beste gu

29
Beste gu Euskaraz esan ohi dugu gauza guztiek beren ifrentzua dutela. Adibidez, antzinako irrati- kasetetan eta disko singleetan B alde famatua genuen – A aldearen distirak itsuturik honen gutxitan entzuten genuena-. Beste adibide bat ispiluaren bestaldean ezkutatzen den mundu magikoa dugu. Honetaz guztiaz asko daki Literaturak eta ez gutxiago Zineak. Baina, Batxilergoko 2. mailako ikasleek haratago joan nahi izan dute. Klasean suertatu zen Guk gizakiok ba al dugu B alderik? galderari erantzun nahian, beste askoren larrutan jarri dira kontakizun laburrak asmatzen. Eskola 2.0-eko baliabideak erabiliz, hemen irakur ditzakezun lantxo hauek, gutxien espero duzunean, beraien nortasun ezkutuko zertzelada batzuk erakutsiko dizkizute. Agur, Jekyll, ongi etorri Mr. Hyde.

Upload: cfsomorrostro

Post on 21-Jul-2015

156 views

Category:

Education


10 download

TRANSCRIPT

Page 1: Beste gu

Beste gu

Euskaraz esan ohi dugu gauza guztiek beren ifrentzua dutela. Adibidez, antzinako irrati-kasetetan eta disko singleetan B alde famatua genuen – A aldearen distirak itsuturik honen gutxitan entzuten genuena-. Beste adibide bat ispiluaren bestaldean ezkutatzen den mundu magikoa dugu. Honetaz guztiaz asko daki Literaturak eta ez gutxiago Zineak.

Baina, Batxilergoko 2. mailako ikasleek haratago joan nahi izan dute. Klasean suertatu zen Guk gizakiok ba al dugu B alderik? galderari erantzun nahian, beste askoren larrutan jarri dira kontakizun laburrak asmatzen. Eskola 2.0-eko baliabideak erabiliz, hemen irakur ditzakezun lantxo hauek, gutxien espero duzunean, beraien nortasun ezkutuko zertzelada batzuk erakutsiko dizkizute. Agur, Jekyll, ongi etorri Mr. Hyde.

Page 2: Beste gu

BESTE GU

Page 3: Beste gu

Kalera irtetean guztiek mutil seguru eta ireki bat naizela pentsatzen dute, memento oro nola jokatu edo zer esan baneki bezala. Inor ez da ausartzen fatxadaz haratago begiratzen.Baina egunero jende aurrean azaltzen den hura ez naiz ni, etxera bueltatzean benetan den mutil inseguru hori agertzen da berriro, konplexuz beteriko norbait.Txikitatik bere altuera urriagatik akonplexatuta bizi dena, behin eta berriro bera baino altuagoak ziren lagunen burlak jasaten dituena.Eta zer? Ez dago ezer txarrik txikia, altua, lodia, argala, polita edo itsusia izatean, baina nahiz eta hauxe bera hamaika bider ispilu aurrean errepikatu, konplexuak ez dira hortik joan, eta ez dut uste joango direnik.

HASIERA

Page 4: Beste gu

Gau hartan, kriseilu baten antzera argitzen zuen ilargiak, uretan zilarrezko bide bat erakutsiz. Olatuak arerio zituen haitz haren gainean nengoen ni, pentsakor, irudizko eta alegiazko mundu horren zain.

Zutunik eta alkandora zuriz nengoen zeru mugari begira, paradisutzat jotzen nuen ostertz hari begira, alegia. Buru gainetik igarotzen ziren kalatxoriak eta uretan etengabe murgiltzen ziren izurdeak nituen zoriontasunerako bultzatzaile, eta haizearen joan-etorria kilikatzaile.

Jakin ala ez, banengoen jadanik mundu horretantxe erabat urperaturik, bertsolaritzaren munduan.

HASIERA

Page 5: Beste gu

Gaur ere epaiketa buruen aurrean esertzen naiz mota askotako azalpenak eman nahian. Nire abokatu taldea atzean daukat eta baita hainbat enpresaburu eta sona handiko pertsonalitate batzuk ere. Beronen errugabetasuna ere aurkeztu beharra daukate. Gela barruko prentsa gunea akreditatutako kazetariz beteta azaltzen da. Guztiak epaile jaunak galdetutakoari buruz zer erantzungo dudan jakiteko irrikaz. Tentsioa nabaria da inguruan. Ez da hitz bakar bat ere entzuten aretoan zehar. Izerdi hotza dabilkit gorputz osoan. Mementoan nire emazte Kristina, hiru semeak eta alaba datozkit burura. Ez dakit etorkizunean nolakoa izango den nire irudia, nire bizitza; baina egun desagertarazia nago nire familiaren itxura aldetik. Ezin naiz haiekin elkartu, ez bizitza publikoan, ezta bizitza pribatuan ere. Azkenengo gabon hauek Washingtonen igaro ditut bakarrik, abokatuek nire defentsa prestatu duten bitartean. Internetek nire iraganari buruz bakarrik hitz egiten du, eta hala erakusten du ere argizarien museoan daukadan irudi berria. Primerako kirolaria izan naiz! Eta orain, herrialde osoko biztanleak niri begira dauzkat ustezko diru hauste batengatiko epaiketa dela eta.

HASIERA

Page 6: Beste gu

Nork daki nor nintzen, nor naizen edo nor izango naizen, dakidan gauza bakarra pentsatzen duen zerbait naizela da.

Pertsonekin harremanetan egotea, jendea ezagutzea, lagunak egitea, taldeetan parte hartzea, kirol egitea…denetarik egitea izan dut gogoko betidanik.

Amets egitea gogoko duen norbait naiz, entzuteko prest dagoen pertsona eta besarkada bat emateko beti izango duzun norbait ere bai.

Erraz haserretzen den pertsona, baina berehala pozik dagoen norbait ere bai.

Maitatzeko prest dagoena, nik beste pertsona bat maite dudan moduan, eta ezinezkoa egiteko prest dagoen pertsona naiz ni.

HASIERA

Page 7: Beste gu

Murgildurik urpean, asmatu ezean, argazkiz argazki irri, irriz irri joan-etorri. Festen maitalea da bera, lagun leiala goiz eta gauean. Besarkadak ematen dituena eta beharrezkoa duenean jasotzailea.

“Badakit nik nor naizen, lagun. Gustuko dudana gustuko, eta punto. Neure burua kritikatzen lehena, eta besteak laguntzen lehena.”

Sorginen eta gizakien artean, irriaren mundua dauka berak. Errealitatera bueltatzeko prest?

“Ez, oraindik ez”.

HASIERA

Page 8: Beste gu

Ispilura begiratzen dudanean, ez dut ikusten gustatuko litzaidakeena. Gorrotoa, maltzurkeria, desprezioa eta abar. Sentimendu ilunak ikusten ditut.

Zerk bihurtu nau horrela? Non egongo da nire benetako pertsona? Non egongo da jendea laguntzen zuena eta irribarrea erakusten zuena? Ez dakit non egongo den. Ez dakit non ezkutatzen den. Duela asko ez dut ikusten ispiluan begiratzen naizenean. Baina egia da, berreskuratzea gustatuko litzaidake.

HASIERA

Page 9: Beste gu

Ramon deituko banintz, Globo aerostatiko handi batean biziko nintzateke. Bizitzeko ekipamendu nahikoarekin munduan harat-honat ibiltzen emango nuke bizitza. Beharrak asetzeko erregai eta janaren truke egingo nuke lan eta ahalik eta gehien laguntzen saiatuko nintzateke. Leku guztietako jendea ezagutzen asko ikasiko nuke, eta lagungarri izaten saiatu ere bai. Bidaia blog bat izango nuke eta han bidean ezagututako jendeaz mundu osoari zentsurarik gabe hitz egingo nioke. Bizitza osoa emango nuke Afrikako tribuetatik Mongoliako nomadetara, eta handik Estatu Batuetara.

Bidaia luze eta aspergarriak hizkuntzak ikasteko erabiliko nituzke. Izan ere, bakardadea astunegia egiten zait altuera horietan. Zorionez, Juan Carlos nire kanario somaliarra alboan izango nuke une hauek arintzeko, bai eta globoa tripulatzen lagundu ere. Hura bai, bizitza exotikoa! Baina Mariano dut izena…

HASIERA

Page 10: Beste gu

Jesusek amen esan orduko!

Iluntzean, nire begiak ispiluari begira eta… jakin gabe, ezer egin gabe, amen batean amesten hasia nintzela ohartu nintzen. Zer dela eta? Nor nintzen memento hartan?

Kanpotik neska bat, barrutik erabat desberdina. Hertsitako begiak irekitzean distira berri eta ezezaguna islatzen zuten. Une hartan jadanik ez nintzela ni beste bat baino konturatu nintzen. Nire gorputza hartuta, nik betidanik egin nahi izan ditudan gauzak egiteko kapaza nintzen.

Ametsak amesten, benetako egia ezkutatzen. Izan ere, egun hartan bizitzari aurre egiteko gai nintzela sinetsi nuen.

HASIERA

Page 11: Beste gu

Negua oso hotza da. Kale erdian aurkitzen naiz jendea han-hemenka dabil lanera berandu iritsiko diren beldur. Guztiak trajez jantzita eta errepidetik uniformez jantzita dauden haurrez beteriko autobusa igaro da. Elurte gogorra gaur goizean. Gau osoan elurra mara-mara erori da, eta ni bi kartoi hutsen artean lo egin nahian. Jendea niri begira aurpegi arraroz eta noizean behin txanponen bat botatzen naute.

Baina, hala ere, ez daukat ezta jatekorik ere ; zaborren artean ibili behar naiz egunero.

Txikia nintzenean ez nuen inoiz pentsatu horrela bukatuko nuenik.Izan ere, poz-pozik bizi naiz kale hutsean.

HASIERA

Page 12: Beste gu

Jendearen ahotsak entzuten ditut nire izena oihukatzen. Kontzertuaren mementorik hoberena da. Jende mordoa dago hor kanpoan, eta denak daude nire abestiak entzuteko zain. Dirua ordaindu dute arratsalde honetan hemen egoteko, maite duten musika entzuteko eta gogo bizian abesteko. Gaua amaitzean, nekaturik eta izerditan blai egongo dira, baina pozez beteta, inoiz baino hobeto gozatu dutelako. Espero dut eszenatokiaren alboan daudenek hurrengo orduak bere bizitza osoan ez ahaztea, eta nik disfrutatuko dudan bezala egitea. Izugarri maite dut eramaten dudan bizitza. Nire amets hoberena betetzen da eszenatokira ateratzen naizenean, eta jendearen begietan malkoak ikusten ditudanean, ni ikusteko emozioagatik.

HASIERA

Page 13: Beste gu

Eguzkia bi palmondoen artean atera da eta haren argitasunak esnatu nau. Bi aste daramat neure buruari galdetzen ea zer-nolako lan aukerak edukiko ditudan Euskal Herrira heldu bezain pronto, baina basamortuaren erdian egonda konturatu naiz herrialde honetan lana esatea ez dagoela onartuta, baizik eta elkarri lagundu esatea.

Egia da hausnartzeko une paregabea dela, baina ez nire etorkizunaz pentsatzeko, baizik eta ondokoari laguntzeko. Nire arima askatzeko beharra sentitzen dut, hau da nire baitan ditudan askatasun eta adiskidetasun sentimenduak azalarazteko beharra.

Goizaldean, lagunak esnatu eta kamioiz Sahararen hiriburura abiatu gara, urez eta medikamentuz beteta zeuden kamioiak ziren. Aaiunen kanpain-denda eraiki ondoren, herritarrei oinarrizko diren bi gauza horiek banatzen hasi ginen. Inoiz ez dut ahaztuko zenbat negar eta zenbat min ekidin ditzakegun halako eginkizunak gauzatzen. Beraz, nire etorkizuna aukeratu dut Aainunen geratzea, Saharentzako etorkizun hobe baten bila.

HASIERA

Page 14: Beste gu

Hemen nago ni, kamerinoaren ispilu aurrean,urduri eta ezagutezina. Soineko distiratsua, aurpegia margotuta eta ilea goma baten bidez hartuta. Patinak badaude guztiz zorroztuta, pistara ateratzeko prest. Hemendik jendearen oihuak eta txaloak entzuten dira. Guztiz liluratuta daudela dirudi. Izotz makina jadanik pasa dute eta ni memento batetik bestera aterako naiz. Aurkezlea patinatzaile guztiak aurkezten ari da, izen guztiak izendatzen. Nire izena mikrofonoaren bitartez entzun dut, horrek esan nahi du nire ikuskizun zirraragarria erakusteko mementoa heldu dela.

Primeran egin dut eta epaileek boto handiena eman didate. Lehenengo postua irabazi dut, beraz urrezko domina eman didate. Argazkilariak nire aurrean daude eta argazki kameraren flashak soilik ikusten ditut. Hurrengo txapelketa noiz izango den pentsatzen dut. Berriz ere lehenengo postua irabazteko asmoz.

HASIERA

Page 15: Beste gu

Irailaren zortzian nire debut eguna izan zen.Lehengo aldiz eta Kontxako estropadan, hau debuta hau! Nere bizitzako lehen estropada, nire herriko traineruarekin..Arraunlari batentzat ,urteko estropadarik garrantzitsuena eta ni, umemoko bat 20urterekin, Kontxako estropadan debutatzen. Oso urduri nengoen baina nire gorputzak ez zuen urduritasun hori islatzen, baina bazekiten eskarmentu handiko arraunlariek ni oso urduri nengoela. Profesional baten antzera jokatu nuen, baina egun hori ez zen oso ondo bukatu, ez genuen irabazi. kanpotik haserre, baina barrutik pozaren pozez Kontxako estropadan debuta egin nuelako. Harrez geroztik, ez dut ahazten nire lehengo estropada eta orain profesional bihurtuta nago,dirua irabazten; baina ez da arraunketa egiten diruagatik, baizik eta bihotzean daramatzazun koloreengatik.Nik txikitatik barneratuta neukan arraunlari profesionala bihurtzea, eta lortu egin dut.

HASIERA

Page 16: Beste gu

Beti gustatu zait dantzari profesinala izatea. Beste bizitza izango banu, dantza modernoan jardutea gustatuko litzaidake . Txikitatik gustatu zait dantza egitea, baina agertokira igotzean bihotza borborrean ipintzen zait , gorputza izerditan blai eta dardarka. Jendearen aurrean oso lotsatia sentitzen naiz eta normalean nire sentimenduak bihotzean gordetzen ditut.

HASIERA

Page 17: Beste gu

Uda heldu da eta urtero bezala `patinak hartzen ditut eta parkera abiatzen naiz. Han nago ni , bakarrik, goizeko haizeaz gozatzen ,uso askatu bat banintz bezala. Hau bai bakardadea! Askatasuna , alaitasuna, inork molesta ez nazala. Haizea sentitzen dut ,itsasoa barnean ,olatuen soinua gozatzen dut guztiz bakarrik. Maite dut bizitza ,hau da, nire bizitza, nik beste inork ezin uler dezakeen sentsazioa. Amets egiteko gogoarekin , inoiz ez dezala ametsa buka, ez nadila esna alaitasun eta gozotasun honetatik.

HASIERA

Page 18: Beste gu

Heldu nintzen, garaiz beti bezala, nire jendearen zain. Gelan lasaitasuna eta bakea igarri ahal zen. Pixkanaka-pixkanaka gela betetzen joan zen, denak nire liburuarekin eskuen artean, eta nire liburu ospetsuaren azalpenaren zain. Urduritasuna nabaritzen zen gelan, baina denak isilik eta erne zeuden. Memento horretan munduko pertsonarik garrantzitsuena sentitu nintzen. Gela txikia zen, 60 pertsonaz beteta, telebista eta irratia barne. Azalpenarekin hasi nintzen, zertan oinarritu nintzen, nor izan zen pertsonarik garrantzitsuena nire bizitzako memento berezi horretan…

Nire liburuaren aurkezpena bukatzear zegoen, eta jendea irribarre batekin aurpegian liburuari buruzko galderak egiten hasi zen. Poz-pozik galdera guztiak erantzun nituen. Eta bukatzeko denak beren aulkitik altxatu eta nigana hurbildu ziren zoriontzeko eta eskerrak emateko.

HASIERA

Page 19: Beste gu

Bankuan lan egiten hasi da. Banku madarikatu horietako batean. Nik ez nuen horrela hezi. Leninen doktrinari jarraituz hezi nuen. Marxen hitzaldiak era idazlanak irakurtzen nizkion lotara joaten zenean. Trotsky traidorearen heriotza azaltzen nion, Stalin handiaren ohorea errespetatu zezan. Eta orain banku batean ari da lanean. Ez genuen Berlin hartu orain banku batean lan egin dezan. Errusia handiko jende guztia kapitalismoaren menpe. Nazkagarria da. Beste guda bat beharrezkoa da. Stalingradon borrokatu behar dira. Horrela konturatuko dira komunismoaren onurez. Bere lagunak eta familia hiltzean ohartuko da. Gizarte klaseak desagertu egin behar dira. Bere lanarekin egiten duen gauza bakarra arazo hau areagotzea baino ez da. Balore hauek guztiak goraipatzeagatik lortu nuen ofizial kargua. Baina orain horrek ez du ezertarako balio… borrokan aritu nintzen gauza horiek guztiak defendatzeagatik, eta orain ez dira aintzakotzat hartzen. Agian nire ordua heldu da. Agian, horrela banku madarikatua utziko dut. Ohar bat idatziko diot. Bide bakarra da pentsaera alda dezan.

HASIERA

Page 20: Beste gu

Argazki kameren flashen artean egotea, haizagailuekin ilea airean edukitzea eta zenbait itxura desberdinetan posatzea. Benetan oso gustuko ditudala egiten dizkidaten argazki guztiak. Arropa maite dut eta arropa estilo bakoitzarekin argazki bat egitea, askoz gehiago. Abantaila nagusia ospetsua izatea da, kaletik joan eta jendeak ni ezagutzea edo nirekin argazkiak nahi izatea. Betidanik argazkiak leku polit guztietan egitea gustuko izan dut, argazki alaiak edo konturatu gabeko hamaika izan ditut beti nire albumetan. Altuera nahiko handia eta gorputz zaindua betidanik ere eduki nahi izan dut. Eta orain, hori guztia lortuta, pasaguneetan modelatzen nago. Harrigarria da pasaguneetan egotea eta haietan modelatzea, modu errime batean ibiltzea eta gorputz ederra erakustea. Beste zerbait izateko proposatuko balidate, ez nuke nahi beste zerbait izan.

HASIERA

Page 21: Beste gu

Bakarrik hogei minutu falta dira antzeztokira ateratzeko. Jadanik entzuten dira gure jarratzaile guztien oihuak, gu ateratzeko eta festa animatzeko asmoz. Eta oraintxe bertan, kanpoan dagoen jendeari esker, konturatzen gara taldeko osagai guztien lana espero genituen ondorioak ekarri dituela.

Gure laugarren diskoa da, eta lan berri honen jiraren hogeigarren eta azken kontzertua da, herrialde guztia zeharkatu ondoren, iparraldetik hegoaldera. Ez genuen espero hain famatuak izatea auzoko kafetegian duela hamabi urte hasi ginenetik.

Ateratzeko mementoa heldu da eta haien nahiak betetzeko prest gaudenez, hurrengo urteko festetara arte agurtzen dugu. Mila esker, benetan, amets hau lortzen laguntzeagatik.

HASIERA

Page 22: Beste gu

Nire izena iragartzearen zain, ordularia une batez gelditu dela dirudi. Sala txiki honetan, nire itzalaren konpainia bakarrarekin, begiak ispiluan aurkitzen saiatzen naiz. Malkoekin topo egin dut azkenean, urduritasunak bereak eginda. Ez da tristura barnean dudana, gogoa da, irrika. Ezpainak gorriz marrazten ditut eta lurrin pixka bat botatzean burura etortzen zait orain hain urrun ikusten dudan neska gazte bat, bere herritik alde egin zuena, bere ametsen bila.

Bat-batean isiltasuna entzuten dut, eskuak estutzen ditudala, eta orain zarata, zarata handia; txaloak dira.

-Zure txanda, ordua heldu da.

Teloia zabaldu, argiak piztu eta magia hasi…

HASIERA

Page 23: Beste gu

Oraintxe bertan nire apartamentuan nago, altxatu berria naiz. Korrika batean dutxatu, jantzi, maletina besapean hartu eta lanera joan behar dut.

Jadanik metro zikin eta zahar baten barnean nago, jendez beteta, batzuk liburu batean murgilduta daude, une batean historioaren barruan egongo balira bezala, beste batzuk mugikorrarekin jolasten eta beste hainbeste egunkaria irakurtzen, hain zuzen ere, nire egunkaria. Nik egunean zehar zenbat artikulu idatziko dudan pentsatzen ari naiz, aurreko eserlekuan eserita dagoen andre bati begiratzen diodan bitartean.

Nire lanpostura ailegatu naiz kaletik nire jarraitzaileei sinadura eta argazki batzuk egin ondoren, laurogeita hamar solairua igota, nire enplegatuei irribarre ''faltsu'' batekin ''good morning'' eta ''egun on'' esaten diet eta segidan nire bulegoan sartzen naiz. Liburuxka guztiak utzi eta beirate handitik begirada bat ematen dut, New York-eko etxebizitza guztiak inurri xumeak balira bezala ikusiz. Orduan, nire eserlekuan esertzen naiz, New York Times-eko berri guztiak argitaratzeko.

Bihotzez, New York Times-eko egunkariaren zuzendaria.

HASIERA

Page 24: Beste gu

10 urte nituela, lagun baten etxetik nentorren arratsaldeko 9etan, gutxi gorabehera, kalea hutsik zegoen, ez zen inor bertan. Kale ilun batetik igaroz gero, norbait nire atzetik zihoala nabaritu nuen. Beraz, atzera begirada bat egin nuen eta… Halaxe zen!

Aurpegia estalita zuen gizon bat zetorren, susmo onik eman ez zidanez, abiadura azkartu nuen, ia etxean nengoen, baina nire bizitza aldatuko zuen gertaera gertatu zen. Gizon hark harrapatu ninduen eta nitaz abusatu zuen. Memento gogor hori amaitu eta gero kalean botata utzi ninduen mukizapi zikin baten antzera.

Hortik aurrera ez naiz berbera, gizon bat ikustean amorruz betetzen naiz, hau da, itsu geratzen naiz. Ni bezalako neska bati min egin ahal diola pentsatzeak deskontrolatzen nau eta haren erailketan soilik pentsa dezaket.

Ulertzen duzun bezala, ezin diot edonori kontatu, nitaz zer pentsatuko duten beldur naiz. Baina zu ez zara besteak bezalakoa, eskerrik asko une oro nire alboan egoteagatik, Edurne, benetan.

HASIERA

Page 25: Beste gu

HASIERA

Nire eguneroko bizitza oso arrunta da: jaiki, gosaldu eta lanera. Normalean laster iristen naiz eta nire lankideei kafesneak hartzen dizkiet. Argazkia mahaian eta ordenagailua beste alboan. Horrela egiten dut ia egun osoa, han-hemenka ordenagailuarekin lan egiten eta aulki batean eserita. Baina etxera ailegatzen naizenean, hau da, ilunpean, nire egoera asko aldatzen da. Jantzi dotoreak erantzi eta arropa beltzak jantzita zaborra botatzera jaisten naiz. Kotxea hartu eta ordurako etxe bat hautatzen dut. Sartu, lapurtu eta joan, ume bati gozoki bat kendu bezain erreza, eta kontuz! Zure etxea hurrengoa izan ahal da.

Lagun maitea askotan esan didazun bezala, lagun-minen artean ezin da sekreturik izan, horregatik hau idazten ari natzaizu, nire benetako nortasuna ezagutu behar duzulako.

Duela urte batzuk arazo bat nuela onartu nuen, hots, egunkarietan azaltzen diren gizonen hilketen erruduna ni neu nintzela. Badakit ez dela normala, eta gauzak txarto egiten ari naizela, baina ezin dut kontrolatu. Hilketa horiek nire bizitzeko beharra bihurtu dira, noiz hasi nintzen baino ezin dut gogoratu.

Page 26: Beste gu

Gaur goizean esnatu naiz eta ispiluaren aurrean jarri naiz. Benetako Alex naiz ni? Galdetu egin diot neure buruari. Besteek nire benetako izaera ezagutzen dute? Gaur izan da eguna nitaz hitz egiteko eta galdetzeko, hausnartzeko.

Nire lagunek eta ezagutzen nauten pertsonek mutil alai eta barretsua naizela esaten dute, arazorik gabe bizi den mutil xume bat, baina hori da nire benetako nortasuna edo izaera? Ez, nik une askotan barre egiten dut, baina besteek ez dakite nire barnean gertatzen dena, hau da, barrutik hondatuta nagoela eta barre egiten dudala haiek animatzeko, ez dudalako nahi besteei nire arazoen berri ematea eta haiekin aspertzea. Nik nire arazo guztiak ganbaran gordetzen dudan kutxa batean ezkutatzen ditut, besteengandik zokoratuak.

Benetako Alexek abeslaria izan nahi du, mundu osoa bere abestiekin alaitu nahi duena. Familia handi bat eduki nahi duena 4 seme-alabekin osatua, arazoei aurre egiten diena. Honelakoa naiz ni.

HASIERA

Page 27: Beste gu

Egunero ikusten dut. Beti bezala, zutunik eta niri begira. Nahiz eta kanpotik ni bezalakoa izan, bere begi sarkorren distira ilunak esaten dit barrutik ez dela pertsona bera. Urteak eta urteak eman ditut begi haiek zer esan nahi zuten igarri ezinik.

Begi haien beldur nintzen. Niri begira ikusten nituen bakoitzean nireak beste leku batera bideratzen nituen, nahitaez. Goiz batean konturatu nintzen ikara horren atzean tristura baino ez zegoela…

Orduan jakin nuen zer esan nahi zuten.

Ispiluan islatzen den neska hori neure desio eta amets berak izan zituen egunen batean; baina, ez dakit zergatik, noizbait itxaropena galdu zuen. Ispilu atzean gatibu geratu zen, hegan egin ezinik.

Orain ulertzen dut begi haiek neu beldurtzea ez zutela helburu, neu ohartaraztea baizik; neure ametsen mundutik esnatzea, berari gertatu zitzaiona ikus nezan.

Begi tristura horren jabe ez dut izan nahi. Ez dut nire porroten gatibu izan nahi.

Ezin dizkiot neska hari eskerrak eman, ezin bainau entzun. Hala ere, badakit zer egin. Egunero ispilu aurrean barrez agertzen banaiz eta, nahiz eta lurrera erori, berriro altxatzen banaiz, agian bere gatibutasunetik askatu ahal izango dut.

Bere ordez hegan egingo dut nik.HASIERA

Page 28: Beste gu

Nire beste ni aurkitzea zaila da. Batzuetan berarekin topo egiten dut, oso gutxitan, alegia. Nigandik urrun dago, ozeanoaz bestaldean dauka bizilekua, baina denbora luzea ematen du handik harako bidaietan: Los Angelesen egon daiteke eta bertatik 5 ordutara Tokyoko erdigunean bertan agertu.

Gaztea zela, ingenieritza ikasi zuen, hala ere, bestelako ogibidea gustuko zuela erabaki zuen, orain dela denbora dezente. Proiektuz proiektu ibiltzen da egunero eta gustuko duen esparruan aurkitu du bere ogibidea. Oso zoriontsua da, beti egin nahi izan duena egitea lortu du: bidaiatzea! Oso irudimentsua da, eta ikuskizunaren eta itxuraren munduaren profesional petoa. Oscar bat eta guzti irabazi du dagoeneko.

HASIERA

Page 29: Beste gu

Nire beste nortasuna etengabean azaleratzen da, baina ni naiz nabaritzen duen bakarra. Klasean nagoen bakoitzean, batez ere arbelako ariketei erreparatzen diedan mementoetan, neure burua beste mundu batera traspasatzen da eta mundu horretako ikusmena bereganatzen dut. Gustuko dut mundu hau: orain arbela ez dago klarionez beteta, nik esango nuke odol tantak direla goitik behera lasterketak eginez. Usain gozoko eta kolore biziko odol hori leku batetik dator, ez da bat-batean sortzen (horixe da onena). Arbelaren goiko aldean hiru gorputz daude; izan ere, gorputz esan beharrean gorpuak direla esango nuke. Hala ere, nik ikusten dudana alde horretan arte-lan liluragarria da. Gorpuak, inoiz ikusi dudan baino desitxuratuago daude, lan artistiko bat izan bezalaxe. Baina justo alde onena (gorpuak nortzuk diren) jakitera nindoala, mundu aspergarrira bueltatu nintzen nire ohiko nortasunak bultzatua. Irrikitan nago oraindik.

HASIERA