Download - Gaindegia eus.doc euskaraz
GIPUZKOAKO BATZAR NAGUSIAK
2013-02-25an Gaindegiak egin beharreko agerraldiko adierazpena
ADIERAZPENA
Enplegua sortu eta ekonomia bizkortzeko proposamenak egin ditzagun gonbidatu gaituzue. Gure
proposamenak azaltzen hasi aurretik gai honi gure elkartearen ikuspegitik hurbildu nahi
gintzaizkioke. Elkarte txiki eta apala da gurea, askotarikoa bere bazkideei dagokionez. Gure egitekoa
nazio garapen eta kohesioaren ikuspegitik ekonomia eta gizartea aztertu eta hausnartzea da.
Euskal Herriaren geroak arduratzen gaitu, baina baita bere lurraldeenak ere, oraingo honetan
Gipuzkoarenak, azken hamarkadetan erreferentziazkoa izan den lurraldea arlo askotan, baina
oraindik urrats garrantzitsuak egin behar dituena euskal eremu sozio-ekonomikoan dinamizatzaile
izatera heltzeko.
Gure aburuz Gipuzkoako herri erakundeetatik egin nahi den lanak ikuspegi estrategikoa, alde
askotako adostasunak eta konpromiso handiak eskatzen ditu denon aldetik. Ez dago aterabide
onargarririk denon arteko ahaleginik gabe.
Ahalegin horrek zenbait eremutan erabakitasunez eta irizpide argiz jokatzea eskatzen du, hala nola:
• Ekintzailetasuna bere forma guztietan sustatzea.
• Lan harremanen euskal esparrua garatzea.
• Bertako ekoizpen ehunarekin konprometitutako finantza erakunde eta tresnak.
• Gure ekonomiaren premiei erantzuten dieten formakuntza ekimenak.
• Gure estrategiari erantzungo dioten enplegu politika berriak
• Lurraldeari dagokionez, jarduera lurralde osoan banatuko duen eredu bat garatuz,
gehiegizko kontzentrazioa eragotzi eta jarduera dagoen lekuan gordetzeko apustua
egingo duena.
PROPOSAMENAK
Gure aldetik esan beharrekoa da proposamen hauek ez dutela estrategia oso bat irudikatu nahi. Gure
bazkide zenbaitek egindako proposamen zehatzak dira, eremu honetan aurkeztuko diren gainerako
proposamenekin batera aztertzekoak.
Premiazko izaera duten neurriak:
• Inteligentzia ekonomikoa garatzeko gune bat, enpresei, txiki eta ertainei zuzendua batez
ere, ikuspegi eguneratua eskainiko diena lehiakortasun handiko produktu eta zerbitzu
berrien inguruan, teknologia zein formakuntza mailako premiak garaiz ikusi … Jesus Antonio
Borja, gure bazkide, ekonomiako irakasle eta CES/GEK-eko aholkulariak egindako
proposamena da.
Gipuzkoa MIKROENPRESA eta ENPRESA TXIKI ETA ERTAINAK nagusi diren lurraldea da.
Gehiengo honek, ordea, zailtasunak ditu lehiakortasunaren eremu estrategikoak zertan diren
ezagutzera iristeko, nahiz eta jende gehien enplegatzen dutenak izan. Honelako gune batek
horietako askoren lehiakortasuna nabarmen alda lezake egungo enpleguei eutsi eta lanpostu
berriak sortuz. Honakoa ez da ekimen berritzailea, Europako hainbat herrialdetan ezagunak
dira gune hauek, Frantzian batez ere. Gune hauen egitekoa lau ardatzetan biltzen da:
• Lehiakortasun zaintza
• Teknologia zaintza
• Zaintza komertziala
• Zaintza sozial, politiko eta normatiboa.
Azken buru, “informazioa etengabe kudeatzeko sistema bat da, lehiakortasun egoera sendo
batera iritsi eta hobetzea helburu duena iraun dezan. Erabiltzaileen formakuntza dakar
berarekin.”
• Berariazko metodologia enpresa txiki eta ertainak lehiakortasuna handitzeko laguntzak
eskatu eta eskuratzera hel daitezen. Proposamen hau aurrekoarekin lotuta dator. Laguntzak
gehien behar dituenarengana iritsi behar dute. Horretarako, ordea, metodologia aldatu
beharra dago. ORKESTRAk abenduan enpresa txiki eta ertainek laguntzetara heltzeko
dituzten zaitasunak azpimarratu zituen. Egoera hori aldatu beharra dago.
• Enpresa sarearen egoeraren azterketa xehea, enpresaz enpresa.
• Halaber, beharrezkoa litzateke programa bereziak izatea honako arlo hauetan:
o Talentua erakartzeko, bertakoa izan zein atzerrikoa, enpresen estrategia industriala
indartzeko balio izan dezakeena.
o Industria mailako formakuntza espezialdua, lehiakortasuna hobetzeko urratsak
behar diren sektoreetan.
o Enpresen arteko lankidetza eta saretzea.
o Barne ekintzailetasunaren sustapena.
o Nazioartekotzearen sustapena.
• Formakuntza mailako koordinazio mahai bat sortzea, ehun ekonomikoak dituen premiak
bizkor ezagutu eta erantzun ahal izateko. Gipuzkoako ekonomia, krisialdia nozitzen ari bada
ere, askotarikoa eta dinamikoa da. Hala eta guztiz ere, jarduera industrial askoren izaera
bereziak formakuntza horretara bideratzea eskatzen du. Industriak formakuntza zentroetatik
beren berezitasunari arreta jartzea behar du, horretan dago beren lehiakortasuna hein
batean. Horregatik diogu koordinazio mahai bat behar dela, formakuntza erakundeak,
enpresak eta administrazioak osatua. Mahai honek bi mailatan jardun beharko luke, bata
herrialde mailakoa Gipuzkoako estrategiari norabidea emateko, bestea eskualde mailakoa,
tokiko industriarengandik hurbilago jokatuz.
Epe ertainera eragingo luketen zenbait urrats:
• Eskualdeko garapen planak. Udalerri eta eskualde orok bere plana izan behar du, Garapen
Agentziak lan horren buru jarrita. Eskualdeek beren lurraldean enplegua, ekonomia eta
jarduera biziberritzeko zer egin behar duten jakin eta adostera iritsi behar dute. Eskualde
bakoitza berezia da eta bere estrategiak horri erantzun behar dio. Garapen Agentziek, beren
osaketagatik plangintza lan hori burutzeko gunerik eraginkorrena izan daitezke.
• Ekintzailetasuna eremu orotan sustatzeko lurralde estrategia, arreta berezia jarriaz lehen
sektorean. Ekintzailetasuna sustatzeak, gazte zein profesional zailduen artean, estrategia
orokorra behar du. Egun krisialdi egoera baten aurrean gaude eta merkatuari lotutako
zailtasunez gain, proiektu hauek beste hainbat gabezia nozitzen dute. Prozedura
administratiboa, lehiakortasunaren norabidea, plangintzen garapena, eskura dauden
baliabideen ezagumendua… bizi dugun garaiari lotutako estrategia bat behar da. Ezin dugu
finantzazioa bideratu behar dela esatera mugatu, are gutxiago finantza entitateek proiektuari
erreparatu beharrean aurkeztutako bermeei bakarrik erreparatzen badiote.
• Ekonomia eta gizartearen lurralde behategia. Gaindegiaren xedea da ekonomia eta
gizarteari lotutako lurralde behategi bat gorpuztea. Ezinbestekoa da lurralde honi pultsua
hartzea, ez da aski indize estatistikoak ezagutzea. Gipuzkoa askotariko lurraldea da eta zertan
den ezagutzeko konplexutasun horri erreparatu behar zaio, horren bitartez egiturako
ikuspegia eskuratzeko udalerri, eskualde, jarduera eremu, talde sozial, zerbitzu…
AINTZAT HARTU BEHARREKO IRIZPIDEAK
Ez genuke zuen aurreko agerraldi hau amaitu nahi funtsezko ikusten dugun zenbait irizpide aipatu
gabe:
• Ezinbestekoa da lurraldeen arteko harreman ekonomikoak erraztea, mugaz gaindikoak batez
ere, Lapurdirekin hain zuzen. Merkataritza Ganbarak horretan ari dira, bai eta zenbait
enpresari ere. Asko dago, ordea, egiteko.
• Indarrean jarri beharreko politikek lurralde aldetik arduratsuak izan behar dute. Jarduera
lurralde osoan hedatu behar da, batzuetan gehiegi metatu eta besteen gainbehera ez
eragiteko.
• Euskarak lan tresna gisa enpresako jardueretan sartu behar du, ekimen berrietan batez ere.
Ahalegin horretan ekintzaileak laguntzeko zerbitzuek bat egin behar dute.
• Gauzatu behar diren ekimenek seriotasunez hartu behar dute lanean hasteko zailtasun
gehien duten pertsonak lan merkatura eramateko modua. Ezin dugu eten sozial bat, ez eta
gaitutako profesionalak inaktibo izan daitezen aurrerantzean.
Eskerrik asko zuen gonbidapen eta arretagatik.
Donostia, 2013-02-25