko aditza
isilarazi behar. Hala ere horixe gertatu da. Aditza isildu gabe honela behar luke:
Nik bihotzean dudan maitasun adinbat ez dago mundu osoan.
Zenbait arau orokor
-Morfema hauek perpausa eskatzen dute ezkerretara
-Perpaus nagusiak eta mendekoak egitura paraleloa izaten dute
-Perpaus hauetan hutsune bat nahitaezkoa da: zenbatzaileari edo maila-hitzari eta hori kokatuta dagoen
sintagmari dagokiona
-Gainerako osagaiak agertzea aukerakoa da gehienetan. Oso gutxi agertzen dira normalean, kontrastean
daudenak bakarrik
-Aditza ageri bada, -en morfema eramango du
Osagaien ordenaKonparazio morfema hauek postpositiboak direla esan dugu. Horrez
gain, perpaus konparatiboa ere dagokion sintagmaren ezkerretara
kokatzen da. Horrenbestez, perpaus konparatiboa adjektibo,
aditzondo edo izenaren ezkerretara joango da, konparazio morfema
eskuinean duela.
Irribarre adina negar eragin didazu.
Elgoibar baino handiagoa da Eibar.
Euskaraz bezain ongi hitz egiten du ingelesez.
Bainorekin, ordea, hurrenkera hori hautsi egin daiteke.
Lan hau errazagoa da zuk uste duzun baino.
(Lan hau zuk uste duzun baino errazagoa da)
Konparazio morfemaren eta dagokion sintagmaren artean beste osagairen bat ere
sar daiteke gainera.
Euskara baino gaztelania gogokoago izan dezake zure lagunak.
Honela ere eman daiteke perpaus hori:
Euskara baino gogokoago izan dezake zure lagunak gaztelania.
Gaztelania euskara baino gogokoago izan dezake zure lagunak.
Gaztelania gogokoago izan dezake zure lagunak euskara baino.
Lau adibide hauetan hainbat hurrenker jaso dira: bigarren eta
hirugarren adibideetan gaztelania mintzagaia perpaus osoaren
aurrean edo atzean doa; lehen eta laugarren adibidean,
berriz, euskara baino perpaus konparatibo murriztua lekuz aldatuta ageri da.
Adinarekin ere ohiko ordena aldatu egin daiteke:
Negar eragin didazu, irribarre adina.
Irribarre adina negar eragin didazu. (hau izango litzateke ordena arruntena)
Bezainekin ez dago halako askatasunik ordenean:
Nire arazoak ez dira Maialenenak bezain garrantzitsuak Aitorrentzat.
* Nire arazoak ez dira garrantzitsuak Aitorrentzat Maialenenak bezain.
Bestalde, perpaus konparatiboa izen sintagmaren barneko
adjektibo bati dagokionean, adjektiboak perpaus
konparatiboa “beregana” dezake, egitura osoa izenaren eta
determinatzailearen artean ezarriz:
Pirinioetako mendi ezin azal bezain eder hura.
Jaki ezin esan bezain gozoa.
Hala ere, halako perpaus konparatiboak adberbio
sintagmetan eta izen predikatuetan erabiltzen ditugu batez
ere. Zenbatzaileak ageri direnean ere antzeko zerbait gertatzen da (ikus konparazio
perpausa eta zenbatzailea)
SuperlatiboaOrain arte konparatiboaz aritu gara. Perpaus konparatiboak maila-hitzaren edo
zenbatzailearen lekua bete dezakete. Konparazioa berdintasunezkoa eta
desberdintasunezkoa izan liteke. Berdintasuna adierazteko hainmorfema erabiltzen
dugu erreferentzia-puntua aipatu nahi ez dugunean. Erreferentzia puntua eman
nahi dugunean, berriz, bezain:
Gure etxea ez da hain handia.
Gure etxea ez da zurea bezain handia.
Desberdintasuna adierazteko, berriz, -ago atzizkia erabiltzen dugu. Halakoetan
erreferentzia puntua jaso nahi badugu, bainodun perpaus bat erantsiko diogu -ago-
dun adjektibo edo adberbio konparatiboari:
Elgoibarko plaza handiagoa da.
Elgoibarko plaza Eibarkoa baino handiagoa da.
-ago atzizkiaren parean -en (-egi) atzizkia ere badaukagu, eta -ago atzizkia onartzen
duten hitz guztiek onartzen dute.
Bizikleta hori da handiena.
Zu zara berritsuena.
Soineko hori da diru gehien balio duena.
-en atzizkia duten adjektibo eta aditzondo horiek superlatiboan daude. Maila
adierazten dute, maila gorena.
Superlatibo erlatiboaGramatiketan bi superlatibo bereizi ohi dira:
Superlatiboa
Absolutua oso handia, polit-polita, ikaragarri garestia…
Erlatiboa handiena, politena, garestiena…
Superlatibo absolutuan zerbaiten “tasuna” maila gorenekoa dela esaten da, beste
erreferentziarik hartu gabe. Superlatibo erlatiboan, berriz, beste zerbaitekin
alderatzen dugu tasun hori. Esparru bat finkatzen dugu eta esparru horretan
zerbait handiena, politena, garestiena dela esaten dugu. Horregatik dute egitura
hauek zerikusia konparatiboarekin.
Taldeko azkarrena Aitzol da.
Beste guztiak baino azkarragoa da Aitzol.
Lehenengo adibidean, Aitzolen azkartasuna taldeko kideei erreferentzia eginez
aipatzen dugu hemen, haiekin konparatuz. Bigarren adibidean, konparazio
berdintsua egin dugu, baina oraingoan taldeko kide guztiekin alderatu dugu.
Konparazioa antzekoa da bietan, baina forman aldea dago: lehenengo adibidean
adjektiboa maila superlatiboan jarri dugu; bigarren adibidean, berriz, maila
konparatiboan. Sintaxian ere aldea dago bien artean: konparazioan erreferentzia
puntua kontuan hartzen ez bada, perpaus bakuna izango dugu:
Aitzol azkarragoa da.
-ago-rekin, -egi-rekin eta -en-ekin ere egin litezke halakoak:
Aitzol azkarregia da.
Aitzol azkarrena da.
Baina konparatiboan maila zehaztu nahi badugu, beste perpaus bat har dezakegu
erreferentzia gisa, eta egitura konparatiboak sortu:
Aitzol azkarragoa da LAGUNAK BAINO.
ESAN ZIGUTEN BAINO azkarragoa da Aitzol.
Lehenengoan “lagunak” dira erreferentzia: bigarrengoan, berriz, “haiek
esandakoa”. -egi atzizkia duen adjektibo bat erabiltzen badugu, adjektibo horren
maila ez dugu beste ezerekin harremanetan jartzen, helburu perpaus batekin edo
destinatiboan doan sintagma batekin ez bada.
Soineko hori garestiegia da niretzat.
Soineko hori garestiegia da nik erosteko.
Superlatiboan ere zehatz daiteke gorentasun hori zein
esparrutan gertatzen den:
Ordenagailu hori dendako garestiena da.
Ordenagailu hori nik inoiz ikusi dudan garestiena da.
Ordenagailu hori aurten kaleratu den garestiena da.
Lehenengoan “denda” da erreferentzia; bigarrengoan “nik inoiz ikusi ditudan
ordenagailuak”; eta hirugarren adibidean “aurten kaleratu diren ordenagailu
guztiak” hartzen dira kontuan, garestiena zein den esateko. Beraz, superlatibo
erlatiboak zerbaitekin du erlazioa, konparazio esparru bat du. Konparazio esparru
hori -ko atzizkidun sintagma baten bidez (dendako) edo perpaus erlatibo baten
bidez (nik inoiz ikusi dudan, aurten kaleratu duten) adierazten da.
Horrez gain, superlatiboan doan sintagma horrek izen sintagma
partitibo bat ere eraman dezake ezkerrean.
Hori da dendako ordenagailurik garestiena.
Hori da nik inoiz ikusi ddudan ordenagailurik garestiena.
Hori da aurten kaleratu duten ordenagailurik garestiena.
Superlatiboaren ezkerrean doan perpaus hori erlatiboa da, eta ez
egitura konparatiboetan ageri dena bezala, konparazio morfema
bati loturik datorren perpaus txertatu berezi bat:
Pello inon den irakaslerik zorrotzena da.
Nik inoiz ikusi ditudan pertsonarik adeitsuenak Euskal Herrian daude.
Inon den eta ikusi ditudan ohiko perpaus erlatiboak dira, eta beraz, ezin dugu,
esaterako, aditza isilarazi. Perpaus konparatiboetan bai, ordea.
* Pello inon irakaslerik zorrotzena da.
* Nik inoiz ikusi pertsonarik adeitsuenak Euskal Herrian daude.
Pello zu (zaren) baino irakasle zorrotzagoa da.
Euskal Herrian (dauden) baino pertsona adeitsuagorik ez dut inon ikusi.
Beraz, -ago, -en eta -egi atzizkiak ditugunean, egiturak ezberdinak dira:
Xanpaina garestiagoa da (beste edari asko baino). (Konparazio perpausa)
Xanpaina ez da (merkatuan dagoen) edari garestiena. (Perpaus erlatiboa)
Xanpaina garestiegia da (egunero edateko). (Helburu perpausa)
Ahala = erreferentzia esparruSuperlatibo erlatiboetan esparru bati egin behar zaio erreferentzia baina “ahala”
ere izan liteke erreferentzia esparrua: ahalik eta, ahal den, hainbat, albait…
Eman zure ingurukoei ahalik eta maitasun gehien beti.
Landare horiek albait gutxien ureztatu behar dira neguan.
Mesedez eskatzen dizut, alde egizu hemendik hainbat arinen.
Superlatiboa eta mugatzaileaAtal honetan bi kasu bereiziko ditugu: izen sintagmak eta adjektibo
sintagmak batetik; eta aditzondoak bestetik.
Superlatiboa izen sintagma bat edo izen predikatu bat denean, sintagma
horrekin mugatzailea behar du.
Jostailurik zaharrena hartu dut.
Herriko eraikinik zaharrenean egokitu dute kultura-etxea.
Landare hori da dendan dagoen koloretsuena.
Superlatiboa aditzondo bat denean sortzen da arazoa: mugatzailearekin ager
daiteke (-ena), mugatzailerik gabe (-en) baita partitiboarekin ere (-enik).
Amaitu ezazu albait azkarren lana.
Maitasun horrek eramaten nau zurekiko gauzak ahalik eta hobekienik egitera.
Ikasitakoa gogoratuz ahal dugun zuzenena idazten saiatzen gara beti.
Gauza bera gertatzen da “ahal” gabe ere, superlatiboan aditzondo bat jartzen
dugunean:
Auto hori dago berrien/berriena/berrienik.
Amaia janzten da hobekien/hobekienik/hobekiena.
Adibide horiek erakusten dute aditzondo bati superlatiboa eranstean -en, -ena eta -
enik hirurak ageri direla. Hala ere, badirudi ahalik eta ahal den ageri direnean,
mugatzailearekin (-ena) edo partitiboan (-enik) erabiltzea izan dela ohikoena orain
arte, orain -en nagusitzen ari bada ere. Albait eta ainbat-ekin, berriz, -en da
ohikoena.Superlatiboa eta konparatiboa
Gure inguruko erdaretan askoz gertuago daude konparatiboa eta superlatiboa,
euskaraz baino. Euskaraz ongi bereiz daitezke txikiagoa eta txikiena, bai formaz eta
bai esanahiz. Hala ere, erdaren eraginez edo, perpaus erlatiboa tartean denean
nahasteak sortzen dira.
Eros ezazu gertuago dagoena.
Eros ezazu gertuen(a) dagoena.
Bi horiek esanahi erabat ezberdina dute eta ezin dira bata bestearen ordez erabili.
Lehenengo perpausa konparatiboa da, eta zerbait beste zerbait baino urrutiago
dagoela ulertu behar dugu. Horregatik, jakintzat ematen dena nekeza gertatzen
delako edo, batzuetan konparazioaren bi parteak adieraztea eskatzen da.
Eros ezazu baloi urdina baino gertuago dagoena.
Eros ezazu beste horiek baino gertuago dagoena.
Bigarren perpausa, berriz, superlatiboa da, superlatibo erlatiboa. Denetan gertuen
dagoenaz ari garela ulertu behar dugu hor. Horregatik hain zuzen,
konparatiboarekin erabil liteke bat zenbatzailea. Superlatiboa, berriz, artikulu
soilarekin joaten da:
Eros ezazu gertuago dagoen bat.
Eros ezazu gertuen(a) dagoena.
Konparazio perpausen ereduakKonparazio perpausetan bi eredu nagusi daude: eredu arrunta eta eredu
erromanikoa. Orain arte aztertu ditugun konparazio egitura gehienak eredu
arruntaren arabera sortutakoak izan dira eta orain eredu erromanikoari egingo
diogu tartea.
Eredu arruntaHauxe da konparazio perpausen egitura arrunta:
[perpausa + konparazio morfema (bezain/adina/baino)] + {adjektiboa/izen sintagma/adizlaguna}
Ander (den) bezain jatorra da Mikel.
Maddik (jan duen) adina pizza jan du Garazik.
Haizea (etorri den) baino azkarrago etorri da Nerea.
Konparazioa
Berdintasuna Desberdintasuna
maila zenbatasuna modua maila zenbatasuna modua
bezain adina, beste, bezainbat bezala, legez baino…-ago baino gehiago/gutxiago ez bezala
Eredu erromanikoaKonparazio perpausak eredu erromanikoari jarraituz ere osa daitezke, hau da,
jatorriz galde hitzak diren elementuak erabiliz. Halakoetan nola izaten da galde hitz
erabiliena. Berdintasunezko konparazioa adierazten dute perpaus hauek eta
zenbatasuna, maila eta modua konparatzeko erabil daitezke. Egiturari dagokionez,
perpaus nagusian ezartzen da kuantifikatzailea (hainbat/hain/halako…) eta
mendekoan konparazioaren erreferentzia puntua:
Zure ama hain jator da, nola eder.
Adibide horretan, jatortasun mailarekin konparatzen da edertasun maila. Hain hori
zenbat den jakiteko aurrekaria perpaus txertatuak ematen digu, nola osagaiaz
hasten denak. Perpaus konparatibo arrunten informazioa ematen dute, baina taxua
aldatzen da, erreferentzia gisa hartzen den perpausa perpaus nagusiaren ondoren
ematen da:
eredu arrunta: < A (erreferentzia puntua) - B (perpaus nagusia) >
eredu erromanikoa: < B (perpaus nagusia) - A (erreferentzia puntua) >
Goiko adibidean perpaus txertatua murriztu egin dugu, baina gainerako
konparatiboekin bezala, aditza eta beste zenbait osagai ere ager daitezke. Aditza
jartzen badugu, marka egokiz hornitu behar dugu, bait- aurrizkiaz edo -en atzizkiaz.
Bait- aurrizkia ekialdeko euskalkietan erabiltzen da gehiago, -en atzizkia, berriz,
mendebaldekoetan:
Ez dago guretzat gauza lagungarriagorik nola den lagun baten aholkuak entzutea.
Erakundeek arreta gehiago emango baliote, ez litzateke euskara hain ahul nola gaur egun
baitago.
Zenbatasunezko konparazioa
[hainbat… nola… bait-/-en]:
Arratsaldean korrika egin zutenei eman zieten hainbat animo nola goizetik egin zutenei.
Baldin egin balute euskaraz haur horiek, nola egin duten gaztelaniaz, orain hobeto
moldatuko ziratekeen.
Adibide honetan perpaus txertatuak ez du aditzik, eta beraz, bait- aurrizkia ere ez
da ageri:
Arratsaldean abesten ari zirenei eman zieten hainbat aupada nola goizetik abestu zutenei.
Arratsaldean abesten ari zirenei eman zieten hainbat aupada nola eman baitzieten
goizetik abestu zutenei.
Arratsaldean abesten ari zirenei eman zieten goizetik abestu zutenei adina aupada. (eredu
arrunta)
[ez hainbeste…nola…]: hainbeste eta nola biak agertu arren,
desberdintasunezko konparazioa bideratzen dute hemen, baino areago-ren
tankerakoa.
Ez hainbeste nere
forma fisikoa
neurtzeko nola ondo
pasatzeko, hartu nuen
parte lasterketa
horretan.
Perpaus hori nekez eman
daiteke adinakonparazio
morfemarekin, bi
perpausen egiatasuna
konparatzen da, eta egitura
berezia du: [ez hainbeste X
nola Y] = [X baino areago
Y]
Nere forma fisikoa neurtzeko baino gehiago, ondo pasatzeko hartu nuen parte lasterketa
horretan.
Maila konparazioa
Hain…[nola…bait-/-en]: hain elementuak maila adierazten du perpaus
nagusian, eta ondorennola perpaus txertatuaren buruan joango da. Perpaus
txertatuko aditza isilean ere utz daiteke, eta halakoetan, adizkiarekin
batera joan ohi den bait- aurrizkia edo -en atzizkia ere isilean geratuko dira.
Martin ez zen hain aberatsa izan behin ere, nola baitzen alkate izan zen garaian.
Munduan ez dago hain gauza ederrik, nola maite duzun pertsona ondoan izatea.
Hain ziren pilotan onak esku ezkerraz, nola eskuinaz.
Halako…nola…: perpaus nagusiko kuantifikatzailea halako ere izan liteke.
Markelek ez zuen halako maitasunik jaso, nola unibertsitatean egon zen denboran.
Bezalako erabiliz ere eman liteke egitura hau:
Neskalaguna izan zuen garaian bezalako zoriontasunik ez zuen inoiz izan bere bizi osoan.
Berdin…nola: hauetan berdintasunezko konparazioa eraikitzen denez,
<hain+adjektiboa> osagaiaren ordez, berdin adjektiboa ere erabil daiteke.
Alexek berdin korrika egin lezake, berdin igeri, nola profesional onenak.
Zein (eta): nolaren ordez erabil daiteke.
Liburu hori ez da hain erakargarria ikasleak motibatzeko, zein-eta aspertu eta gogaitzeko.
Ez du ezerk hainbeste animatzen Iker, zein-eta gogora ekartzeak espetxetik atera berri
dela.
Modu konparazioa
…Hala..[nola…bait-/-en…]
Inork ezin du zure atsekabea hala arindu, nola zerorrek.
Gure gurasoek inoiz ez dute sakelakoa hala erabili, nola egungo gazteek!
Ez dago pertsonarik hala lan egiten duenik, nola zuk egiten baituzu.
Ø …nola
Gaztaroko urte guztiek ihes egin digute, nola haizeak esku artetik.
Hala…nola, banakaritza adierazteko: juntaduraz eratutako esamoldeen
antzekoak dira korrelazio hauek eta ez da gauza handirik konparatzen.
Egitura hau dute: hala X nola Y.
Eman diezadala jainkoak lasaitasuna, hala burukoa nola bihotzekoa.
Adibide hauetan esaterako, biak daude, juntadura eta hala…nola:
Gerra garaian denak egon ziren gosez, hala zaharrak nola gazteak.
Mikel beti egoten da pozik, hala kanpoan nola barnean.
Zuzen jokatzen saiatzen gara gu beti, hala lagunekin zein da lagun ez direnekin.
Korrelazioak
Hala…nola eman beharrean, nola…
hala ere eman daiteke:
Martxel beti dabil pozik, nola egunean
hala gauean.
Nik ondo pasatzeko gogoa daukat,
nola mendian hala parrandan.
Nola galde hitza da berez, hala, berriz,
galde-hitz horren korrelatiboa. Beste
elementu batzuekin ere osa daitezke
horrelako korrelazioak: nolako-halako, zenbat-hainbat, non-han, nor-hura…
Korrelazioetan, galde-hitz baten bidez ematen zaio sarrera perpausari eta horrekin
korrelazioan jartzen da bigarrena, galde-hitzari dagokion anaforikoaren bidez. Lehen
aztertu ditugun konparazio perpausetan ez bezala, korrelazio hauetan, nolak galde
hitz izaten jarraitzen du,zenbatek eta nonek bezala. Lehen perpausean
zehargaldera itxurako perpaus bat ematen da eta ondoren anafora batekin hasten
da perpausa.
Nola bizi, hala hil.
Amak nola niri hala erakutsi diet nik neure seme-alabei.
Korrelazioa oso baliabide orokorra da hizkuntzan eta era askotako erlatiboak
sortzeko erabiltzen dugu: zer jan, hura izan… Konparaziora ekarrita, korrelazioak
moduzkoak edo zenbatasunezkoak izaten dira. Moduzkoetan nolagalde hitza
erabiltzen dugu; zenbatasunezkoetan, berriz, zenbat. Maila konparazioa
adierazteko, zenbatenaz edozenbat aurkituko ditugu, baina normalean honelako
konparazioak berdintasunezkoak izaten direnez, berdintasunezko maila
konparazioaren antzeko zerbait lortzen da nolako(a)-halako(a) korrelazioan.
Bestalde, konparazioa mailaka daiteke, baita korrelazioan ere: zenbat eta gehiago
irabazi, hainbat eta gehiago nahi dugu… Beraz, lau korrelazio mota aztertuko ditugu
atal honetan:
Modu konparaziozko korrelazioak
a. [nola…bait-…] hala…
Nola hitz egiten baitzidan niri amak gaztetan, hala egiten diet nik orain seme-alabei.
Norberak nola egiten baituen lan gaztetan, hala egiten du gero ere zahartzean.
Saguak nola harrapatzen baitzuen gazta, hala harrapatzen zuen katuak sagua.
b. …bezala…hala
Amak niri hitz egiten zidan bezala, (hala) egiten diet nik orain seme-alabei.
Norberak lan gaztetan egiten duen bezala, (hala) egiten du gero ere zahartzean.
Saguak gazta harrapatzen zuen bezala, (hala) harrapatzen zuen katuak sagua.
Zenbatasunezko korrelazioak
[zenbat…hainbat]: korrelazio honetan bi kantitate konparatzen dira:
Zenbat irakurtzen duzuen, hainbat ikasiko duzue.
Zenbat aldiz entrenatzen duzun, hainbat hobeto amaituko duzu lasterketa.
Zenbat buru, hainbat aburu.
Maila konparaziozko korrelazioak
[Zenbate(na)z…bait-…] hainbate(na)z…: bi adjektiboren edo
aditzondoren mailak korrelazioan jartzeko, zenbatzailea erabiltzen
dugu.
Zenbatenaz hitz egiten baitu ingelesez, hainbatenaz hartzen du hizkuntza
horrekiko trebetasuna.
Mailaren zenbatasunezko korrelazioak: egitura hauetan -ago-ren
zenbatekoak jartzen dira korrelazioan. Hau da, konparazioa ezartzen dute,
baina horiei kuantifikazioa gaineratuta. A B baino -ago dela esateaz gain, -
ago baten maila aldatu ahala bestearena ere aldatzen dela adierazten
dugu: zenbat -ago, hainbat -ago. Desberdintasuna zenbatekoa den esaten
da, eta bi zenbatekoak korrelazioan jartzen dira. Zenbat -ago adierazten
duten bi perpaus parekatzen dira, bien zenbatekoak korrelazioan jarriz.
Zenbatasunaz ari garenez zenbat galde-hitza esamolde guztietan agertuko da:
zenbat eta…-ago… {-en/bait-} {hainbat/orduan} -ago
Bi prozesu edo egoera konparatzen dira:
Zenbat eta gehiago ezagutzen dudan, orduan eta gehiago gustatzen zait.
Zenbat eta diru gehiago irabazi, orduan eta gehiago nahi izaten dugu.
Zenbat eta gehiago lagundu, okerrago.
Korrelazio hauen lehen atalean aditza osorik eman daiteke (lehen adibidean
bezala), baina baita laguntzailerik gabe ere (bigarren adibidean bezala), eta inongo
aditzik gabe ere (hirugarren adibidean bezala). Aditzaren aspektuari gagozkiola,
adizki jokatua darabilgunean forma ez perfektuak behar dira; aditz laguntzailerik
gabeko formak ematen ditugunean, berriz, partizipioa eskatzen du egiturak. Hala
ere, partizipio horrek ez du perfektu baliorik aspektuaren aldetik. Gainera, aditza
laguntzailearekin ematen denean, -en edo bait- menderagailua sartu behar da.
Gainerako korrelazioetan bezala, zehargalderaren tankerako egituren aurrean
gaudela erakusten du horrek.
a. Zenbat (eta)…-ago…hainbat…-ago
Zenbat eta gehiago jan, hainbat eta handiagoa izango da zure gosea.
Zenbat eta gutxiago saiatu, hainbat eta zailagoa izango da azterketa gainditzea.
b. Zenbat ere…bait-…hainbatenaz-…-ago
Zenbat ere handia baita gure ezjakintasuna gai horretan, hainbatenaz handiagoa da gure
jakinmina.
c. Zenbate(na)z…-ago…hainbate(na)z…-ago
Zenbatenaz egarria handiago, hainbatenaz edaria gozoago.
Marrubiak zenbatenaz helduago, hainbatenaz dira zaporetsuago.
Ikasgaia zenbatenaz korapilatsuago, eta hainbatenaz interesgarriago. (eta juntagailua bi
perpausen artean)
d. Hainbatenaz…-ago…zenbatenaz…-ago: egitura hauetan ezin
da etajuntagailua erabili. Maila zenbatzen ari garenez, korrelazioaren bi
zatietan -ago konparatiboaren marka agertzen da normalean, baina gerta
liteke gabe ere ematea.
Hainbatenaz gozoago mintzo zaio emaztea senarrari, zenbatenaz maiteminduago
sentitzen da gizonezkoa.
Hainbatenaz gorago jaurtitzen du baloia atezainak, zenbatenaz gorago egiten dute jauzi
jokalariek.
Hainbatenaz haur gehiago elkartu, zenbatenaz aberasten da jolasa.
e. …-ago (eta)…-ago
Eguzkia gorago, beroa handiago.
Irakasleak debekatzenago, eta ikasleek oihukatuago.
f. Gero(ago) (eta)…-ago: egitura honetan adierazten dugu denborak aurrera
egin ahala zerbait X-ago dela, hau da, korrelazioan jartzen dugun lehen
kontua denbora da.
Geroago eta hobeto hitz egingo duzu ingelesez.
Geroago eta ederrago dago zure alaba.
Konparazio hauek denbora adierazten dute, horregatik ez dira zuzenak denbora-
joko hori ez duten gero-dun perpausak:
? Gero eta barrurago, eta ilunago dago etxea.
Zenbat eta barrurago, orduan eta ilunago dago etxea.
Gero eta aberatsagoa, eta zekenagoa da gizakia.
Zenbat eta aberatsagoa, hainbat zekenagoa da gizakia.