kaos#kosmos - anttonaranburu.eus€¦ · 2 1 diskoa: zabal dadila kaosa! 1.1 mugimenduan egun...

30
Kantuen hitzak eta ipuinak 2019KO MAIATZAK 28 KAOS#KOSMOS Antton Aranburu

Upload: others

Post on 23-Aug-2020

3 views

Category:

Documents


0 download

TRANSCRIPT

Page 1: KAOS#KOSMOS - anttonaranburu.eus€¦ · 2 1 diskoa: ZABAL DADILA KAOSA! 1.1 MUGIMENDUAN Egun hartan Pablok ez zuen lanik egin behar. Atsedenaldia merezi zuen, azken asteak Txilen

Kantuen hitzak eta ipuinak

2019KO MAIATZAK 28

KAOS#KOSMOS

Antton Aranburu

Page 2: KAOS#KOSMOS - anttonaranburu.eus€¦ · 2 1 diskoa: ZABAL DADILA KAOSA! 1.1 MUGIMENDUAN Egun hartan Pablok ez zuen lanik egin behar. Atsedenaldia merezi zuen, azken asteak Txilen

1

EDUKIA

1 diskoa: ZABAL DADILA KAOSA! ............................................................................................................. 2

1.1 MUGIMENDUAN ............................................................................................................................ 2

1.2 AINGERU BAT................................................................................................................................. 4

1.3 ZORATZEN NAIZ ............................................................................................................................. 6

1.4 HEGAN ........................................................................................................................................... 7

1.5 IXILIK HABIL .................................................................................................................................... 8

1.6 MAITE DITUT................................................................................................................................ 10

1.7 BERDIN ZAIT ................................................................................................................................. 11

1.8 ZUGATIK ....................................................................................................................................... 12

1.9 HAUTSIZ ....................................................................................................................................... 13

1.10 EZTANDA.................................................................................................................................... 15

2 diskoa: SOR BEDI KOSMOSA! .............................................................................................................. 16

2.1. NUN DIRA ................................................................................................................................... 16

2.2. ZERTAN HABIL ............................................................................................................................. 17

2.3. BELORIOAN ................................................................................................................................. 18

2.4. AHOAK ........................................................................................................................................ 20

2.5. ABANGOARDIAKO GAZTEAK ...................................................................................................... 21

2.6. NON SORTZEN DA ....................................................................................................................... 22

2.7. GRAN CIRCO MUNDIAL............................................................................................................... 23

2.8. ZER BILATZEN ZABILTZA.............................................................................................................. 24

2.9. ABESTI BAT ................................................................................................................................. 25

2.10. MATXALENENA ......................................................................................................................... 26

Page 3: KAOS#KOSMOS - anttonaranburu.eus€¦ · 2 1 diskoa: ZABAL DADILA KAOSA! 1.1 MUGIMENDUAN Egun hartan Pablok ez zuen lanik egin behar. Atsedenaldia merezi zuen, azken asteak Txilen

2

1 diskoa: ZABAL DADILA KAOSA!

1.1 MUGIMENDUAN

Egun hartan Pablok ez zuen lanik egin behar. Atsedenaldia merezi zuen, azken asteak

Txilen baitzeramatzan gogor eta etengabe lanean. Goiz hura Santiago hobeto

ezagutzeko aprobetxatu nahi zuen, bere kasa lasai paseatzeko, presarik gabe,

bilerarik gabe, mugikorrik gabe, … San Kristobal izeneko mendixkara igotzea erabaki

zuen, bere tontorreko talaiatik Santiago bere osotasunean ikus zitekeelako, zabal

bezain eder, eta atzealdean Andeetako gailur elurtuak ere bai. Mendixka funikularrean

jaitsi eta Bellavistako auzotik ibili zen, norabide jakinik gabe, erdi galduta gustura.

Hiriko unibertsitateak bertan zeuden, jende gaztea han eta hemen; artisauak, artistak,

musikariak, … Hiriko bohemiaren epizentroa bertan kokatzen zela zirudien. Ematen

zuen pausu bakoitzeko gero eta liluratuago zebilen. Dekadentzia sumatzen zen, bai,

baina edertasun dirdiratsu batekin, eraikin zahar eta bikainekin, eta espazio kultural

eta artistiko ugarirekin. Handik gertu, ezustean, Pablo Neruda poetaren museoarekin

egin zuen topo. Institutuko gazte garaietatik miresten zuen, eta gainera izena

konpartitzen zuten. Haren olerkiak gogoratzen hasi zen, non maitasunak fruta heldu

urtsuen bitartez zentzua hartzen zuen, bertso bakoitzean edertasun eta sentsualitate

tantak isuriz. Oso baliagarriak izan zitzaizkion olerkiok nerabezaroan, batik bat

ligatzeko. Gizon aske eta erabat bizizalea zen Neruda, une bakoitza aprobetxatzen

zekien horietakoa, bere inkoherentzia eta argi-ilunekin, bai, baina bere gogoari baino

ez zion kasurik egiten, eta ez zion batere inporta besteek zer esaten zuten berari

buruz. Bazeukan antzekotasunik miresten zuen beste Pablo batekin, hura ere artista;

Pablo Picasso, nor bestela. Bi artistak bizirik egonez gero, haiek ezagutzea gustatuko

litzaiokeela pentsatu zuen Pablok. Parrandaren bat edo beste egingo zuten hirurek,

eta zorte pittin batekin beraien bizimodu bohemioaren protagonista bilakatuko zen

bera ere. Baina Pabloren bizitza gris kolorekoa zen. Bulegoko lana besterik ez zeukan.

Bere konpromezu bakarra lan egiten zuen konpainiarekin zen. Bere zeregina:

enpresak auditatu eta aztertzea, ondoren konpainiak saldu edo eros zitzan. Onena

zen lan horretan, izan ere bere metodologiak eta prozedurek ez zuten arrakalarik. Lan-

bidaietatik itzultzean, ordea, ez zeukan ez inor ez ezer esperoan; pareta zuri eta altzari

soilak bakarrik; ez argazki ez kuadrorik, ezta oroigarriz eta trastez beteriko kajoirik ere.

Page 4: KAOS#KOSMOS - anttonaranburu.eus€¦ · 2 1 diskoa: ZABAL DADILA KAOSA! 1.1 MUGIMENDUAN Egun hartan Pablok ez zuen lanik egin behar. Atsedenaldia merezi zuen, azken asteak Txilen

3

Horren guztiaren errua batzuetan bere gurasoei egozten zien, lan gogorraren eta

erantzukizunaren balioak hezurretaraino sartu baitzizkioten txikitan. Betebeharraren

zentzua hain zen gogorra bere baitan, lanaren jonki bilakatuta zebilela azken boladan,

eta apurka-apurka beharrezkoa ez zen edozer alboratzen ari zen: neska-lagunak,

zaletasunak, lagunak, familia, … Denak kentzen zion denbora lan egiteko. Bere bizitza

bukle monotono batean murgilduta zegoen eta ez zekien bertatik nola irten. Neruda

aurrez aurre zeukan eraikin horretan bizi omen zen, eta haren heriotzaren ondoren,

diktadura behin bukatuta, museo bihurtu zuten bere bizitza eta obra poetikoa

ezagutarazteko. Sarrera erostera zihoala, bat-batean, lurra mugimenduan hasi zen.

Hasieran astindu leunak izan ziren, aldian aldikoak, baina ostean dardara

etengabekoa eta bortitza bilakatu zen. Bere lehen lurrikara, 7.9 gradukoa Richter

eskalan. Hastapen on bat bera bezalako hasi berri batentzat. Izkina batean uzkurtu

zen erabat ikaratuta. Bi minutu iraun zituen. Zalantzarik gabe bere bizitzako bi

minuturik luzeenak. Zorionez bi neska hurreratu zitzaizkion; besarkatu, hala nola

lasaitu, eta bazter hartatik altxatu zuten. Filosofia eta Letren fakultateko ikasleak ziren

biak, nor baino nor poeta izateko asmoarekin. Han zeuden, ama lurraren enbatari

eutsiz, errugbi taldea bailiran, partiduko azken jokaldiko mele inprobisatuan, elkarri

lasaigarri izan nahi zuten hitzak behin eta berriz oihukatuz. Ezin zuen sinetsi, erabat

galduta sentitzen zen, oraingoan bere metodologiak eta bere prozedurek ez zioten

ezertarako balio. Baina halako batean lurra baretu egin zen, dar-dar egiteari utzi zion

eta isiltasunaren oihartzuna besterik ez zen entzun. Eta dena behin bukatuta, hankak

oraindik dar-darka zituela, bere bi lagun berriekin, inguruan zeuden modako

tabernetan chela hotz-hotzak hartzera joan zen. Diotenez, heriotzari aurrez aurre

begiratzen diogunean, bizitzan dauzkagun zenbait molde puskatzen ditugu, barne-

barnean gordeta dauzkagun desioak askatuz. Bere hoteleko gelako hormak goitik

behera arrakalatuta aurkitu zituzten goizaldean. Ohe gainetik harriak eta hondakinak

kendu, eta elkar ezagutu zuten modu berean hirurek dar-dar egin zuten. Bertan izan

balira, ziur beste Pablo biek ere beraien moldeak puskatuko zituzketela. Inoiz ez dago

gaitzik onik ez dakarrenik.

Bellavistako auzoan beti bohemia Dekadentzi ederra bertan agerian Unibertsitatetako gazteria Bero itzela, hantxe nintzan ni ibilaldian

Page 5: KAOS#KOSMOS - anttonaranburu.eus€¦ · 2 1 diskoa: ZABAL DADILA KAOSA! 1.1 MUGIMENDUAN Egun hartan Pablok ez zuen lanik egin behar. Atsedenaldia merezi zuen, azken asteak Txilen

4

Plakak estutuz doaz Ihesian inora Oinetan igarri Dardar ttikiak, mugimenduan Dardar ttikiak, mugimenduan Norbait etorri zait Ikara du aurpegian bai Lurra itsasoa bailitzan Mugimenduan, dardar ttikiak Mugimenduan, uhinak sismika Nerudaren poemak, hitzak jira-biran Los Versos del Capitan eta Antologi bat Emakume gaztiak besarkadapian Lurra ikaraz hasi dela gogor mugimenduan Plakak estutuz doaz Ihesian inora Oinetan igarri Dardar ttikiak, mugimenduan Dardar ttikiak, mugimenduan Norbait etorri zait Ikara du aurpegian bai Lurra itsasoa bailitzan Mugimenduan, dardar ttikiak Mugimenduan, uhinak sismika

1.2 AINGERU BAT

Kapitainak urte mordoa zeraman itsasoan, portuz portu imajina daitezkeen itsasbide

guztietan barrena: Hong Kong, Singapur, Buenos Aires, New York, Tanger….

Hainbeste merkantzia-ontzi, hainbeste pabilioi ezberdin, ezen ezin zituela guztiak

gogoratu. Baina bere beltzarana ondo gogoratzen zuen, bai horixe! Habanan ezagutu

zuten elkar, irlako txokorik ederrenetara eraman zuen eta baita, zergatik ez onartu,

taberna zulo eta putetxe ilun eta arriskutsuenetara ere. Kubako hiriburuko auzo

zaharrenean egin zuten topo lehen aldiz, Habana Zaharrean, biak sarritan bisitatzen

zuten edaritegi eskas batean. Kapitaina itzultzen zen bakoitzean, bizio-zulo horretan

finkatzen zuten beraien lehen hitzordua, eta agurtzeko ere leku bera erabiltzen zuten.

Page 6: KAOS#KOSMOS - anttonaranburu.eus€¦ · 2 1 diskoa: ZABAL DADILA KAOSA! 1.1 MUGIMENDUAN Egun hartan Pablok ez zuen lanik egin behar. Atsedenaldia merezi zuen, azken asteak Txilen

5

Ez zituzten gustuko emoziozko ongi etorriak, ezta despedidak ere, eta zulo horretan

momentuok aseptikoagoak suertatzen zitzaizkien. Gutxienez urtean behin

lehorreratzen zen bere beltzaranarenean. Gehienetan berehala topatzen zuen; beti

zebilen kaiaren inguruan, gora eta behera joan etorrian, dantzan, alprojei irribarre

eginez, bolero ezagunak abestuz, edota inozoren bati edo besteri milongak esanez.

Elkartzen zirenean, festa handiak egiten zituzten: modu basatian amodioa eginez,

rona neurrigabeki edanez, eta irlako habano onenak amorruz errez. Beltzaranaren

edertasuna eskandaluzkoa zen: kanelazko azal fina, ebanozko begi ilunak, eta fruta

helduaren zaporeko ezpain mamitsuak. Ikaragarri dibertigarria zen gainera, alaitasun

kutsakorrarekin; nahiz eta batzuetan beraren hitzak gordinegiak izan, eta bere ironia

krudela. Zenbat oroitzapen! Baina itzul gaitezen orainaldira, ezen kapitainak arduratuta

jarraitzen du, noizbehinka guztiz lur jota, bere azken bisitan ezin izan baitzuen aurkitu.

Ostatu, taberna, alproja-zulo, burdel….toki guztietan ibili zen bere bila aste bete luzez.

Lagunak, ezagunak, bezeroak eta lanbide bereko neskatxak itaundu zituen. Harrien

azpian ere miatu zuen; baina ezer ez, ezertxo ere ez, desagerturik zegoen, lurrak

irentsi izan balu bezala. Mihi gaiztoek ziotenez, Arkansas aldera ihes egin zuen

etorkizun oparodun Best Seller idazle batekin. Hor nonbait entzun zuen, epaile ohi

ustel eta aberats errusiar batekin ezkondu zela, eta orain San Petersburgon bizi dela;

edota zeraman okerreko bizimodua alde batera utzi, eta Miamira ihes egin zuela

ebanjelista venezuelar batekin. Eternitate bat igaro da azken aldiz ikusi zuenetik, eta

beltzarana aurkitu ezinik jarraitzen du. Ezin du burutik kendu, obsesio bilakatu da,

etenik ez duen zigorra: Non ote zaude, ene aingeru?

Ez du axola kapitaina zein portura doan Bere gogo ta bihotza urrun daude nonbait

Begi ilunak beltzaranarenak Ahotsa gordin azala leuna Aingeru bat Ron botilaren lurrinaz imajinatzen du dantzan barraren goikaldean Mugimendu pendularra haren ixter ta gerri aldean

Begi ilunak beltzaranarenak Ahotsa gordin azala leuna Aingeru bat

Inspirazio garratza etenik ez duen zigorra

Page 7: KAOS#KOSMOS - anttonaranburu.eus€¦ · 2 1 diskoa: ZABAL DADILA KAOSA! 1.1 MUGIMENDUAN Egun hartan Pablok ez zuen lanik egin behar. Atsedenaldia merezi zuen, azken asteak Txilen

6

Nahi zintuzket neure ondoan Branka itsasoari begira Lehorra ikusten ez den lekutan Egunero gogoan zauzkat

Begi ilunak beltzaranarenak Ahotsa gordin azala leuna Aingeru bat

1.3 ZORATZEN NAIZ

Zerk zoratzen zaitu? Zerk puskatzen du zure barne oreka? Bere lehen saioan

psikoanalistak galderok jaurti zizkion, ingurumaririk gabe, saioa hasi eta batera.

Galderak beharrean zikutaz pozoitutako dardoak ziruditen. Noski, berehala ez zuen

erantzuten jakin, eta bere onetik ateratzen zuten egoera eta gauzen zerrenda idatziz

prestatuko ziola esan zion. Oso gustuko zuen edozelako zerrendak egitea, ia

obsesiboa izatera heldu arte. Bere zerrendetatik elementuak ezabatzeak unetxo batez

estasi antzeko bat sortarazten zion. Orotariko zerrendak zeuzkan: asmoak, irakurtzeke

zituen liburuak, irakurritakoak, filmak, egin nahi zituen bidaiak, bete gabeko ametsak,

mutil-lagun ohiak, … Baina sekula ez zitzaion otu sena galarazten ziona zerrendatzea.

Idazten hasi zen bere zerrendak erregistratzen zituen uztai-koadernoan: zoratzen

nauten gauzen zerrenda pertsonala: elkarrekin egoteak zoratzen nau, baina baita

elkarrekin ez egoteak ere, zu barik ezinegona eta zurekin desoreka; alegia, ez zurekin

ez zu gabe. Zerbait aurkitzen ez dudanean zoratzen naiz, baina bete eta asetzen

nauen zerbaiten bila beti ibiltzeak zoratuta eta neka-neka eginda uzten nau. Kaos

ordenatua ala kosmosaren lasaitasuna? Idatzita ikusi zuenean bere baitan gordeta

zeuzkan kontraesan ugariez konturatu zen. Dena oreka kontua zela pentsatu zuen, bi

poloen arteko magnetismo orekatua. Terapia, terapeuta eta bizitza osoan zehar

jarraika zeukan dikotomia bizefaloa madarikatu zituen, eta ondoren beste saio

baterako hitzordua eskatzeko deitu zuen.

Zoratzen nau goizetan duzun umoreak Zoratzen nau zeure ihesalditako logelak Ta zoratzen naiz kasurik egiten ez didazunean Zoratzen nau neure nerbixuen desorekak Baita obsesioen errepikapenak

Page 8: KAOS#KOSMOS - anttonaranburu.eus€¦ · 2 1 diskoa: ZABAL DADILA KAOSA! 1.1 MUGIMENDUAN Egun hartan Pablok ez zuen lanik egin behar. Atsedenaldia merezi zuen, azken asteak Txilen

7

Ta zoratzen naiz bilatzen dudana aurkitzen ez dudanean Zoratzen naiz oheko izarek zeure lurrina ez dutenean Loak hartzen ez nauenean nirekin ez zaudenean Zoratzen naiz, zoratzen naiz Zoratzen naiz, barealdien ostean zoratzen naiz Zoratzen naiz, zoratzen naiz Zoratzen nau hegazkinak aireratu ta lur hartzeak Gaueko zorabioak amesgaiztoetan Zure hutsak dakarren erbestea Zoratzen nau oheko izarek zeure lurrina ez dutenean Loak hartzen ez nauenean, nirekin ez zaudenean Zoratzen naiz, zoratzen naiz Zoratzen nau etxeko atea zuk noiz zabalduko ote zain Eta azaltzen zarenian berriz ere pozarren kantetan Zoratzen naiz, zoratzen naiz Zoratzen naiz, barealdien ostean zoratzen naiz Zoratzen naiz, zoratzen naiz

1.4 HEGAN

Txikitan eta nerabezarotan bi anaiek logela konpartitzen zuten. Batak goiko literan

egiten zuen lo eta besteak behean. Urte mordoxka pasatu zituzten elkarrekin espazio

hartan, zaharrena goi ikasketak egitera hiriburura joan zen arte. Gela argitsua zen,

nahiko txikia, altzari gutxirekin, literak eta ikas-mahaia besterik ez, eta mapamundi

izugarri bat horman eskegita, logela guztian gailentzen zena. Erabat ezberdinak ziren,

edozergatik lehiatzen ziren, beti errietan eta borrokan, ez zetozen bat ia ezertan,

gauza bakarrean izan ezik: bidai-liburuak, mapak eta planoen zaletasuna. Beti zegoen

ika-mika biak han ingurutik bazebiltzan, baina zalaparta alaia eta osasuntsua zen,

etxea bizi-bizi zegoelaren sintoma argia. Bestalde, igande gauak oso ezberdinak ziren,

etxean bakea eta lasaitasuna nagusi ziren eta. Gaueko hamarrak aldera, beraien

logelan zuten irratia piztu, eta Roge Blascoren Levando Anclas irratsaioa entzuten

zuten adi-adi. Ezezagunari beldurrik ez zioten abenturazale eta bidaiariak

elkarrizketatzen zituen, munduan barrena era harrigarrienetan bidaiatzen zebiltzanak:

bizikletaz, belauntziz, oinez,… Bi anaiek ohean etzanda entzuten zuten irratsaioa, eta

Page 9: KAOS#KOSMOS - anttonaranburu.eus€¦ · 2 1 diskoa: ZABAL DADILA KAOSA! 1.1 MUGIMENDUAN Egun hartan Pablok ez zuen lanik egin behar. Atsedenaldia merezi zuen, azken asteak Txilen

8

mapamundian jarraitzen zituzten “zoro” haien nondik norakoak; kontinenteak

zeharkatuz, hegan eginez, loak besarkatu baino lehen.

Ametsetan genbiltzan umeentzako logelan Mapamundi zahar hura paretan eskegita Altxa ditzagun aingurak, has dezagun gure martxa Sar gaitezen txalupan ozeanotan barrena Hegan kuku kuku kukuku hegan! Montevideoko kaitik Amsterdamgo auzo gorrira Ho Tsi Ming korapilatua, Habana zaharreko kantinak Mont Martretik gora, Trastevere, Village, La Latina Nairobiko zeruak, Niloa nabigatzen falukan Kuku kuku kukuku hegan! Mutil koxkor bi ohean etzanda bidaian Ez zegoen mugarik, mundua geuria zan Hegan kuku kuku kukuku hegan!

1.5 IXILIK HABIL

Beti izan du gustuko izokinak bezala korrontearen kontra igeri egitea. Duela gutxira

arte banketxe garrantzitsu bateko broker ospetsua zen. Zeru-harraskariko

hemeretzigarren pisuan egundoko bulegoa zeukan, baita bi idazkari ere, eta garajean

ikaragarrizko Bentley-a aparkatuta. Hots, arrain potolo-potoloa zen. Baina orain

autokarabana zahar batean bizi da hondartzan. Dena popatik hartzera! Duela gutxira

arte oso estimatua zen bere lanean, berari esker bere nagusiek diru pila bat irabazten

zuten, eta noski, berak ere bai. Baina ez zuen maite egiten zuena, are gehiago,

gehienetan, batez ere insomnio gauetan, gorroto zuen. Bankuan oihaneko legeak

bakarrik agintzen zuen; dena zen faltsukeria, antzerki hutsa, denak ziren diruaren

jonkiak. Indartsuenek bakarrik bizirauten zuten han; hau da, gero eta gehiago

irabaztearren edozer gauza egiteko prest zeudenak. Bulegoa ezin zuen jasan, han

egote hutsak torturatzen zuen, kartzela baten barruan zegoela iruditzen zitzaion eta

handik ihes egitea gero eta zailagoa zen. Asfixia hutsa. Horrez gain, nazka-nazka

eginda zegoen bere nagusiekin, erdipurdikoak eta zorigaiztokoak guztiak,

kartzelazainak ziruditen, soil-soilik langileak menperatuta izateaz arduratuta. Aske izan

nahi zuen, gizarte konbentzioetatik ihes egin, baina joan baino lehen bere ospe unea

Page 10: KAOS#KOSMOS - anttonaranburu.eus€¦ · 2 1 diskoa: ZABAL DADILA KAOSA! 1.1 MUGIMENDUAN Egun hartan Pablok ez zuen lanik egin behar. Atsedenaldia merezi zuen, azken asteak Txilen

9

izan nahi zuen. Kazetariari elkarrizketa eman baino lehen zera esan zion: kontatuko

dizudanarekin kaka bor-borka irtengo da! Abesti zahar hark zioen bezala, itsasoaren

ondoan eta izarrei begira errazagoa da amets egitea. Eta orain, bere Arkadian bizi

denetik, itsasoaren parean eta izarren azpian, azkenean librea da. Azkenean

zoriontsua da!

Ixilik habil Goizak argitu gabe eta hi kaletik, arin Nora hoan badakik Ipar orratzaren ildo zuzenaren kontrako bidetik Garaile dira hire aukera guztiak Arkadian bizi haizenetik Korrontea gogor badabil Arraunean tinko gogor, ezak etsi mutil, ekin! Gainezka egin dik Eremuko dunen atzetik ihesi, korrika, sarri

Garaile dira hire aukera guztiak Arkadian bizi haizenetik

Lo daude txori guztiak Porlanezko oihanean Txiorik ez da aditzen Haize hotza kalean

Jauzi librea Sarerik gabeko trapezista bezala Damurik ez dauka Bizitzari eskerrik asko esan nahi diot Hainbeste eman baitit Garaile dira hire aukera guztiak Arkadian bizi haizenetik

Lo daude txori guztiak Porlanezko oihanean Txiorik ez da aditzen Haize hotza kalean

Page 11: KAOS#KOSMOS - anttonaranburu.eus€¦ · 2 1 diskoa: ZABAL DADILA KAOSA! 1.1 MUGIMENDUAN Egun hartan Pablok ez zuen lanik egin behar. Atsedenaldia merezi zuen, azken asteak Txilen

10

1.6 MAITE DITUT

Bere depresio hasi berriari aurre egiteko asmoz, terapeutak bizipoza eragiten dioten

ekintzak zerrendatzea eskatu dio, eta aspaldi ematen zituen kontzertuak oroitu ditu.

Haiek bai kontzertutzarrak! Zazpi musikariren laguntza eszenatoki gainean, haizezko

instrumentuen sekzio eta guzti. Ogasunak emandako zartakoaren ondoren etorri zen

gainbehera, eta bihotzeko arazoek dena okertu besterik ez zuten egin. Orain

“kontzertu intimoak” egiten ditu. Eufemismo bat gehiago. Oholtza gainean dagoela,

jendea beste zerbaitetan dabilela konturatzen da: hizketan, mugikorrarekin,

Instagramen, edo bere eskuinean eskegita daukan mila pulgadatako telebistan

partidua ikusten… Bere errua izan daitekeela pentsatu du sarritan, bere burua garaiz

birziklatzen jakin ez zuelako, edo ez arriskatzearren, edota ez berritzearren… Baina

ez da horrela. Beste artista batzuei ere gauza bera gertatzen zaiela frogatuta dauka,

eta dagoeneko gainditu du alferrikako erru sentimendu hori. Mikrora gerturatu eta zera

bota du bat-batean: Jende guztiak kontatu nahi digu bere melodrama, edota beraiena

saldu, edo gure arreta merke-merke erosi. Baina entzun? Entzun ez. Ez dago

horretarako denborarik. Hobe da Facebook eta Instagram erabiltzea. Hori argi eta

garbi dago! Garai modernoetako esklabu zoriontsuak besterik ez al gara? Zer

pentsatuko zukeen Laboa bezalako artista batek guzti honetaz? Publikoak hizketan

jarraitu du ezer esan ez balu bezala. Bere errepertorio intimoaren hurrengo kantuari

ekin dio ostean.

Zer gertatzen ari da Pasiorik ez dut somatzen zuen begitan Non arraio zaudete Eman, arren, emozio pixkat Ametsak, poesia, lagunen irriak Jaio, bizi, piztu, poztu, sortu, arriskatu Has zaitez alboko horrekin hizketan Gu izan ginan, orain ez gara Ez zarete, ez zara, ez naiz hemen dagon bakarra Erabilgarritasun kontua Artistak euren etxeetan enklaustratuta Humanistok galbidean Hau duk hau bizimodua Teknologia berrien altzotan Garai modernotako esklabu zoriontsuak Ari naiz, hasi naiz desintoxikaziua

Page 12: KAOS#KOSMOS - anttonaranburu.eus€¦ · 2 1 diskoa: ZABAL DADILA KAOSA! 1.1 MUGIMENDUAN Egun hartan Pablok ez zuen lanik egin behar. Atsedenaldia merezi zuen, azken asteak Txilen

11

Gu izan ginan, orain ez gara Ez zarete, ez zara, ez naiz hemen dagon bakarra Prospekzioak behin amaituta Pardelak aldatzeko garaia Zeure izenak tango zaporea dauka Gazi gozoa Itxi begiak, hartu atseden pixkat Zutik jartzeko ordua laster helduko da Bai alajaina! Gu izan ginan, orain ez gara Ez zarete, ez zara, ez naiz hemen dagon bakarra Maite ditut maite, bihotzeko taupadak zu aurkitzean Maite ditut maite, ilargi beteko gauak Maite ditut maite, eguzki izpiak neure aurpegian Maite ditut maite, elur malutak Maite ditut maite, udazkeneko hego haize egunak Maite ditut maite, Izaron bainuak Maite ditut maite, gure bazterrak

1.7 BERDIN ZAIT

Beti egon da bere ondoan. Adiskide eta zaindari. Momentu latz eta onetan. Entzule

eta lagun min. Berdin dio besteek esaten dutena. Leial mantenduko zaio. Alboan.

Tinko. Errotak erraldoi bihurtu zirela esan zionean berarekin geratu zen. Baita azeria

etxekotu eta hezi nahi izan zuenean. Edota mundua laurogei egunetan zeharkatu nahi

izan zuenean. Hamaikatxotan bizi izan ditu tristuraz bere txorakeriak. Baina

lagunarengan sinesten jarraitzen du. Bere hitza nahikoa da eta hori besterik ez du

behar. Berarentzat bere laguna bakarra delako munduan. Horra hor sekretua,

bihotzarekin baino ez da ondo ikusten, funtsezkoa ikusezina baita begientzat.

Diote ez zarela Gari garbia badela Zerbait zure baitan Benetan iluna Esaten da Gauaren magalean Galapan zabiltzala Zaldi ero baten gainian

Page 13: KAOS#KOSMOS - anttonaranburu.eus€¦ · 2 1 diskoa: ZABAL DADILA KAOSA! 1.1 MUGIMENDUAN Egun hartan Pablok ez zuen lanik egin behar. Atsedenaldia merezi zuen, azken asteak Txilen

12

Berdin zait diotena Zure hitza nahikoa da Hamar mila bider entzun izan dut Baina ez ez ez ez naute kokildu Leial mantenduko natzaizu Ene lagun Berdin zait diotena Zure hitza nahikoa da Familiko polemista Saltsa guztietako pipermina Eztabaidetan ahotsik ozenena Berdin zait diotena Zure hitza nahikoa da

1.8 ZUGATIK

Bere alaba bart jaio zen eta orain amarekin batera lotan dago ospitaleko ohean. Beste

planeta batean egongo balitz bezala begiratzen ditu aitak, zoriontsu, maiteminduta

hamabost urteko mutila bailitzan. Jaiotze data maiatzerako finkatu zuten medikuek,

baina nolabait berak bazekien apirilera aurreratuko zela. Gauzarik onenak beti gertatu

zaizkio apirilean: bere lehen eta bere azken amodioa (erdikoek ez dute garrantzirik),

bere lehen literatura saria, bere graduazio eta doktorautza, Erromara bizikletaz egin

zuten bidaia ahaztezin hura,…zer arraio! txortan ere lehen aldiz apirilean egin zuen

eta! Honek ezin zuen ezberdina izan. Apirileko azken egunean, jadanik esperantza oro

galdurik zeukala, bere Karmak konspiratu eta dena gertatu zen bat-batean, ur-jauzi

baten moduan; eta alaba apirileko azken minutuetan jaio zen, baina apirilean bai ala

bai. Bizitzaren mirariak guztiz txundituta dauka. Nola sor daiteke ezerezetik hain izaki

eder eta perfektua? Bere oin txikiekin, bere hatzamartxoekin, eskuak, besoak,

azazkalak,... Baten batzuei entzuna zien aitatasuna esperientzia bakarra zela

munduan, poztasun izugarrizkoa, baina berak sentitzen duena indartsuagoa da,

haratago doa. Zaila da hitzekin azaltzea, hainbeste zorion eta pozez bularrak lehertu

behar diola sentitzen du eta. Ospatu nahi zuen, eta abestea baino modu hoberik ez

zaio okurritu. Ospitaleko aparkamendura jaitsi da unetxo batez, autoan beti eramaten

duen gitarra atera, maleteroan eseri, eta bat-batean musa zerutiarrak azaldu zaizkio

abestiz jantzita. Izan ere, Maitxu, hau zuri buruz doa. Hau, zugatik da.

Page 14: KAOS#KOSMOS - anttonaranburu.eus€¦ · 2 1 diskoa: ZABAL DADILA KAOSA! 1.1 MUGIMENDUAN Egun hartan Pablok ez zuen lanik egin behar. Atsedenaldia merezi zuen, azken asteak Txilen

13

Apirilean aurkitu zintudan Karma onaren konspirazioa Naturaren miraria, geuk sortua Itzalak ixten dituen maitasuna Bizipoza aldarrikatuz Topa egin nahi dut Ospa dezagun kantatuz Zugatik Itzartzean lotan zaudete aldamenean Goxo-goxo epeletan Inguratzen zaituztet besartean Instante txiki horien zoriona Zugatik Zure begietan ikusi naiz Segi lotan laztana, lasai Zugatik

1.9 HAUTSIZ

Aurretik beste hamaika zaletasun izan ditu: padela, japoniar sukaldaritza, teknoa,

mendiko bizikleta, eskalada,… Baina azken aldian tematuta dabil kantautoreekin:

Laboa, Ordorika, Silvio, Atahualpa, Drexler,… Izugarri gustatuko litzaioke abestiak

sortzea bere jainko txiki horien legez, baina ezinezkoa zaio lerro bakar bat idaztea.

Gitarra eta guzti erosi du, astigar eta kaobazkoa, merkatuko onena, eta bere etxean

klase partikularrak hartzen hasi da. Irakasleak ahalegin handia egiten du berak ikas

dezan, pazientzia handia du berarekin, baina bere trebetasuna eta aurrerapenak

negargarriak dira. Hala eta guztiz ere, gaur gaurkoz bere ametsa kantautore bihurtzea

da, baina ez egun ugaritu diren erromantiko epel horietakoa, ez horixe; benetako kantu

egilea izan nahiko luke, beti-betikoa, protesta abestiak egiten dituzten horietakoa.

Lortuz gero, noizbehinka egingo lituzke maitasun kantu leunak, baina bere leitmotiv-a

militantzia eta konpromezu ideologikoak lirateke bai ala bai. Arazoa da bera beti izan

dela pijo xamarra, azken batean aberaskume bat baita. Eta zaila da mugimendu

kantautorilean barneratzea aberaskume alfer xamarraren estereotipoarekin markatuta

zaudenean, eta horrez gain bost edo sei bizitza beharko zenituzkenean daukazun diru

Page 15: KAOS#KOSMOS - anttonaranburu.eus€¦ · 2 1 diskoa: ZABAL DADILA KAOSA! 1.1 MUGIMENDUAN Egun hartan Pablok ez zuen lanik egin behar. Atsedenaldia merezi zuen, azken asteak Txilen

14

guztia xahutzeko. Gaur greba orokorraren eguna da eta gitarra bizkarrean daramala

irten da kalera, horrek aire bohemioago bat ematen diola uste baitu. Bat-batean tipo

bat hurreratu eta Internazionala jotzeko eskatu dio. Pixkanaka-pixkanaka bere

aurpegiak amapolen kolore gorri bizia hartu du, eta handik ospa egin behar izan du

arrapaladan, ahal izan duen disimulu handienarekin. Lorez betetako parke batean

aurkitu du babesleku, enbor lodiko arbola batzuen itzalean. Orduan bere paretik mutil

batzuk igaro dira ziztu bizian korrika. Heldutxoak zirela iruditu zaio, gutxi gorabehera

bere adin berekoak, entrenamenduan ari ziren serieak eginez. Beteranoak Triatloi Klub

idatzita zeramaten kamisetetan. Orduan argi eta garbi ikusi du. Ez dago etorkizunik

berarentzat kantu egileen munduan, ahalegina gehiegizkoa da, eta aurrera egiteko

edo arrakasta lortzeko aukerak bakan-bakanak. Haatik, bere belaunaldiko gero eta

lagun cool gehiago daude triatloietara engantxatuta. Esaten dutenez gorputz bikaina

geratzen zaizu, harrapatzen zaitu, haren aitzakiarekin bidaia daiteke, lagunak egin

ditzakezu, eta zorte pittin batekin neska lirainen batekin liga dezakezu. Orduan, bere

leitmotiv-a enegarrenez mutatzea erabaki du. Personal trainer bat kontratatzeko

zenbait dei egin ditu, eta merkatuko zapatilarik onenak erostera joatea erabaki du.

Denda gehienak itxita zeuden greba orokorra dela eta. Zorionez manifestariek ezin

izan dute Corte Inglesa itxi, bere ateak zabal-zabalik aurkitu ditu eta.

Zeri begira, zer itxoiten zabiltza, espabila Segi, segi hortik, argi ibili kalian Lore txuriak, bandera kolorezkuak, abenidan Hautsiz, berriz hautsiz, dena irauliz ari da Dendetan pertsianak jeitsita Gaur hiria itxi da, biba! Oihuka, txistuka, kantuka Helduz badoaz beharginak, ikasleak, langabeak Itxi, dena itxi, gogor eutsi, biba herria Udaberriak ernatu dittu kaleak, haserrea Ziriz, xirimiri, txiri txiri, zirriak Dendetan pertsianak jeitsita Gaur hiria itxi da, biba! Oihuka, txistuka, kantuka

Page 16: KAOS#KOSMOS - anttonaranburu.eus€¦ · 2 1 diskoa: ZABAL DADILA KAOSA! 1.1 MUGIMENDUAN Egun hartan Pablok ez zuen lanik egin behar. Atsedenaldia merezi zuen, azken asteak Txilen

15

1.10 EZTANDA

Txutxu-mutxuen indarra ziklogenesi leherkor baten eztanda bezain boteretsua izan

daiteke. Ezerezean gelditutako istorioa, zioten atsoek. Beste askok, bakailao zati

onenak berari gordetzen zizkiola beti. Beste batzuek, ordea, bera beste inor baino

lehen atenditzen zuela, eta irribarre onena beti berarentzat zeukala. Gainera tipoak

egunero erosten zuen arraina. Nork arraio erosten du arraina egunero? Angel auzoko

beteranorik galantena zen. Bestalde, Carmen, peskateruaren alaba, gazte lirain,

pinpirin eta lotsagabea zen. Ziotenez herriko jaietan elkartu ziren eta berehala piztu

zen txinparta beraien artean. Igarri-igarria zen, txanda itxaroten zuen bitartean gizonak

hipnotizatuta zirudiela, beste dimentsio batean balego bezala. Eta Carmenek begi

lizunez begiratzen ziola begi-bistakoa zen. Carmenen apartamentuko leihoan, gauero

beraien itzalak ikus zitezkeela zioten herriko gazteek. Gau batean, jai batetik zetozen

mozkorrek Angelen autoa ikusi ei zuten arraindegitik gertu, eta barruan bien gorputzak

bat eginda ikusi zituztela zin egin zuten, besoak eta hankak elkarlotuta zituztelarik.

Nork jakin egia ala faltsua den. Batek daki errealitate eta fikzioaren arteko lerro fina

non kokatzen den. Batzuetan gauzak uste duguna baino sinpleagoak dira. Hala ere,

inoiz ez dezagun utz errealitateak istorio on bat (edo abesti on bat) izorra diezagunik.

Carmen, peskateruaren alaba Carmen, kalian gora dantzan doa Carmen, diskotekako erregina Carmen, boltaia altua eztanda Azkar, elkartu ginen jaixetan Azkar, ez dugu denbora galdu nahi Azkar, gu bion arteko txispa Azkar, maldan bera abixadan Arraina erostera noanean Peskaterua hasten zait berba ta berba Zeure begi maltzurren eraginpean Hipnotizatuta erabat Eztanda, hau duk hau eztanda Bien gorputzak bat eginda Angel, beteranorik buenoena Angel, George Clooneyren antza badauka Angel, bezerorik onena Angel, sendagairik ez duen gaitza

Page 17: KAOS#KOSMOS - anttonaranburu.eus€¦ · 2 1 diskoa: ZABAL DADILA KAOSA! 1.1 MUGIMENDUAN Egun hartan Pablok ez zuen lanik egin behar. Atsedenaldia merezi zuen, azken asteak Txilen

16

Arraina erosten zatozenean Neure aittarekin berba ta berba Zeure begi sakonen eraginpean Hipnotizatuta erabat Eztanda hau duk hau eztanda Bien gorputzak bat eginda Besoak hankak elkarlotuta Maitaleon istorio lizunak Eztanda hau duk hau eztanda Bien gorputzak bat eginda Carmen la pescatera mas buena Tiene swing y candela

2 diskoa: SOR BEDI KOSMOSA!

2.1 NUN DIRA

Iraganeko garaiak hobeak zirela esango al zenuke? Zeintzuk ziren zure gaztaroko

ametsak? Errealitate bihurtu al dituzu? Orain zarena al da izan nahi zenuen hura? Zer

galdu duzu zeure bizitzaren bidaian? Irrati aparatutik Hertzainen musika entzun

daiteke: Nola aldatzen diren gauzak, kamarada! Egia borobila! Nire baitan ere

antzematen ditut halako paradoxa nabariak, eta nire militantzia zirkulu hurbilenetan

ere bai. Adibidez, gaztetan iraultzaile izan nahi zuen lagunaren kasua, eta funts putre

batetako zuzendari moduan ari dena gaur egun. Edota, kantuak zioen bezala, diru

asko irabazteko torero izan nahi zuen ikaskidea, eta orain M15 mugimenduko

zezenketen kontrako zirkuluko moderatzaile lanetan dabilena. Edo heavy peto-peto

hura, zurekin uda oso batez lanean ibili zena, bere txima luzeak neskalaguna baino

gehiago maite zituena, eta egun alopeziak jota halabeharrez ilea zerora (edota

gehienez batera edo bira) moztu behar duena. Nolabaiteko justizia poetikoak

eragindako zehar-kalteak. Orain musika-erreproduzitzailean Kortatu entzuten da

ozenki. Negua eztulka ari da kanpoaldean. Ya estoy harto, no quiero salir más.

Iluntasuna eta hotza. Siempre lo mismo. Nostalgia, oroitzapenak eta negar malkoren

bat edo beste. ¡Mierda de ciudad!

Page 18: KAOS#KOSMOS - anttonaranburu.eus€¦ · 2 1 diskoa: ZABAL DADILA KAOSA! 1.1 MUGIMENDUAN Egun hartan Pablok ez zuen lanik egin behar. Atsedenaldia merezi zuen, azken asteak Txilen

17

Ixiltasuna horman eskegita Iluntzeko ordu malkartsutan Nora joan dira ilusio zaharrak Leihotik begira negua estulka Gogoratzen haiz nolakoak ginan Gangarrak marrubizko irlan Esan behar nian ta ez nintzan gai izan Beti ibili nauk erdi txoratuta Nun dira? Nun dira? Nonbait galduta neure saudadean Talaia romantikoenean Orekaren bila armoniaren zain Ez diot irri egiteari utzi nahi Nun dira? Nun dira?

2.2 ZERTAN HABIL

Eli uda hasieran azaldu zen gure herrian. Hamabost urte zituen, ile beltz-beltza eta

itsas-begiak. Energia izugarria zeukan, asko hitz egiten zuen, eta berehala utzi genion

gure taldean sartzen. Bera zen beti azkarrena, zentzudunena; helduena azken finean.

Gurekin egotea gustatzen zitzaion, bere adineko neskekin aspertzen zela baitzioen;

buru-meharrekoak, kakatiak eta erromantikoegiak zirela zioen. Guztiz harrapatu

gintuen bere axolagabetasunak eta ausardiak menderatuta. Denak geunden Eliz erdi

maiteminduta. Baina gure taldeko liderra Gontzal zen, eta hasieran bere liskarrak izan

bazituzten ere, Elik eta berak elkarrekin bukatu zuten. Hezur muinetaraino maitemindu

ziren; izan ere, lehenengo maitasunak beti izaten dira gogorren astintzen gaituztenak,

magikoenak, gero modu batean ala bestean puskatzen badira ere, askotan zergatik

ere ez dakigun arren. Oso gutxi dira irauten duten lehen maitasunak, zeren eta

azkenean beti gailentzen da gure esperimentatzeko desira, edota bide eta lurralde

berriak miatzeko nahia edo beharrizana. Uda bukatutakoan Elik herritik alde egin zuen.

Joan baino lehen promesa bat egin zioten elkarri: batak besteari betirako itxarongo

ziola. Baina Eli ez zen gehiago herrira itzuli. Hogei urte igaro dira dagoeneko eta

Gontzalek egunero galdera berdinak egiten dizkio bere buruari: Eli, zertan habil? Ba

al da inor laztantzen hauenik gauean? Denbora luze honen ostean ba al da oraindik

ezer gure artean? Zertan habil, Eli? Zertan habil?

Page 19: KAOS#KOSMOS - anttonaranburu.eus€¦ · 2 1 diskoa: ZABAL DADILA KAOSA! 1.1 MUGIMENDUAN Egun hartan Pablok ez zuen lanik egin behar. Atsedenaldia merezi zuen, azken asteak Txilen

18

Ba al da inor laztantzen hauenik gauean? Ba al da ezer denbora luze honen ostean? Bakarrik fedea hor nonbait galdurik Ba al da inor besarkatzeko prest negarrez hagola? Nor da dantzan ateratzen hauen laguna? Urruti baina nolabait elkarrekin Zertan habil? Hi eta ni, hain urrun hain gertu hain ixil Hi eta ni, bi arrotz gauean biluzik Nork dauka zure bihotzeko giltza? Zein da, esan, lo hartzeko behar duzun hitza? Zaindari, aingerutxoren bat ei dabil Zertan habil? Hi eta ni hain urrun hain gertu hain ixil Hi eta ni bi arrotz gauean biluzik Ez haiz inondik ageri Orain goibel gero pozik Gaur itzal, bihar eguzki Imintzio koxkor bat egin, koxkor bat egin Zertan habil?

2.3 BELORIOAN

Nork bidali behar ninduen ni zure beloriora! Nork? Nor eta ni, distantzia laburretan ere

oharkabean pasatzen naiz eta! Sartu eta batera, hamarnaka begik goitik behera

eskaneatu ninduten. Ezezagun bakar bat, susmagarri bakar bat familia giroko belatorio

batean. Guztiek begiratzen ninduten marmar gor trumoitsuan, batak besteari galdetuz

ea nork ezagutzen ninduen, eta bitartean ni ezikusiarena eginez nenbilen hileta-

aretoaren atzealdeko gortinetan ezkutatu nahian. Tentsioa labanaz moztu zitekeen.

Atsekabea orokorra zen eta nire tristura sakon-sakona, baina egoerak bazeukan bere

nolabaiteko grazia, Woody Allenen film batetik aterata baitzirudien. Ziur Sabinak hau

baino gutxiagorekin abesti bat egingo zukeela. Zure familia, zure lagunak, zure

lankideak... den-denak zutaz ari ziren hizketan, emakume handia eta ederra zinela,

urrezko bihotza zeneukala, kristoren hutsunea uzten zenuela beraiengan, bla, bla eta

bla. Denek zuten zer edo zer esateko, denek nik izan ezik. Zuk badakizu inoiz ez

Page 20: KAOS#KOSMOS - anttonaranburu.eus€¦ · 2 1 diskoa: ZABAL DADILA KAOSA! 1.1 MUGIMENDUAN Egun hartan Pablok ez zuen lanik egin behar. Atsedenaldia merezi zuen, azken asteak Txilen

19

dudala gustuko izan beste barik hitz egitea, eta esan beharko niekeenak ziurrenik

beste belatorio bat eragingo zukeen. Gainera, tristurak eztarria eta bularra itolarriraino

estutzen zizkidan, eta egin zenuen horrek eragiten zidan haserreak arnastea ere

eragozten zidan. Zergatik? Zergatik? Zu, bai zu, niretzat distira bedeinkatua izan zinen

hori! ...eta bai, badakit eta aitortzen dizut batzuetan huts egin nizula. Eta hala ere, uste

dut geurea ezezagun guzti haien aurrean aireratzea ez zatekeela inondik inora ideia

ona izango. Hipokrita madarikatuak! Inork ez zintuen ulertzen, inork ez zintuen

maite,...inork! Tira... inork, nik izan ezik. Naufrago bi izan ginen, elkarri helduz, salbazio

taulak izango bagina legez. Ni, dena den, ez nintzen inoiz zure mailan egon. Zer

egingo diot, ez naiz inoiz santua izan eta! Pentsatu nahi dut bertan zeudenetatik inork

ez zekiela gure artekoa, maitaleak izan ginela, sarritan saiatu ginela mozten, baina

ezinezkoa zitzaigula. Hain ondo pasatzen genuen elkarrekin! Ezin hobe ulertzen ginen!

Alkoholikos Anonimos-en saio batean egin genuen topo lehen aldiz, eta han bertan

egin ginen lagun, konfidente eta maitale (dena lehen egunean, dena batera, dena aldi

berean). Gure penak elkarrekin itoarazten genituen, baina ukondoa altxatu gabe, bata

bestearen konpainiarekin bakarrik. Erdiguneko hostal batean aurkitzen ginen

asteazkenero. Gogoratzen zara? Berebiziko kutxitrila hura! Eta horrela igaro zen

denbora, larunbat goiz batean, egunkaria irakurtzen ari nintzela, zeure eskela aurkitu

nuen arte. Ia han bertan hil nintzen ni ere… zein kontsiderazio gutxi izan zenuen,

ezta?... hala joatea, abisatu gabe... prentsaren bitartez jakin behar izatea! Hori ez zen

ondo egon, bihotza! Orduz gero ez dut lasaitasunik aurkitzen inondik inora. Denetarik

probatu dut, baina ezerk ez dit kontsolatzen: ez reikiak, ez damisela ederren zuku

eztiek, ez jokuak, ezta lagun dandy aprobetxategiek ere... Sekretutxo bat kontatu nahi

dizut. Oraindik ere gure hostalera joaten naiz asteazkenero, gure bileren logelara,

bakar-bakarrik, egotera besterik ez. Ez dakit zergatik egiten dudan, beharbada

masokista hutsa naizelako, edo beharbada omenaldi xumea egin nahi diodalako bizi

izan genuen guztiari. Zure falta izugarria da, laztana. Maite zaitut.

Ezezagun bakarra neu nintzan Belorioaren eskina batian Zenun bihotz onaz ari ziran Zeure senarra negar sotinka Abandonatuen erreinuan Izuak ernatzen direnean Ansiedadia

Page 21: KAOS#KOSMOS - anttonaranburu.eus€¦ · 2 1 diskoa: ZABAL DADILA KAOSA! 1.1 MUGIMENDUAN Egun hartan Pablok ez zuen lanik egin behar. Atsedenaldia merezi zuen, azken asteak Txilen

20

Ez jokuak, ez damisela ederren zukuak Ez reikiak, ez lagun dandy aprobetxatuak Alperrik da, deabrutxoak beti hor dira Disimula, jarraituz soilik zeure rutinak Alkoholiko anonimosetan Ezezagun ezagutu ginan Asteazkenero maitaleak Samurtze aldera bion samina Zapatu goizeko egunkarian Topatu nuen zeure eskela Bakardadea Ez jokuak, ez damisela ederren zukuak Ez reikiak, ez lagun dandy aprobetxatuak Alperrik da, deabrutxoak beti hor dira Disimula, jarraituz soilik zeure rutinak Ta hostaleko gela berdina Bisitatzen asteazkenetan Omenaldian Ez jokuak, ez damisela ederren zukuak Ez reikiak, ez lagun dandy aprobetxatuak Alperrik da, deabrutxoak beti hor dira Disimula, jarraituz soilik zeure rutinak

2.4 AHOAK

Hogeitabost metro karratu eskas dituen ganbaran bizi da Julio Kortazar. Leihopean

daukan mahaitxoan eserita dago, hatzen artean zigarreta eta beste eskuan kafe katilu

bero-beroa duela. Margotek lotan jarraitzen du, erdi biluzik, sofan etzanda. Negu gorria

da Parisen eta apartamentuan hotza latza da. Heriotzaz, jelosiaz eta arteaz diharduen

kontra-eleberri bat idazten ari da. Abangoardiaren abangoardian beti. Suizidio

komertzial bat. Orri zuri bat jarri du mahai gainean, bere luma hartu eta zera idatzi du:

Rayuela VII. Kapitulua. Margoten ezpainen zapore gozoa eta kafearen mikaztasuna

nahasten zaizkio mingainean. Altxatu eta bere maitalearengana hurreratu da sofaren

ertz batera. Bere hatz erakuslearekin Margoten ahoa inguratzen hasi da, marrazten

arituko balitz bezala. Bere ahoa modu basatian desiratzen du. Margotek begiak

zabaldu ditu bat-batean eta elkarri begira geratu dira, zuzen-zuzen, gero eta gertuago,

ziklope biren moduan. Eta orduan bien ahoek topo egin dute, borroka leun batekin

Page 22: KAOS#KOSMOS - anttonaranburu.eus€¦ · 2 1 diskoa: ZABAL DADILA KAOSA! 1.1 MUGIMENDUAN Egun hartan Pablok ez zuen lanik egin behar. Atsedenaldia merezi zuen, azken asteak Txilen

21

hasieran, ezpainetan koxka bigunak eginez. Ondoren musu sakon batean elkartu dira,

ahoak lorez eta arrainez beteko balitzaizkie bezala. Eta gero listu bakar bat sortu da

bien artean, fruta helduaren zapore bakar bat, eta Margotek bere kontra dar-dar egiten

duela nabaritu du, ilargi batek uretan egingo lukeen bezala.

Zeure ahoa neure behatzarekin marrazten diat Geure begiak ziklopeen gudan lerrokaturikan Ahoak bilduta habitat bustia Ilargi bat uretan bezala Neure kontra dardar egiten duzula Orduan eskuak zeure ilearen sakontasunean Sartzen dira suabe muxukatzen garen bitartean Loreak arrainak mugimenduan Irrikatzen dudan ahoa gorria Askatasun subiranoz hautatua Lurrinak jolastuz barrutitan Arnasa epelak itzulian Ilargi bat uretan bezala Neure kontra dardar egiten duzula

2.5 ABANGOARDIAKO GAZTEAK

Abangoardiako gazteak astero biltzen dira. Beraien nahia beti izan da mundua

aldatzea. Mundu hobe bat eraikitzea. Zer demontre, mundu berri bat sortzea! Baina

jada ez dira hain gazteak, jada ez dira hain ameslariak, jada ez dira hain askeak…

Orain hipotekatuta daude. Orain zorpetuta daude. Orain gurasoak dira. Orain motxilan

erantzukizunaren harri pisutsuak daramatzate. Izan ere, zamarik gabe zabiltzanean

errazagoa da koherentzia bere horretan mantentzea. Zamak hartu eta pilatzea izaten

da sarritan erabaki kementsuena. Plataforma berri bat sortzeko bildu dira gaurkoan.

Aldiro beraien borrokaren zentzua aldatzen baitute: ekologia, erabakitzeko eskubidea,

eskola publikoa, errefuxiatuak, etab. Pragmatismo puntu bat falta zaie, ezen jomuga

gehiegi zabaltzen denean ezin da behar bezala bultza egin. Dena den hemen dira,

prest beste behin ere, adokinen azpian oraindik ere hondartza eder bat ezkutatzen

dela sinesten dutelako.

Page 23: KAOS#KOSMOS - anttonaranburu.eus€¦ · 2 1 diskoa: ZABAL DADILA KAOSA! 1.1 MUGIMENDUAN Egun hartan Pablok ez zuen lanik egin behar. Atsedenaldia merezi zuen, azken asteak Txilen

22

Ahaleginak, ordena aldatzeko grina, subertsio pixkat Ekintzak, asanbladak, paskinak, intelektualitatea Begietan mundu berriaren txispa nabari da Ametsez soilik elikatzen dira, gazteri prestua Adokinen azpian hondartza eder bat badela Abangoardiako gazteak Hamen hamen dira Anarkista iraultzailearen hitzak mitinean leunduta Marxistak, troskistak, abertzaleak hortxe bat eginda Adokinen azpian hondartza eder bat badela Abangoardiako gazteak Hamen hamen dira

2.6 NON SORTZEN DA

Zorigaiztoko beste gizon bat etzan da Freud doktorearen dibanean. Arratsaldeko

hirugarren pazientea da. Denak kontakizun ezberdinekin etorri dira, baina nolabait

istorio guztiak berdin-berdinak izan dira. Izan ere, oinazearen funtsean beti gonbidatu

berberak daudela uste baitu Sigmundek: errua, beldurra eta lotsa. Koktela modu eta

proportzio ezberdinekin presta daiteke, baina osagaiak behin eta berriz errepikatzen

dira. Egin dezagun proba. Pentsa arduratzen zaituen arazo larrienean. Orain begiratu

atzera eta kokatu iturburua, ea noiz, non eta nola sortu zen. Ziur hor nonbait errua,

beldurra eta lotsaren arteko saltsa dagoela. Batzuetan errezetak osagai bakarra du,

beste batzuetan bi edo hiru, proportzio ezberdinetan pertsonaren arabera, baina beti

hiru osagai madarikatu horiekin prestatuta. Leihora hurbildu da hurrengo pazientea

datorren bitartean. Beste hiru falta zaizkio lanaldia bukatzeko. Buruko mina du. Ajea.

Atzo lagun onaren konpainian bermutaren ordua gehiegi luzatu zen. Kaka zaharra!

Gehiegi hitz egin zuen, modu zatarrean gainera, eta esan behar ez zituen zenbait

kontu esan zizkion. Bere koktel propioaren gustu mikatza nabaritu du, oraingoan ere

hiru osagai madarikatuekin prestatuta.

Domekea ei zala esan biher joat Mutil hori bat sofan etzanda Bere buruari galdezka Nondik ote dator errua, errua non sortzen da?

Page 24: KAOS#KOSMOS - anttonaranburu.eus€¦ · 2 1 diskoa: ZABAL DADILA KAOSA! 1.1 MUGIMENDUAN Egun hartan Pablok ez zuen lanik egin behar. Atsedenaldia merezi zuen, azken asteak Txilen

23

Olatuaren gainean arimari itsatsita, hor doa Zurrunbiloa, ekaitza, erroak ere astinduta, nor zara? Zapatua, vermoutaren ordu alaia Etxera ezin juan, torero kafia Lagun onaren konpañian Hau dok, hau dok, hau dok, umoria, umoria, non sortzen da? Olatuaren gainean arimari itsatsita, hor doa Zurrunbiloa, ekaitza, erroak ere astinduta, nor zara?

2.7 GRAN CIRCO MUNDIAL

Duela hilabete etxetik alde egin zuen. Gaur hamazazpi urte betetzen ditu. Haize leun

batek aurpegia laztantzen dio karpa zuri-gorri erraldoia begiratzen duen bitartean.

Gitarra zahartxo bat eskegita daraman gazte txolin bat besterik ez da. Karparen

aurrealdean, neoizko argietan, Gran Circo Mundial irakur daiteke. Familia berri bat

aurkitu du azkenean. Artistaz beteriko familia zoroa: kontorsionistak, bailarinak, gizon-

bala, ezpata irenslea, funanbulitak, trapezistak… Ez du bere aukera galdu nahi.

Txikitatik bere ametsa artista izatea izan da eta zirkua hori lortzeko eskolarik onena

delakoan dago. Ez daki bizitzak nondik nora eramango duen, baina jakin badakiena

zera da: maite duela bizimodu nomada hori, maite duela poltsikoan giltzarik ez

izatearen askatasuna eta maite duela bohemia. Momentu oniriko gozo hau astiro

dastatu nahi du, laster berriz ere bere ditxosozko toga jantzi beharko baitu. Tamalez,

bat-batean errealitatean lur hartu du berriz ere. Otordua baino lehen sei administrazio-

auziren bistak dituela gogoratu du. Arratsaldea ere gogor xamar datorkio, gutxienez

beste horren beste demanda idatzi beharko baititu.

Txoriak hegan, haizea leuna, mundua oinetan Une perfektua, umeak barrezka, Gran Circo Mundial itzela! Kontorsionistak, errumaniako bailarinak Gizon bala ta torero, ezpata irensle, zalamero, berdin da Karabanan esna, herri ezberdinak, bidaian inora Famili zoro bat, karnabal doinuak, karpa altxatuaz, hor doaz Rock ´n ´roll izar, funanbulista zein trapezista Atorrante, parrandero, kontalariak gauero, berdin da

Page 25: KAOS#KOSMOS - anttonaranburu.eus€¦ · 2 1 diskoa: ZABAL DADILA KAOSA! 1.1 MUGIMENDUAN Egun hartan Pablok ez zuen lanik egin behar. Atsedenaldia merezi zuen, azken asteak Txilen

24

Untzi polit bat, artista askoren aberria, bihotzean bohemia Gazte txolin bat, gitarra zartxo bat eskegita, odolean abentura

Kontorsionistak, errumaniako bailarinak Gizon bala ta torero, ezpata irensle, zalamero, berdin da Rock ´n ´roll izar, funanbulista zein trapezista Atorrante, parrandero, kontalariak gauero, berdin da

2.8 ZER BILATZEN ZABILTZA

Bizitza planak egiten dihardugun bitartean gertatzen zaiguna da: pentsatu du John

Lennonek. Goiza ederra da bere Central Parkeko apartamentuan. Tea, zigarroa eta

bere piano zuria. Aspaldiko partez, bizipoza berriz aurkitu duela uste du. Goiza

emankorra izan da, abesti berri bat idatzi baitu. Bere izenburua: Imagine. Gustura

geratu da emaitzarekin. Ez du uste arrakasta gehiegirik izango duenik, baina aspaldi

zeraman ezer konposatu gabe eta barren-barrenetik irten zaio bat-batean. Ondo

egindako lanaren sentsazioak lagunduta, ibilalditxo bat egitera irtengo da. Kalera irten

eta batera, tipo bat hurbildu zaio autografo bat eskatzera. Begirada iluna du. Sinadura

bota dio The Beatles-en disko zahar baten azalean eta bere bidea jarraitu du. Berehala

entzun du tipoaren ahotsa berriz ere: Mr. Lennon, what are you lookin for? Jarraian,

burrunba. Ondoren, isiltasuna. Bukatzeko, iluntasuna.

Zulo beltzenak kabernaren ahoan dirau Haren ertzera inguratzean, zer da? Dena desegin, hutsa besterik ez da Egien bila ibiltzen ginan Alegoria itzaletan Zer bilatzen zabiltza Errealitate ezberdin bat Iritziak ez dira oraindik zientzia, pentsa! Mitoak bukatzeko ordua jada Emaidak, piztuzak, argi berri bat Iritzietatik aldenduta Alegoria itzaletan

Page 26: KAOS#KOSMOS - anttonaranburu.eus€¦ · 2 1 diskoa: ZABAL DADILA KAOSA! 1.1 MUGIMENDUAN Egun hartan Pablok ez zuen lanik egin behar. Atsedenaldia merezi zuen, azken asteak Txilen

25

Non da zure esentzia, esan… Zenbat sententzi egin dizkidak, zenbat? Ez dut pertsonairik nahi Zer bilatzen zabiltza Errealitate ezberdin bat

2.9 ABESTI BAT

Zer dira 20 urte? Bizitza amen batean pasatzen den haize ufadatxo bat besterik ez da

eta. Horixe ari zen pentsatzen hegazkinak Loiuko aireportuan lur hartu zuenean. Berriz

elkartuko ziren uneaz beldur zen. Ez zuen iraganera itzuli nahi eta hara nora zetorren

bueltan. Beti itzultzen omen gara lehen maitasunera. Maletak garraiatzen dituzten mihi

luze horietako batean itxarotea egokitu zaio, eta hari musikalean Gardelen Volver

tango ospetsua entzun da. Ekipajea jaso eta irteerarantz abiatu da. Toki askotan ibili

da, hemen eta han, beti zerbaiten bila, eta azkenik abiapuntu berean bukatu du:

sorterrian. Orduan bozgorailuetatik Dylanen Blowing in the wind entzun da. Zenbat

bidetan barrena ibili behar du gizonak bere buruari gizon deitu ahal izateko? Askotan

melodia baten txistu fina nahikoa izaten da oroitzapenen ur-jauzian erortzeko.

Irteerako atea zabaldu eta hortxe dagoela ikusi du, irribarretsu zain.

Ba al zenekien, bilatzen nenbilen altxorra Ez zela inolaz zoragarria Ez eta urre koloreko harri bitxia Ba al zenekien, esaidazu egia Patuak elkartuko gintuela Kriskitinak ur mantsoetan Haizeak badakar xistu leun bat Abesti bat Ba al zenekien, denborak zilartu didala ilea Itzuli naiz sorlekura Agian bazterrak astintzen zerbaiten bila Ba al zenekien, izotzezko gizon hau Zure ezpainen zukuekin urtzen dela Kriskitinak ur mantsoetan Haizeak badakar xistu leun bat…. Abesti bat

Page 27: KAOS#KOSMOS - anttonaranburu.eus€¦ · 2 1 diskoa: ZABAL DADILA KAOSA! 1.1 MUGIMENDUAN Egun hartan Pablok ez zuen lanik egin behar. Atsedenaldia merezi zuen, azken asteak Txilen

26

2.10 MATXALENENA

Diotenez, Matxalen busturiko, nire aitaren heranamona, emakume ikaragarri ederra

zen. Busturia aldeko mutil askok eta askok errondia egiten omen zioten gure

baserriaren sarreran. Badira zenbait kopla zahar, egun arte mantendu direnak,

neskatila eder hau protagonistatzat dutenak: Ai Matxalen, Matxalen , Ai Matxalen zure

bila nenbilen orain baino lehen. Matxalen busturiko gabian gabian, errondian dabiltza

zeure portalian. Hasi goiko kaletik beheko kaleraino, ez da ederragorik Matxalentxu

baino. Matxalen busturikok hamahiru nobio, zazpi mediku eta sei botikario... Euskal

Herrian, pertsona eta hiriekin gertatzen den legez, baserriek beti izan dute bere izen

propioa. Gure baserria Amunategi deitzen da. Toponimiak bi teoria dauzka bere

esanahiaren inguruan: amumaren (amonaren) etxea edo muinoko etxea. Bertan hazi

izan naiz ni, bertan bizi izan zen Matxalen, eta nire familia oraindik ere bertan bizi da.

Baina itzul gaitezen Matxalenengana. Garaiko zurrumurruen arabera, Matxalen

neskatila haizetxue eta zorotxue zan. Bera jaio eta gutxira, oraindik Amunategin bizi

zen bere osabak (Matxalenen amaren nebak) Kubara emigratu zuen. Hau oso ohikoa

zen orduan, etxean seme-alaba asko ziren eta batzuek ameriketara alde egin behar

izaten zuten bizimodua aurrera ateratzeko. Gehienak ez ziren inoiz itzultzen. Beste

batzuek ordea Amerikak egin eta herrira itzultzen ziren beste kontinenteko kontu

harrigarriak kontatzera, eta modu horretan beste mutil batzuk animatzen zituzten

ozeanoa gurutzatzera. Horrek ez du batere zerikusirik gaur egungo egoerarekin, non

busturiarrek Urdaibaiko arrotik haratago irteteko gogo gutxi erakusten duten

gehienetan. Zorte oneko emigratuak, edota beharbada langileenak, herrira itzultzen

ziren zahartzaroan, estilo kolonialeko etxe bat eraikitzen zuten eta pare bat palmera

landatzen zituzten lorategian, argi eta garbi uzteko indianoak zirela. Osaba kubanoak,

hala ezagutzen baitzitzaion familian, dirua bidaltzen zuen baserrira, baina herriarentzat

ere mezenas handia izan zen; erlojuzko kanpandorre bat eraikiarazi zuen herriko

muino garaienetako batean, baita bi eskola eta zahar-egoitza bat ere. Negozioak ondo

zihoazkion Kuba aldetik, dirutza egin zuen, eta behin zahartuta aberrira itzultzean bera

baino askoz gazteagoa zen neskatxa plentziar batekin ezkondu zen. Dena den, beti

izan omen zen oso andrezalea. Jakina zen ondorengo ez legitimoz josi zuela Karibeko

irla. Nahiz eta ofizialki ez zuen semetzat aitortu ume haietatik inor, batzuekin

Page 28: KAOS#KOSMOS - anttonaranburu.eus€¦ · 2 1 diskoa: ZABAL DADILA KAOSA! 1.1 MUGIMENDUAN Egun hartan Pablok ez zuen lanik egin behar. Atsedenaldia merezi zuen, azken asteak Txilen

27

harremana bazeukan, eta ahal zuen neurrian eta afinitateen arabera laguntzen zituen.

Bere seme ugari horien artean, bazen bat bereziki maite zuena, mulato alai bat,

xelebrea eta berritsua. Busturiarrak, bere mutilak Kuban aurrera egiteko aukera gutxi

zituela ikusten zuen, eta horregatik bidali zuen Belgikara ikasketa nautikoak egitera.

Baina Belgikara joan aurretik Busturiatik pasatzeko agindu zion, bere aita non jaio zen

ezagutzeko, eta euskaldunen nortasuna nolabait barnera zezan. Eta horrela, egun

batean mulatoa Busturiatik azaldu zen: altua, beltzarana… izugarri ederra zen!

Matxalen eta gazte kubatarrak, finean lehengusuak, Amunategin ezagutu zuten elkar

hortaz. Duela urte batzuk gutun batzuk aurkitu nituen etxeko ganbaran. Horietan,

Matxalenen amak baserriaren gorabeherak kontatzen zizkion bere nebari, osaba

kubanoari, eta bide batez sibilinoki baimena eskatzen zion Matxalen eta morenoa

ezkon zitezen. Matxalenen aita eskribaua zen eta familiako gutun guzti-guztiak, bai

bidalitakoak eta bai jasotakoak, kopiatzeko ohitura zeukan, dokumentatzeko eta

artxibatzeko. Osaba kubanoaren erantzun gutuna ere aurkitu nuen. Ezkontza horren

kontra azaltzen zen irmoki, haserretuta, eta biraoka bere semeaz zioen: Jainkoarren!

Gure kastak ez dezala hondoa jo Gineako kostaldean! A zer elementua osaba

kubanoa! Azken gutunean haratago zihoan, zalantzan jartzen baitzuen mutilaren aita

bera zela, modu horretan eztabaida bukatutzat emanez. Morenoari Belgikara alde

egitea baino beste aukerarik ez zitzaion geratu. Bi lehengusuek betirako agur esan

zioten elkarri Olabeagako moiletan, eta inoiz ez zuten beste ezer jakin batak besteari

buruz. Baina Amunategiko lastategi bigunean gertatutako amodio jolas klaskatuek,

pardel eta biberoiz betetako etorkizun oparoa iragartzen zuten. Morenoak alde egin

eta bi hilabetetara ezkondu zen Matxalen maite ez zuen auzotar batekin, beti errondia

egiten zebilkion horietako batekin hain zuzen. Matxalen gertu izatearren, edozertarako

prest zegoen mutil gizajoa. Orduz gero Amunategikoei Baltzak ezizenez ezagutu

gaituzte; nork jakin zergatik?

Hemeretzigarren mendean Busturiko herrian Neskatxarik lirainenak Matxalen zun izena Haizetxua, zorotxua, mutilengan lilura Urazainditik urazgaindira haren xarmak piztuta Errondia atarian Ai Matxalen, ai Matxalen zeure bila nenbilen Amunategiko baserrian azaldu zen mutila

Page 29: KAOS#KOSMOS - anttonaranburu.eus€¦ · 2 1 diskoa: ZABAL DADILA KAOSA! 1.1 MUGIMENDUAN Egun hartan Pablok ez zuen lanik egin behar. Atsedenaldia merezi zuen, azken asteak Txilen

28

Kuba aldetik zetorrela osabaren hazia Beltzarana lehengusua Matxalen txoratuta Familian sortutako amodio berria Inguruak baztertuta Ai Matxalen, ai Matxalen zeure bila nenbilen Olabeagako moiletan emonda azken agurra Belgikara joan omen zan pilotua Matxalenen sabeltxua hasiz joan zen artian Sabai lazto bigunetan zirriak ugariak Familiko sekretuak Ai Matxalen, ai Matxalen zeure bila nenbilen

Page 30: KAOS#KOSMOS - anttonaranburu.eus€¦ · 2 1 diskoa: ZABAL DADILA KAOSA! 1.1 MUGIMENDUAN Egun hartan Pablok ez zuen lanik egin behar. Atsedenaldia merezi zuen, azken asteak Txilen

29